2016-10-26
"Amonek" aspertu egiten naute...
Amonek
Esan dezadan zehatzago: bertsotan, ipuinetan, literaturan, antzerkian, zineman… azaldu ohi diren amona onbera, adeitsu, kezkati, bihotz oneko, arduratsu, samur, dotore, eskuzabal, leial, ezti, maitagarri, paziente, ulerkor, (besterentzat) zoragarri horiek aspertu egiten naute. Izan ere, horrelakoxeak baitira (eta horrelakoak bakarrik) urte luzetan marraztu ditugun amonak. Asko jota, petral, hitzontzi edo sudurluze bezalako adjektiboak gehituko zitzaizkien, baina hori ez da gaurko aztergaia.
Gaur, besterentzat bizi diren amona gisa marrazten ditugunez hitz egin nahi dut. Gaiaren muinean izate propioa duen pertsonaia bat aukeratu eta ondoan “amonarena egiten” jartzen ditugun horiez. “Zu, Saioa, 15 urteko neska zara. Gaur ere, zu baino helduagoa den norbaitekin ezkaratzean sartzen ikusi zaitu amonak. Handik ordu erdira, ate ondoan zain topatu duzu”.
Amonak, ez dira amonak. Amona hitza, asko jota, pertsonaren ezaugarri bat gehiago gisa erabili behar genuke. Amonak pertsonak dira, bizi-ibilbide propioa dutenak, beren haurtzaro, gaztaro, helduaro eta zahartzaro gorabeheratsuak (izan) dituztenak, beren borroka, frustrazio, plazer, adiskide, seme-alaba, lankide, maitale, nagusi eta abarrak lagun. Baina, askotan, gaian “amona” jartzen dugunean, deuseztatu egiten dizkiegu seguruenera beren erraietan sentituko dituzten ezaugarri horiek guztiak, eta inkontzientean oraindik ere hainbesteko pisua duten amona arretatsu eta besteren meneko horiek agerrarazten ditugu oholtzan, besteak beste, segundo gutxitan erabakiak hartu eta hiruzpalau bertsotan dena egin behar delako: pertsonaia aurkeztu, istorioa garatu eta bertsoaldia borobildu. Hori guztia, entzulearekiko komunikazioan eten larririk eragin gabe.
Hiru urrats horietako lehena aurrez dakioke bertsolariari, gaiarekin batera amonari adjektibo bat edo beste gehituz gero: “Zu, Maddi, amona ganorabakoa zara. Gaur, zure bost urteko biloba utzi dute zure kargu”. Edo amona sumindua, berekoia, baldarra, xelebrea, zalapartaria, hotza, harroa, oldarkorra, gogorra, alaia, axolagabea, askea, bekaiztia, eroa, diruzalea, lagunartekoa, umoretsua, zorrotza… Edo zaletasunak (egunkari-irakurle sutsua, korrikalaria, margolaria…) edo ofizioren bat (politikaria, tabernaria, kimikaria…) adierazita.
Amona horiek ez lirateke aspergarriak, besteak beste, apenas atera ditugulako gaur arte oholtzara. Eta, horretaz gain, benetakoagoak liratekeelako.
Uste dut zorretan gaudela amonekin. Fikzioa errealitateari egokitzeko garaian gaudela. Eta bilobarik ondoan ez badute, aski genuke gaian “adineko pertsona” deitzearekin. “Amona” esanda, bihotz oneko emakume samur dotore bat etor ez dakigun burura, ez bertsolarioi, ez entzuleei.