Off the record
Off the record –
Lazkao Txikik polizia kontrol batean izandako pasadizo ezagunak eman zidan bertsolariaren definiziorik onena: zer kantatu behar duten jakin gabe jende aurrean kantatzera doazen pertsonak zirela ikasi nuen.
Erreportaje asko egin nituen, urteetan, Joxean Agirreren aginduetara. Pista ematen zidan, eta agindu zehatzik ez; ematen zidanean ere, ez nion oso ongi ulertzen, baina bai sumatzen zer nahi zuen. Nik uste, nire gisan, bertsoak, berez, ez zitzaizkiola gehiegi interesatzen, baina bai bertsolariak, kasik fenomeno antropologiko gisan. Gauza bat aitortu behar baitut, inoiz inori esan ez diodana (luzea da Euskal Herrian esan ezin litekeen gauzen zerrenda), orain lanposturik jokoan ez dudala: bertsoak ez zaizkit zipitzik ere gustatzen. Baina zer pertsonaje bertsolari zenbait!
Nola ahaztu Bautista eta Xalbador Madariaga bertsolariak, Arantzako elkartean egon ondoren, eta nirekin zetorren argazkilaria (Conny Beyreuther) txit ederra zela ikusirik begiradarik bihurrienarekin esan zidatenak: ´Azpeitian bizi zara? Eta bera Hernanin? Ez, ez, hori ez da panorama! Zuk egin behar duzuna da neskatxa Azpeitira eraman, festa ederra izanen duzu gau osoan!´. Aholkuak ez zuen, tamalez, lankide alemaniarra hunkitu.
Haietako asko hilik daude dagoeneko. Basilio Pujana Bilboko bere etxean ezagutu nuen, adinean oso aurrera ordurako, bi liburu eman zizkidan opari. Joxe Lizaso, ´Lizaso zaharra´ esaten geniona Sebastian semearengandik bereizteko. Bertsotan terremotoa, hizketan gozoa, parrandara joateko esan zidan, zaharren kontuak utzita. Jesus Alberdi ´Egileor´ Elosuko bere bordan elkarrizketatu nuen udazkeneko egun epel batez, kezkatuta zegoen mendian kortesia arauak agortu zirelako: mendizale berriek jada ez zuten ezezagunik agurtzen parean pasata, nolabait denona zen espazioa kirol esparru huts bilakatu izana deitoratuz.
Manuel Lasarteren aurrean txundituta egon nintzen, EGAko ahozko proban zelako cum laudea aterako zuen imajinatuz, ahozkoan sintaxia hobeto erabiltzen duenik ez dudalako ezagutu inoiz. Zer lotura, zer komunztadura haren berbetan! Orioko Loretxo tabernan bazkaltzen zuen egunero, eta hiru ordu laurden generamatzala berak amaitu zuen elkarrizketa, Hauxe da guztia! esanez, politikoek prentsaurreko larrietan galdera gehiago ez onartzeko egiten duten moduan. Esaldi bat geratu zitzaidan gomutan: Ni inoiz ez nintzen txapelketara aurkeztu, baina txapeldunarekin kantatu nuen beti! Esan nion Connyri, Amurizaren erlatibozko esaldiekiko proposamenak kontuan hartuz: Ezagutu duzu gizon bat, hiltzen denean haren albistea egunkari guztietako lehen orrian etorriko dena. Hala izan zen gutxira.
Baina bizirik darraite beste bertsolari apetatsu askoak kazetari batentzat. Jon Lopategi eta Jon Azpillaga, adibidez. Muxikan eta Mutrikun egon nintzen haiekin, baina biek gogoan zuten argitaratu behar ez nuen pasadizoa. Bertso saio batean zirela, esaten dio Jon batek besteari ezkerrera seinalatuz: Ikusten al duk neska pare hori? Eta erantzuten dio Jon batek besteari, eskuinera seinalatuz: Eta hik ikusten al duk beste neska pare hori? Amigo! Egonak ziren, nonbait, nola pare batekin hala bestearekin herri ezberdinetan, eta laurak agertu saiora jokaldia errepikatzeko asmoz. Orgiak ez zeuden modan Euskal Herri kristau hartan, eta saioa bukatu orduko azkar autora igo eta ihes egin omen zuten.
Imanol Lazkanorekin hunkitzeko goiza eman nuen, heriotzatik oso justuan libratu zuen ebakuntza egin berri samarretan, eta bizitzaz zerbait gehiago ikasi nuelakoan nago. Eta gizakion konplexutasunaz, batez ere Lazkao Txikik Bilbon egin zizkion negarrak kontatu zizkidanean, jendeak egiten zizkion barre haiek iseka ote ziren susmoa hartua baitzegoen, zinez inork maitatu ez zuelako susmoa baino ez zena.
Nola ahaztu Loidisaletxetarren baserrira bisita, Errezilen, bertsolaria zen han pertsonarik umilena eta zozoena. Zelako jardun ederra, txinpartatsua haien amak, Antonio Maria aitaren alargunak, eta osaba mutilzaharrak, nire ustez Prantxisko deituak! 12 edo 16 orduko Santa Eskeen kronikak kontatu zizkidaten, elurte handien garaian Antonio Mariak egindako ibilera latzak, Tolosatik edo Azpeititik oinez etxera iristeko.
Sebastian Lizasori hizketan ulertzea lortu nuen; Andoni Egañari titularra atera nion 33 urte zituelarik, 40tik aurrera ez zuela bere burua bertsotan ikusten; Mañukortak popatik hartzera bidali ninduen Joxeanen ideia kimeriko hura adierazi nionean, egun osoa elkarrekin pasatzeko, ´Zu nire atzetik polizia bat bezala? Ezta pentsatu ere!´ esanez, ordurako bai bainekien Landetan afaltzen zuela askotan, gero Larreko baserrian ostatu hartzeko.
Jose Mari Aranalde sukaldeko sua piztuta aurkitu nuen, gainean ontzirik gabe; ahaztua ote zitzaion seinalatu nionean sukaldea berotzeko zeukala adierazi zidan. Laster hil zen; hotza da, nonbait, heriotzaren iragarle. Oteiza ezagutu nuen Bertsolari aldizkariari esker, eta barrez eman nituen lau ordu bere etxean. A zer mesedea nire osasunarentzat!
Gazterik ez dut aipatu; ez zuten, oro har, lilura berezirik niretzat. Denboraren legea jarraituz, suposatzen dut zahartzen doazen heinean kazetari gazteentzat izanen dutela lilurarik, eta hauek egin ahalko dutela antropologia berri bat Euskal Herria eta mundu zibilizatuaren erdia txunditurik daukan kuadrilla honen sekretuak ikertuz.