Euzkitze, bertsotan jendaurrean lehen aldiz semearekin
bertsotan jendaurrean lehen aldiz semearekin
Joan den ostiralean egin zuten Xabier Euzkitzek eta haren seme Anerrek bien arteko lehen bertso saioa plazan (bideoan, biak kantari orduan). Zarautzen izan zen, arratsaldez, Modelo aretoan, Eskolarteko Bertsolari Txapelketako saio didaktikoan. 13 urte dauzka Anerrek, eta ostiralekoa jendaurreko hirugarren saioa zuen. Biekin Aitor Urbieta zarauztarra aritu zen. “Oso saio laburra izan zen: agur bana, ofiziotan denek denekin eta puntutan bukatu. Baina hor geratuko da, oroimenean iltzatuta”, dio Xabier Euzkitzek (Azpeitia, 1966).
Hark kontatzen duenez, Aner semeak txikitatik izan du bertso “zaletasun izugarria”. “Bertso zahar asko dakizki. Oinarri ona dauka”. Zarauzko Etxebeltz bertso eskolara joaten da eta hango Lizardi ikastetxean ere lantzen dute bertsolaritza. Idatziz sari sorta bat irabazia du; Eskolarteko Txapelketa batekoa, tartean.
“Txikitatik askotan esan diote ‘zuen aitak bai bertsotan!’, eta beti izan du ni plazaz plaza ezagutu ez izanaren pena. Duela zortzi-hamar hilabete esan zidan: ‘Nik bueltatu araziko haut plazetara!‘. Grazia egin zidan, baina lortu du lehenengoa egitea”.
Xabier Euzkitze 1998ko abenduan erretiratu zen bertso plazetatik (bukaera-bukaeran dago haren azken bertsoa). Dena dela, urtean behin behintzat, kantatzen du jendearen aurrean. Zumaian izaten da hori, San Miguel egunez (irailak 29), Artadi auzoan. Azkeneko bi urteetan kale egin du, lan kontuak zirela medio. Horrez gain, “oso saio berezi eta bakanetan” aritu izan da bertsotan publikoki.