Martxoa. Inauterietako bestondoak gainetik kendu berri ditugun honetan hilabete ederra dugu aitzinetik; arratsaldeko argi orduak luzatzea ekarriko duen ordu-aldaketa, giro goxoa eta udaren atari den udaberriaren etorrera, abenduan hasi ziren Eskuz binakako pilota txapelketako finalak,… Aste-santuko opor-egun zaleek aurten apirila arte esperatu beharko dute baina tira,… pazientzia.
Martxoa –
Martxoa, bertze modu batera gorriz markaturik izanen dutenak seguru aski Hernani eta Astigarragako herri-guneko bizilagunak izanen dira. Txotx denboraldia urtarrilean abiatu zen arren, martxoko aste hondarrak , aste hondar mugituak izaten dira bai Hernanin, bai Astigarragan ere. Mugituak hitza erabili dut baina agian kaotikoak hitza ere erabili nezakeen. Jendetza biltzen da batez ere larunbatetan, bazkalondoan bi herrigunetan, horrek dakartzan ondorio positibo zein negatiboekin. Tamalez, negatibo gehienak herrian gelditzen dira; herria hankaz goiti, garraio falta, zenbait panorama bertatik bertara bizi beharra,… ez dira guti herritarrek hilabete hauetan jasan behar izaten dituztenak.

Gure Zirkuko kideek lehen kupela zabaldu aitzinetik, bi udalek, sagardotegietako jabeek babesturik herriak zaintzeko kanpaina aurkeztu zuten. Mezua, zuzena eta garbia: Gure etxean zaude, ZAINDU.
Aitortzen dut; ni ere larunbata hauetakoren batean Hernani edo Astigarraga inbadituko dutenen artean egonen naiz. Baina lasai, nire aldetik zuen etxea zaintzen saiatuko naiz. Ez dakit Hernani edo Astigarragara joanen garen bazkalondoan. Koadrilan, lehen,bazkal ondotik Hernanira joan ohi ginen beti. Orain, badakizue… gure adinekoak Astigarragan omen daudela, Hernanin umedade gehiegi,… batzuk Astigarragara joatearen aldekoak dira. Bertze batzuk oraindik arima gazte dugula (eta zergatik ez, nostalgiko hutsak garela) eta nahiago dugu, jada ezaguna dugun tokian, izpirituz ez ezik adinez ere gazteagoak direnen artean murgildu. Aurten nora joanen garen? Ideiarik ez. Baina tokia zainduko dugula, hori dudarik ez egin.
Aurten, eta azken urteetan ere hala izan da, aste hondarreko parranda-giroko sagardotegi bakarra eginen dut.Eta bertzela ere, urteko parranda kopurua esku bakarrarekin kontatzeko moduan nago jada.
Bada, aunitzetan urtarrila inguruan aditu behar izan dudan galdera bat: “aizu, orain Txotx denboraldia zabaldu berri dela eta orain alde batetik bertzera ibiliko zarete saioz saio ez? Orain izanen duzue sasoirik lanpetuena ez? Ez dakit bertze inori halakorik gertatu izan zaion.
Beti arreta deitu izan dit galdera horrek. Horrelakoetan ezetz erantzutera mugatzen naiz. Nire kasuan tamalez sasoi “lanpeturik” jada ez dudala erantzun beharko nioke baina, negar egiteko gogo guti!
Ez dut ukatuko bere garaian sagardotegiak bertsolarien sehaska izan zirenik baina, zorionez edo zoritxarrez garaiak aldatu dira.
Bertsolariak sagardotegiz sagardotegi saioak egiten ibiltzen garenaren uste hori nondik ote datorren pentsatzen hasi eta arrazoi posible bakarra topatzen dut.
Nik uste, aunitzek hala pentsatzearen kulpa Txirritaren marrazki bizidunek dutela. Juanba Berasategik bertsolariei buruz egindako marrazkien trilogia itxi zuten 52 atalez osaturiko Txirrita marrazkiek.. Hiru bertsolari handiri buruzko marrazkiak ekoitzi zituen pasaitarrak 90. hamarkadan. Fernando Amezketarra, Lazkao Txiki eta aipatu berri dudan Txirrita. ETB arduratu zen haiek gure etxeko pantailara ekartzeaz.
Txirritaren kasuan, ohikoa den gisan, sagardotegia hagitz presente zegoen kontakizunean. Behin eta berriz ikusten genuen kupela gibelean zuela Joxe Manuel eserita ageri den irudia. Eta noski, isilik, hagitz gutitan! Seguraski, ETBk programa eta telesailak errepikatzeko duen joerak egin izanen zuen gainerako guztia.
Nik uste horri zor zaiola, orain inguruko batzuk bertsolariak sagardotegiz sagardotegi saioak egiten ibiltzen garenaren ustea.
Egia erran, arrazoia hori bada, bada pozteko motiborik. Ingurukoek euskal ekoizpenak kontsumitzen zituztenaren seinale. Orain, panorama nola dagoen ikusita zorionekoak izan ginen Euskal Telebistan, Euskal Herrian ekoitzitako euskarazko lanak kontsumitzeko aukera izan genuenok.
Juanba Berasategik egindako lan eskergaren ondotik, izan da gerora ere Bertsolaritza pantaila txikira ez ezik handira ere eraman duenik; Asier Altunaren Bertsolari dokumentala edo orain aretoz areto estreinatzen ari den Patxi Biskerten Onbuaren itzala, adibidez.
Azken honi dagokionez, ez zuen atzo hasi Patxik, Pedro Mari Otañoren bizitza pantailara eraman ahal izateko Crowdfunding kanpaina (horrela idazten da,ez?). Sosa bildu eta grabaketa lanetan aritu da azken urteetan. Orain, erran bezala, bere herritarra omentzeko mimoz prestaturiko lana aurkezten dabil harat eta honat. Martxoari begira, Gares, Amorebieta, Arribe, Zirauki, Zumarraga, Orozko..herri dexente ageri dira emanaldien agendan. Beraz, argi dago hau ere jende aunitzengana ailegatuko dela.
Otañok hiru bidai egin zituen Argentinara. Azkenekoan bertan gelditu zen, bere onbu laztanaren gerizpean. Nork daki, filma ikusi eta, Txirritarenean gertatu bezala, agian ikusleen artean sortuko da denak berdin ibiltzen garenaren usterik eta ondorioz pentsatuko duenik: Bertsolari hauek zenbat bidaiatzen duten!
Bada, bertsoa aitzaki Estatu Batuetaraino ailegatu izan denik, baina ez da nire kasua. Ni ,nire xumean, Madrileraino ailegatu naiz. Aldizkari honetako bertze kolaboratzaile batekin gainera! Baina kontu horiek bertze baterako utziko ditugu, ez Unai?
Tira, gaur ilargiraino ez baina uste dut Argentinaraino eta buelta luzatu naizela.Aitzineko idatzian, testuei amaiera topatzen kosta ohi zaidala aitortu nuen…ez dakit oroituko zareten. Orain sinesten didazue ez? Ba, horixe!Hurrengo arte!