Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2025-02-28

Kolpea

 

Kolpea –

Profesionalen binakako pilota txapelketan, diferentzia atzelariek markatzen dute. Atzelarien joak. Tartean badira kirolari saiatuak ere, lanaren poderioz gutxi galdu, aurrelariari lagundu eta kantxan lekua ongi hartzen dutenak. Gazte mailetan beso bizia izan arren pilota asko behera bota eta posturak menperatzen ez dituenak, baliteke denborarekin segurtasuna irabaztea. Jokoa findu, egokitasuna landu. Aldiz, gerria bikain sartu arren indarrez juxtu dabilenak, adinean aurrera joan ahala, gero eta nekezago bidaliko du pilora errebotera, eta azkenean kristalezko sabaiaren kontra hartuko du kaskarrekoa.

Gure hitzaren kirol honetan, ebidentziek erakutsi digute berezkoarekin bakarrik jai dagoela. Ofizio hau ere ikasi eta jorratu egin behar dela. Ordea, irudipena izaten dut ateraldietarako eta originaltasunerako joera duenak potentzial izugarria duela, baldin eta teknika fintzen asmatzen badu. Kontrara, erregulartasuna eta zuzen aritzea oinarri dituenak, ibilbide mugatuagoa izango du. Alegia, errazagoa dela harribitxi leunduak distira egitea, moldeko hormigoi enkofratuak baino.

Zenbait ikerketek iradokitzen dute, futbolariek baloia buruz jotzerakoan hartzen dituzten kolpeek, osasun arazoak eragin diezazkietela: Memoria galerak, Alzheimerra eta Parkinsona garatzeko arriskua areagotzea…umoregile baten arabera, baliteke ogibide honetako jendeak ogasunarekin eta justiziarekin dituen gorabeherek, jatorria takateko hauetan izatea.

Ringaren gainean, boxeolari bati jotzaile deritzo borrokaldi asko K.O. bidez irabazten baldin baditu. Noizik eta behin jo, baina asmatzen duenean handia ematen duenari. Diziplina honetan, pisu astunetako errege kentuckyarrak zion, bera tximeleten gisan ibiltzen zela airean, eta erleak bezala ziztatzen zuela eztena.

Akaso gure berezkoa bestelakoa da: “jo egin dit”. “Ez, jo egin nau”. “Jo ez da egiten”. “Bera hasi da”.

Definizioz kolpea zenbait gorputzen arteko energia zinetikoaren transferentziarako elkarrekintza da. Bortxazkoa eta denbora tarte laburra hartzen duena. Matematikako buruketetan eta borroken kontakizunetan, talkak idealizatu egiten dira. Hau da, kontaktuaren ondoriozko bero sorrera ekuaziotik kanpo uzten da. Askotan esaten da, aurrena ematen duenak bi ematen dituela. Termino fisikoetan baina, energiaren kontserbazio legearen arabera, kolpe bat ematen duenak, neurri bereko erreakzio indarra jasotzen du bueltan. Magnitude baliokidez, norabide berean, eta kontrako norantzan. Esan nahi baita, ematen duenari bueltan hartzea tokatuko zaiola, baita aurrenari ere.

Edonori galdetzen badiogu zein den burura datorkion lehenengo erreminta, hamarretik bederatzik mailua erantzuten du. Hala ere, orain zenbaitek dio bertsotan kolpea ez dela ezinbestekoa. Esanen dute hori bertsoa eztela. Baina nik esanen diet poesia mailu bat dela. Esanen diet, sartuko ote luketen mailuarekin iltzea, kolperik eman gabe.

Kolpea
Arg: Grieslightnin
Kolpea