Oraindik ez dira ase bertsolaritza eta literatura dastatzeaz

Oraindik ez dira ase bertsolaritza eta literatura dastatzeaz –

Txintxarri hedabidetik.


Lasarte-Oriako Irakurle Txokoko lagunek duela hamar urte antolatu zuten aurrenekoz bertsoa eta literatura uztartuko zituen saioa, otordu eta guzti. Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Igor Elortza aritu ziren orduko horretan, Harkaitz Cano idazleak jarritako gaiei neurria eta errima jartzen. Denboraren makina izan zen estreinako hitzordurako hautatu zuten gaia. Tramankulu horretan sartu eta hamarkada horretako bertso saio literarioak errepasatu ditu TXINTXARRI-k, urtez urte.

Oraindik ez dira ase bertsolaritza eta literatura dastatzeaz
Lehen alditik sekulako arrakasta izan dute bertso saio literarioek; herritarrek lepo bete izan dute beti Xirimiri elkartea.

 

2015

Irakurle txokoa herrian ezagunago egin eta ekimena diruz laguntzeko asmoz, talde horretako kideek estreinakoz aurrera eraman zuten bertso afari literario bat, Xirimiri elkartean. Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Igor Elortza aritu ziren bertsotan; Harkaitz Cano idazleak jarri zizkien gaiak eta Denboraren makina izan zen saioaren ardatza. Benetan arrakastatsua izan zen lehen aldi hori, aurreikusitako 70 sarrerak salduta.

2016

Aurreneko bertso afariak izandako erantzunak hauspotuta, bigarrena aurrera eraman zuten irakurle txokokoek, aldaketa batzuekin. Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga (aurtengoan berak jarriko ditu gaiak) aritu ziren bertsotan eta taldearen orduko dinamizatzaile zen Danele Sarriugarte idazleak jarri zizkien gaiak, ikasturte horretan landu zituzten liburuetan oinarrituta: lan horietako zenbait pertsonaien paperean jarri behar izan zuten bertsolariek.

2017

Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan hirugarren aldian, Eider Rodriguez idazleak jarritako gaien bueltan. Xirimirira bertaratu zirenek jan eta edan zutenaz gain, menuaren osagai nagusia umorea izan zen; etenik gabekoak izan ziren barre algarak eta ikus-entzuleen txalo zaparradak.

2018

Bertsoen eta literaturaren esentzien poteak ireki eta fragantziak atera zituzten kanpora: geratu ziren herritarren jantzietan eta baita buruetan nahiz bihotzetan ere. Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabal aritu ziren bertsotan; gaiak jartzen, berriz, Lander Garro idazlea aritu zen.

2019

Beste mundu bateko bertso afari literarioa izan zen hurrengo urtekoa, Oier Guillan gai jartzailea medium baten paperean sartu eta hankaz gora jarri baitzituen bertsolariak (Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio) nahiz ikus-entzuleak.

2020

“Errezitaldi bertsolatua edo bertso saio estrofatua”. Hala definitu zuen Iñigo Astiz idazleak gaiak jartzeko hitza lehenengoz hartzean gertatuko zena. Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio aritu ziren ordukoan ere bertsotan, Xirimiri lepo bete zuten ehun lagunen aurrean.

2022

Pandemiak eragindako hutsunearen ostean, otorduari izan ezik, gainerakoan betikoari eutsi zioten: Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio bertsolariak Miren Agur Meabe idazlearen gaiekin jardun ziren. Historia, Antropologia eta Mitologia bezalako jakintza alorretan ardaztu zuten saioa; ikasgai oro har beldurgarriak izanagatik, herri baten ezinbesteko osagaiak dira hiruak ere.

2023

Gau edo egun, gozamen iturri izan ohi da beti bertso saio literarioa. Galde diezaietela 2023ko otsailaren 11n Xirimirin bildu zirenei, ziur oraindik oroitzen direla. Iban Urizar musikariak lagunduta eta meza berezi bat gidatu ondoren, Uxue Alberdik bertsotarako gaiak jarri zizkien Ane Labakari eta Alaia Martini. Idazleen hitza irakurleen fede bilakatu zuten orduko horretan.

2024

Negu amaieran loratzen dira mimosak eta garai horretan antolatu ohi du irakurle txokoak bertso saio literarioa. Batzuetan bazkaria, beste batzuetan afaria; beti, hitzordu gustagarria. Jada klasiko bihurtu den hirukotea jardun zen bertsotan: Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio. Aintzane Usandizaga herritarrak (berak dinamizatzen du irakurleen taldea gaur egun) debuta egin zuen gaiak jartzen eta emaitza pasartez, bertsoz eta umorez betetako bi orduko egonaldia izan zen.

2025

Hilaren 22an aurrera eramango dute hamargarren bertso saio literarioa, ohi bezala, Xirimiri elkartean, 14:00etatik aurrera. Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio bertsolariak lanean jarriko ditu gai jartzaile gisa jardungo den Unai Iturriagak; aurretik, bapo bazkalduko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute salgai zeuden sarrera guztiak agortuta daudela. Bertsolaritza eta literatura dastatzeaz ez dira oraindik ase.

Oraindik ez dira ase bertsolaritza eta literatura dastatzeaz  Oraindik ez dira ase bertsolaritza eta literatura dastatzeaz  Oraindik ez dira ase bertsolaritza eta literatura dastatzeaz