Sormenean oparo, baldintzetan eskas
Euskal sortzaileen lan baldintza «prekarioei» buruzko inkesta kaleratu du Lanarteak. Dituzten zailtasunez aritu dira BERRIArekin Josune Velez de Mendizabal aktorea, Patxi Zubizarreta idazlea, Areta Senosiain musikaria eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria.
Sormenean oparo baldintzetan eskas –
Edurne Begiristainek, BERRIAn.
Zurian beltz jarri dute jakina zena: «prekaritateak» bizi ditu euskaraz eta euskaratik kultura egiten duten sortzaileak. Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak egin du ohartarazpena, sektorean ondutako inkesta zabalaren datuak argitara emanez —254 lagunek erantzun zioten galdetegiari—. Eta datuek bistan uzten dute artistek egun duten errealitateak gehiago duela ilunetik argitik baino. Horra datu esanguratsu bat: inkestari erantzun zioten artisten %40k beren jarduera artistikoa eta jarduera horren ondoriozko lanak dituzte irabazi iturri bakar edo nagusi, eta erdiei beren diru sarreren erdiak edo gutxiago datozkie jarduera artistikotik eta jardueron ondorioz sortutako lanetatik. Eta beste bat: hizkuntza hautuari begira, euskaraz soilik sortu zuten artisten irabazi garbia, batez beste, 4.717 euro izan ziren iaz; euskaraz eta erdaraz sortu zutenen irabazi garbia, berriz, 9.672 euro batez beste.
Euskara lan tresna duten diziplina ezberdinetako lau sortzaile hizketan jarri ditu BERRIAk: Josune Velez de Mendizabal aktorea, Patxi Zubizarreta idazlea, Areta Senosiain musikaria eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria. Euskal sortzaileen egonkortasunik eza, ordainsari apalak eta babes eskasa hartu dituzte ahotan.
![Sormenean oparo baldintzetan eskas Sormenean oparo baldintzetan eskas](https://www.bertsolari.eus/wp-content/uploads/2025/02/benat-gaztelumendi.jpeg)
«Merkatu logikaren barruan oso zaila da sortzaile batek ibilbide luzea egitea eta urte askoan irautea»
«Nik espresatzeko eta mundua esplikatzeko daukadan modua bertsotan da, eta pentsatu ere bertsotan egiten dut ondoen. Eta, une honetan, bertsolaritza dut bizibide, ofizio eta ogibide». Beñat Gaztelumendi bertsolariak (Donostia,1987) «pribilegiatutzat» dauka bere burua, bertsoei nahi adina denbora eskaintzen dielako eta bertsolaritzatik bizi ahal delako, nahiz eta beste esparru batzuetan aldiro egiten dituen kolaborazioak ere ezinbestekoak dituen dirua irabazteko. Hala ere, oinak lurrean ditu: «Pentsatzen dut nahiko gauza iragankorra izango dela, eta ez dut uste aukera izango dudanik bizitza guztian bertsolaritzari orain adina denbora eskaintzeko».
Gaztelumendi oso gazte zela hasi zen bertsotan, eta bide oparoa egina du bertsolaritzan: eskolartekoetan eta gazte sariketetan sari asko irabazitakoa, hirutan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista, bitan Gipuzkoako txapelduna, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide izandakoa da, besteak beste. Gaur egun, autonomo gisa aritzen da. Lanku kultur zerbitzuaren bitartez lan egiten du, hainbat bertsolariren gisara. Bertsolaritza modu erregular eta duin batean garatu zedin, plaza antolatzaileei eta bertsolariei zerbitzua emateko helburuarekin sortu zen Lanku, 2003an: oinarrizko azpiegitura eta aholkularitza eskaintzen dizkie antolatzaileei, eta bertsolarien kontratazioak erregularizatzen ditu.
Gaztelumendiren hitzetan, Lankuri esker lortu dute bertso saioetan bertsolariek legalki babestuta egotea. «Udal bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta, denek ez dutenez modu berean fakturatzen, arazoak egoten dira maiz. Bertsolariok gure kabuz aritu beharko bagenu fakturatzen, eromen handia izango litzateke, eta, alde horretatik, Lankuk laguntza ematen digu», esplikatu du.
Izan ere, bertsolari guztiak ez daude egoera berean: batzuk autonomoak dira, beste batzuei eguneko alta eta baja egiten zaie gizarte segurantzan, batzuek bertsogintza eta beste sorkuntza lanak konbinatuz ateratzen dute bizimodua, eta beste batzuek, bertsogintza eta haren bueltako beste lanak konbinatuta. «Prekaritatea? Beti iruditu zait nahiko hitz arriskutsua, gauza asko kabitzen direlako barruan, eta denek ez digutelako guri eragiten», zehaztu du Gaztelumendik. Eta, jarraian, erantsi: «Baina egia da bertsolaritza jardun prekarioa dela, ekonomikoki batez ere, datuek erakusten baitute zeintzuk diren gure batez besteko soldatak eta irabaziak».
«Gu eskuak patrikan iristen gara saio bakoitzera, pentsatuta megafonia bat egongo dela, antolatzaile batek harrera egingo digula… baina ez da beti hala izaten»
BEÑAT GAZTELUMENDI
Bertsolaria
Bertsolaritza jardunak dituen ezaugarri bereziengatik, bertsotan aritzen direnen baldintza ekonomikoak faktore askoren menpe egoten dira, eta ez da beti erraza izaten «baldintza duinak» exijitzea. Gaztelumendi: «Askotan herri mugimenduek antolatzen dituzte gure saioak, eta zaila izaten da prekario den norbaiti baldintza duinak eskatzea». Haren ustez, gainera, diru ikuspegitik harago zabaldu beharko litzateke prekaritatearen definizioa, eta saioen azpiegiturekin lotutako baldintzak jarri ditu adibide: «Gu eskuak patrikan iristen gara saio bakoitzera, pentsatuta megafonia bat egongo dela, antolatzaile batek harrera egingo digula… baina ez da beti hala izaten. Batzuetan, kosta egiten da ulertzea, adibidez, saio bakoitzean monitore bat beharrezkoa dela gai jartzaileak esaten duena entzun ahal izateko, edo elkarri entzun ahal izateko».
Euskal sortzaileen —eta zehazki bertsolarien— egonkortasun eta baldintza duinen inguruan azken gogoeta bat ere mahaigaineratu nahi izan du Gaztelumendik: «Gu merkatu logika baten barruan gaude, elkarrekin lehian, hala nahi ez dugun arren, eta logika horretan oso zaila da sortzaile batek ibilbide luzea egin ahal izatea eta urte askoan iraun ahal izatea. Uste dut kulturari beste leku bat eman nahi badiogu, eta euskal kulturari aitortzen badiogu hizkuntzaren bueltan baduela funtzio bat, agian beste logika batzuetan pentsatzen hasi beharko genukeela».