Asier Azpiroz
Asier Azpiroz

2025-01-22

Hasierako agurrak txapelketan

Egunerokoan, agurra izan liteke kortesiazko kaixoegunon soila. Kortesiazkoa baina beharrezkoa.

 

Hasierako agurrak txapelketan –

Hasierako agurrak txapelketan
Arg: Kronika

Konturatua nago bertsolari txapelketen bueltan, kortesiazko keinu izateari aspalditxo utzi ziola. Finaleko handitasunetik kanpo, txapelketen sailkapen faseetan eta hasierako faseetan ere, agurren izaera erabat aldatu dela esango nuke.

Bitxia da baina aldaketa honetaz ez naiz jabetu estilo bat erabat egonkortu den arte. Estilo hori zehaztea ez da erraza baina plazan inola ere kantatuko ez genituzkeen agurrak kantatzen ditugu txapelketan, leku eta toki jakin horretatik deskontestualizatuta eta entzulearen kontzientzietan kukutxoa egin nahian.

Egonkortutako aldaketa honetaz jabetu ez den inozoaren zenbait desgaraiko galdera: Noiz desagertu dira lau puntuko agurrak? Noiz utzi diogu egunari, lekuari eta situazio konkretu bati propio egindako agurrak botatzeari? Noiz hasi gara kaixo esan aurretik eta lehen puntutik erreferente ideologikoak baikina bezala kantatzen? Noiz ahaztu dugu pareko entzulea eta noiz hasi gara Euskal Herriari kantari?

Nire iritzia ez da lehengoa ona eta gaurkoa txarra. Ez. Egia esan, ez dakit zehazki zer aldarrikatzen dudan ere. Aldarrikatzekotan aldarrikatuko nuke gure agurra derrigor bakarra-berezia-astintzailea-historikoa-luzea izan behar horri pisua kentzea eta kaixoegunon horren izpiritua erabat ez ahaztea. Bertsoa komunikazioa dela esatea sermoia dela esatea baino eleganteago geratzen da diskurtsiboki, baina batzuetan bigarrenak hobeto definitzen ditu gure zenbait joera.

Esango nuke txapelketako amaierako agurretan diodan izpiritu hori presenteago dagoela. Saioaren gorabeheren inguruan askotan kantatzen da (situazioaz, alegia), mezu pertsonalek eta eskertzek beren lekua hartzen dute (ez diogu Euskal Herriari kantatzen, gertukoei baizik) eta doinuen aukeraketa ere (neurriz eta tonuz) erabat desberdina da. Segur aski ez dugulako etxetik prestatuta ekartzen eta ariketa puntuagarriak bukatzean pentsatzen dugulako.

Hasierako agurrak txapelketan