2024-12-24
Bertsoa.eus zuzenean
Bertsoa.eus zuzenean –
Denbora luzez egon naiz bertsorik entzun gabe. Ez diet jarraipenik egin ez plazaz plazako bertso saioen agendari, ez otordu bueltako saioen menuei, ezta txapelketaren zurrunbiloari ere. Eta egia esan, ez dut bertsoa falta izan dudanik sumatu.
Lehengo igandean, ordea, DARTari itxaronez geunden bitartean (DARTa Irlandako tren zerbitzu publikoaren izena da), Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako buruz-burukoa zuzenean ikusi eta entzun behar genuela okurritu zitzaion nire bidelagunari. Bertsoa.eus zuzenean tekleatu Googlen eta txast! Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi parez-pare, ahotsez-ahots, buruz-buru.
Konektatu ginen momentuan bizkarrez-bizkar zeuden biak, puntukako saioa amaituta aulkietara zihoazen. Zortzi bertso abestu izan balituzte azkeneko hura entzuteko aukera izango genukeen akaso, baina batek jakin. Dena dela, kartzelakorako garaiz iritsi ginen. Puntuan.
Ikerketek diote Euskal Herriarekiko geroz eta atxikimendu txikiagoa dutela herritarrek. (Bizikletan ibiltzen eta bertsotan ez omen da sekula ahazten behin ikasiz gero. Hala bada, nik kontu handiz jarri beharko dut bizikleta gainean hurrengoan.)
Ideiak bildu, tolestu, edertu eta abestu ahala sortzeko bertsolarien moduak liluratu egin ninduen. Aspaldian ez bezala, gainera. Kartela, papela, Labela… Orraztua, lokaztua, ardaztua… Euskal Herria, Ilunbe, apatia, Etb2, hizkuntza… Hura pagotxa, hura! Piztu, hunkitu, urduritu, nostalgiko jarri… Ez naiz sekula trenaren zain egonean hain gutxi aspertu izan!
Larunbatean izan zen hori. Igandean, liluratuta jarraitzen nuen oraindik eta astelehenean, zer esanik ez. Astelehenekoa, ordea, beste mota bateko lilura zen. Beste perspektiba batetik begira ari nintzaion aurreko larunbatekoari, honakoa buruan:
Nork esango zuen duela urte gutxi batzuk, Dublingo tren geltoki batean, atzerapenarekin zetorren tren bati itxaron bitartean, Donostian jokatzen ari ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako buruz burukoa zuzenean ikusten ariko ginenik?