Unai Gaztelumendi
Unai Gaztelumendi

2024-12-23

Plaza

Plaza –

Plaza
Arg: Mondraberri

Ederra zegoen larunbatean Ilunbe. Gezurrik ez dut esango, halakoetan inbidia punttu batekin begiratzen diet kantuan ari direnei. Nire egoak jubilatu arterako adina alimentu bilduko luke han bukaerako agur dotore bat kantatzearekin . Baina konsziente naiz handitxo geratuko litzaidakela. Utzi, utzi. Beste batzuei dagokie han kantatzea.

Eskolarteko txapelketetan nahi duten denek hartzen dute parte. Askotan irakasleek bultza behar. Baina behin nagusi egindakoan ezin nahi den guztietan mikroaren parean jarri eta telefonoaren zain jartzen ginen. Eta hala sumatu izan ditut bertsolari gazte asko. Sariketetan oholtzako aforoa mugatua izaten da eta bertsolari berdintsuak aritzen dira gehienetan. Herrialdeetako txapelketak izaten dira askorentzat plazara ateratzeko aukera bakarra. Hemen, Gipuzkoan, lau urtetik lau urtera. Antolatzeko eta puntan ibiltzeko nahikoa, baina gutxitxo eskaparatera ateratzen lanak dituenarentzat. Eta nekez aterako du emaitza ona txapelketan jende aurrean egonarri pixka bat egina ez daukanak.

Baina elkarrengandik urrun daude bertso eskola eta txapelketako saioa. Iruditzen zait tartean badaudela hamaika plaza modu ezberdin. Lagun arteko saioetatik hasita. Zenbat aldiz geratzen gara isilik 4-5 laguneko afaloste batean gustora kantuan hasiko ginatekenean? Edo zergatik jotzen dugu bertsolari “kontrastatu” bila herriko kopla eskerako bertso eskolan lan hori duin beteko duten eta ingurua ezagutzen dutenak dauzkagunean? Orain gutxi sumatu nuen inguruan gazteen bertso afari bat. Antolatzaileek autoz kilometro batzuk eginda etorriko ziren bi biertsolariri deitu zieten. Ondoko herria Hernani izanda. Bertsolari faltarik ez dugu inguruotan.

Badirudi antolatzaileei errietan ari naizela, baina geroni gara antolatzaileak askotan. Zer saio mota prestatzen ari garen pentsatu eta etxean edo inguruan zer daukagun jakitun izan behar dugu. Edozein elkartetan elkartu gaitezke beste bertso eskola batekoekin kantuan aritzeko, taberna asko egongo dira prest inguruko bertsolariei kantatzeko lekua egiteko.

Norberak ikusi beharko du zenbaterainoko eszenatoki ponpoxoa dagokion. Otordu, poteo, ekitaldi, jaialdi edo lagunarte. Neurri, doinu eta oinak txirbilez pixka bat zikintzeko prest egonez gero, kantatzeko gogoz dabilenak baditu bere aukerak.

Denontzako tokia dago. Ilunben ez, baina plazan bai.

Plaza