Desagertarazitako Aitzolen liburua
Desagertarazitako Aitzolen liburua –
Aitzolek inprentarako prest zuen lan bat aipatzen du Martin Ugaldek giro hartan galdutakoen artean. “La poesia popular en el renacimiento de los pueblos” zeraman izenburutzat eta aleren bat Antonio Elortzaren eta Antonio Maria Labayenen eskuetara iritsi izan zelako dugu bere berri (Ugalde, 1988: 14). Urkaregik, berriz, honela dio lan beraren inguruan: “Belgika eta Finlandiaren exenpluak aztertu zituen eta garbi ikusi zuen herri-olerkigintzaren bidez herriaren izpiritua erakutsi beharra. Herri-olerkigintzak Europako herrien pizkundean jokatutako papera aztertu zuen. Hortik sortu zen La poesia popular en el renacimiento de los pueblos izeneko liburua” (1987: 141).
Liburua topatu ezean ezin da ezer baieztatu, baina Aitzol bere lidertzan olerkigintzatik bertsolaritzara egiten ari zen bidea ikusita, litekeena da lan hau bertsolaritza Euzko Pizkundearen erdigunean espresuki jartzeko planteamendu teoriko bat izatea.
Txirritaren omenaldiko argazki hartatik bizirik geratu ziren bi eragileek, Basarrik eta Hernandorenak, Frankismoak euskal kulturgintzari ekarritako negu gorriaren erdian, Hegoaldean batak eta Iparraldetik besteak, bertsolaritza berrabiarazteko egingo zuten lan erraldoia ikusita, gerrak moztu ezean eta honen erruz desagertu ziren eragileen parte hartzeaz Euzko Pizkundeak bertsolaritzarentzat zuen proiektuaren garapena noraino iris ote zitekeen sortzen zaigu galdera. Erantzunik gabeko galdera da, noski, galdera erreskada dakarrena.
Txapelketek bi hamarkada luzeko etena izan ez balute, 1935eko eta 1936ko hauek hartu zuten martxa ikusita, ze bide egingo ote zuten? Zein izango zitezkeen txapeldun berriak?
Aitzolek zeukan itzala ikusita, bera eta bertsolaritza euskal kultur sistemaren erdigunean jarri nahi zuen liburua desagerrarazi ez balituzte, zenbaterainokoa izango zen eman zitekeen jauzi kualitatiboa? Artikuluren batean Lauaxeta eta biek aipatu zituzten bertso eskolak martxan jartzera iritsiko ziren?
1935eko finalaren bezperatan Tolosako EAJko alkate eta eragile guzti hauen zirkulukoa zen Antonio Maria Labayenek bertsolari emakumezkoen presentzia faltan botatzen zuen ‘Doña Manuela bertsolari’ izenburuarekin Argiaren lehen orrialdean argitaratu zuen artikuluan. Zabalduko zen kezka hau beste eragileen artean? Agertuko zen bertsolari emakumerik plazara ia beste bost hamarkada itxaron gabe?
Manuel Lekuonak bere ezkutalekuan harrapaturik Lasarteko konbentuei edo antzinako Oiartzuni buruzko lanei lotu beharrean, ihesean edo deserriratuta bi hamarkada eman beharrean, bertsolaritzari buruzko ikerketari jarraipena ematea erabaki ahal izan balu, noraino iris zitekeen hau?
Frankismoak euskal prentsa guztia eraitsi ez balu, eta biak gerrak gaixoturik hil ez balira, animatuko ote ziren Luzear eta Zubimendi bertsolaritza oinarritzat zuen irratsaio bat sortzera? Posible ote zen bertso-programa bat telebistan ‘Hitzetik Hortzera’ emititzen hasi baino hiruzpalau hamarkada lehenago?