Zubimendiren Bertsolari Guduak (1936)
Zubimendiren Bertsolari Guduak –
Ziklo honetako bertsolaritzari buruzko kazetaritzaren beste gailur bat, bertsolariei eginiko elkarrizketek baino askoz ere entzute handiagoa izan duena gainera, Zubimendik 1936an argitaratutako Bertsolari guduak 1935-1936 liburua izan zen. Yakintza aldizkarian Zubimendik argitaratutako bi txapelketen kronika luzeen berrargitalpena zen hau, Aitzolen hitzaurrearekin[1], argitaratzaile lanak Euskaltzaleakek egin zituelarik. Ekarpena honela baloratzen du Koldo Izagirrek:
“[…] Zubimendi egon zen 1935 eta 1936ko Bertsolari Egunen antolamendu gaitz haien oinarrian. Horretarako derrigorrezkoa zen lan astunaz gainera […] eman zien haize publizitarioa gero, bertsoak argitaraziz eta jardun haiei buruzko komentarioak eginez. Mende erdi luze bat joan da hil zenetik, eta orain altxor preziatu gisa irakurtzen ahal ditugu hartaz idatzi zituenak.” (2002: 16-17)
Txapelketetako bertso guztiak transkribatzeko ahalegina egin zen historian lehen aldiz. Honela azaltzen du Aitzolek: “Oraiñalditxo oietan Egun ederrok aizetu ditzazuntzat idazki au argitara dakarkigu. Ez da lan errexik, diotenez; ez da ere nolanaiko bertsolarien apaldi guziak zintzo eta txukun yasotzea. Eusko gaztediko mutilak leiatsu eta biziki bertsolarien aboetik bertsoka-bertsoka apaldi guziak osotu dizkigute” (1936: 19)[2]. Eta horrek espaziorik handiena bertsoei ematen zien kronika zabala egiteko aukera eskaini zion Zubimendiri, gaurdaino luzatu den eredua finkatuz.
Bertsoez gain ekitaldien inguruko xehetasun guztiak ere jaso zituen kazetari donostiarrak: epaimahaiaren osaketa, puntuazio sistema, oholtza gainean bertsolari bakoitzak eta epaimahaikideek zuten kokapena, ariketa bakoitzean eskatzen zena eta erabili ziren doinuak eta abar. Bestalde, giroari buruzko erreferentziak ere tartekatu zituen. Horrela, 1935eko kronika, esaterako, gisa honetara hasten zen: “Goizeko amarrak ziran eta Poxpolin aretora etengabeko yendetza ziyoan […] gerorako lekurik izango etzan beldurrez goizik asko zetotzen bertsozaleak. Amar terditan, bertsolari geienak epaikarien aurrean zeuden, eta Poxpolin-antzokia berriz, ostez gaiñezka” (Zubimendi, 1936: 3).
Bertsoaldien iruzkin laburrekin hornitu zuen testua: “Oraingo onetan, doiñua epai-maiekoak bertso batean ematen zuana bearrezkoa zuten (…) Gaia ere epaileak esandakoa besterik etzeukaten erabiltzerik. Baldintza auetara etziran guztiak bear bezela lotu. Tamalez, beartutako bidetik iges, asko ibili ziran” (id.: 11). Baita publikoaren erreakzioekin ere: “Saio au amaitu zanean, txalotsa izugarri bat entzun zan aretoan. Ordurako entzuleak, antzezlekuko bazter guztiak artuta zeuzkaten. Abeetatik mats-alearen iduri, buruak zintzilik” (id.: 15). Eta bukaeran azken sailkapena eta sari banaketaz gain bertsolariei eskainiriko bazkariaren berri ere eman zuen, xehetasun guztiekin, besteak beste 1935eko menuan irakur zitekeena zehatz mehatz jasoaz: “(…) bazkari txarteletan au irarri-azi zuten: (…) Asteko txorakeriak/ Euzko Gaztedi arroza zilipurdika/ Bertsolari erako legatza/ ‘Euskaltzaleak’ arkume erria, patata prejituakin/ Euskadi’ko goxo ta prutxa/ Ardorik onenak-Sagardorik bikaiñenak/ Kafia, esteak erretzekoa ta naiko kia ateratzekoa/ Ondoren: bota bertsuak!!’” (id.: 28)..
Azpimarratzeko beste alderdi bat material grafikoarena da: berrogei bat argazki dakartza liburuak bi kroniken artean, gehienak bigarren txapelketari ateratakoak badira ere. Epaimahaia ageri da argazki batzuetan, eta parte hartzaile guztiak gainerakoetan, banaka nahiz taldeka, kamerarentzat posatzen edo finalean kantuan ari direla, publikoa ere ikusten delarik. Argazkilaria nor den ez da zehazten, baina “Velasco foto” ikus daiteke hainbat iruditan. Egia esan argazkiak ez dira propio libururako ateratakoak, aurretik prentsan argitaratutakoak baizik, baina bertan biltzen den kantitateak dokumentua garaiko bertsolaritzaren argazki album gisa balioztatzea dakar.
Zubimendiren liburua, finean, ikur bat da. Haren kronikak liburu gisa berrargitaratzeak bertsolaritzari buruzko kazetaritzak estatus bat lortu duela erakusten du, eta baita txapelketak ikuskizun moderno gisa duen potentzial mediatikoa ere: egunkarietako biharamuneko kronikan, aldizkarietako kronika zabalagoan eta liburuaren edizioan, gertakari bera hiru aldiz izan da salgarri. Aitzol bezalako figura baten hogei orrialdetik gorako hitzaurrearekin dator gainera lana, eta bertsolarien argazkiekin, bertsolaritzak euskalgintza modernoaren baitan atzera bueltarik gabeko prestigiatzea lortu duen seinale: “ (…) inork zalantzan jartzen ez duena zera da: gerra aurreko bi txapelketek bertsolaritza bazterkeriatik onespen intelektualera eraman zutela” (Lasa, 2008: 596).
Zubimendiren lanak zekarren material grafikoa.
[1] Hitzaurrea bere ere interesgarria da oso, alor honetan sakontzeko tolosarrak buruturiko ahaleginaren emaitzak ikus bait daitezke bertan. Horrela, Erdi Aroko bukaerako euskal nobleziako bertsolari emakumeen berri ematen du, hiletarien ohitura eta ‘Milia Lasturkoa’ aipatuz, besteak beste. Edo, pizkundearen lehen olatuan egiten zen bezala, bertsolariak herriaren ahotsa direla planteatzen du: “[…] asieratik diogu, erriaren abotsa koblakariak dirala; oien eztarriaren bidez barruko antsiak eta pozak gure aberriak adierazi dizkigula”.
[2] Lekuonak ñabartzen duenez 1936koan 1935ekoan baino dezente hobeto egin zen transkripzio hori, lehenengoan pilaturiko esperientziak lagundu baitzien. Hala ere 1936koak ere hutsuneak dituela gaineratzen du: “Ba al dakizu nola egin zuten 36koa jasotze hori? Elkartu ziren taldetxo bat, bakoitzak bertso bana kopiatzen zuen, eta gero bata bestearen ondoren josi. Baina bakoitzak bakarra hartuz, edo ez zutela eskuz ondo idatzi, edo ez ondo ulertu, dena dela, akats askorekin atera zen. Eta ez dena.” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 19)