36ko txapelak bertsogintza klasikoaren aitortza: Txirrita, mito bizia

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-21

Txirrita mito bizia –

Txirrita mito bizia
Txirrita Areatzan. Iturria: Sendoa.

Ereñozuko Latze baserrian jaio zen Jose Manuel Lujanbio, zazpi anai-arrebaren artean bigarrena, baina, hamahiru urte zituelarik lur haietan fabrika bat jarri zenez, Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen familia, eta hortik datorkio ezagun egin zuen ezizena.

Zavalaren arabera eskolan sartu-irtenen bat egin bazuen ere (1992a: 21)[1], baserriko lanak tokatuko zitzaizkion gehiago, eta inguruko bertsolariei jarriko zien arreta. Umeagoa zela botatako bertsoren bat ere jaso den arren, plazako saioetan hamalau urterekin egin zuen debuta: “Milla zortzireun irurogei ta/ hamalau urte urrian,/ lenengo plazan kantatu nuen/ nik Ernaniko lurrian/ San Antonio deitzen diogun/ ermita baten aurrian,/ lagunak alkar istimatuaz/ lengo oitura zarrian” (id.: 443).

Adin berarekin, karlistaldietara soldadu joan zen. Etxe bakoitzetik gizonezko bat eskatzen zuten, eta bere burua eskaini zuen aitaren lekuan. Handik bueltan, semerik zaharrena izaki, baserriaren maiorazkoa zegokion, baina ez zuen ardura hori gogoko eta uko egin zion, tarteka hargin edo morroi bezala lan egin, baina batez ere plazaz plaza bertsotan ibiltzeko: “Arto-maiorazkua nintzan/ nere tokamentuz/ serbitu izan banu/ aita pulamentuz […]” (id.: 36).

Zavalak kontatzen duenez, berak jarritako bertsoak salduz ere atera izan zuen bizimodua. Antzeman daiteke pertsonaiaren jitearen zantzu bat hemen ere:

“Txirrita Irun’en ari zan bertso saltzen. Neska bati jarritakoak ziran eta erretoreari ezin ba gustatu. Txirritagana joan, zeukan paper mordoak zenbat balio zuan galdetu, Txirritak esan, erretoreak pagatu eta eraman egin zuan, orrekin festa bukatua zala pentsatuaz. Bañan Txirrita berriz ere inprentara joan zan, sail ura ostera inprentatu-arazi zuan eta hurrengo igandean an zan berriz ere Irun’en, bertsoak saltzen.” (1980: 125)

Kalitate goreneko bertsolaria zen hernaniarra. Plazarik plaza herri xehearen begirunea bilduz joan zen, eta ehunka bertso, ateraldi eta pasadizo utzi zituen memoria kolektiboan.

1930eko hamarraldia iritsi zenerako bere gorenean zegoen bertsolariaren fama: “Bizirik zegoen mitoa zen ez bakarrik bertsozaleentzat baita bertsolarientzat ere. Maisutzat zeukaten horiek, izugarri gurtzen zuten, eta bera nora joan sekito ikusgarria izaten zuen inguruan beti” (Lasa, 2008: 598). Adinak eta kiloek nahieran mugitzea eragozten bazioten ere, jendeak bere bertsoak eta presentzia eskatzen zituenez, plazarik plaza jarraitzen zuen: “Alde batetik bestera gurdiz edo automobilean eraman behar izaten zuten” (id.: 598).

Bere kalitateak eta izaera subalternoak mitoaren maila eman zioten artean bizirik zela.


[1] Honako hau ere gaineratzen du tolosarrak: “Irakurtzen ba omen zekian, moldeko letrak bakarrik, ordea; ez eskuz egindakoak. Baiña oso gutxitan saiatzen omen zan” (1992a: 248).

Txirrita mito bizia