Oihartzun ikusgarria prentsan
Oihartzun ikusgarria prentsan –
“El Día del bertsolari fue una manifestación radiante del alma artística de la raza vasca” ekarri zuen El Díak txapelketa lehen orrira; “Una fiesta inolvidable. Alto exponente de nuestro ingenio y cultura” egiten zuen beste hainbeste Euzkadik, eta “Gure ezagueran Donostin euskera alde egin dan jairik ederrena, igandean izantzan”, Argiak. Madrilgo El Solek ere eman zuen finalaren berri “Tamborrada y versolaris” titularrarekin.
Guztiek Basarriren garaipena seinalatu zuten, haren gaztetasuna, dotorezia eta abertzaletasuna.
Argiak zortzi testu zekartzan finalaren biharamunean, Jaurtakol, Manuel Lekuona, Antonio Labayen, Basarri edo Fermin Irigarairenak bezalako sinadurekin. Euzkadik lau testu zekartzan egun berean, Lauaxeta nahiz Aitzolenak tartean…
Gertakariaren ondorengoen jarraipen zabalena berriro ere Argiak egingo zuen, hurrengo zenbakian Basarriri egindako elkarrizketa eta Zarautzen txapeldunaren omenez ospatu zen ekitaldiaren kronika eskainiaz. Azkenik, apirilean argitaratutako Yakintza aldizkariaren hamalaugarren zenbakian Euzko Gaztediko talde batek egindako txapelketako bertsoen transkripzioekin jositako kronika zabala argitaratu zuen Zubimendik.
Esan ohi da txapelketa modernoak 1935eko horrekin batera hasten direla, sagardotegitik antzokirako pausoa, gai jartzailearen papera eta ariketa ezberdinak aipatu ohi dira. XIX. mende bukaeran Lore Jokoak Hegoaldera pasatzean emana zen jada frontoitik antzokirako pausoa, eta han hasi ziren gai jartzailea eta ariketa ezberdinak baliatzen. Gaztelaniaz topatu den kronikarik zaharrenean Manterolak deskribatzen duen 1880ko Donostiako Antzoki Zaharreko saioa, esaterako, ez da oso ezberdina alderdi horiei dagokionez, Poxpolin antzokian egindakoarekiko.
Alde handiagoa ikusten da dimentsio mediatikoari dagokionean. Alderdi kuantitatiboari bakarrik erreparatzen bazaio, 1880ko Donostiako hark bost testu ekarri zituen prentsan; 1935ekoak, aldiz, 46. Bigarren olatu horrek txapelketaren ikusgarritasunerako dakarren jauzia ikusgarria da, bada. Eta kualitatiboki ere egiten dira nabarmentzeko moduko urratsak. Horrela, esaterako, bertsolari bati historian egindako lehen elkarrizketa ekarriko du 1935eko txapelketak: Basarriri Argian egin ziotena.
XIX. mende amaieratik 1935era hedabideek etengabeko garapena bizi izan dute, eta kultura masa ikuskizun gisa hautematen duen ulerkera errotzen hasia da jendartean. Josu Amezagak, esaterako, Espainian kultura popularrak masa kulturara izandako eraldaketan mugarritzat jotzen du II. Errepublika (1994: 153). Testuinguru aproposean gertatu zen, bada, txapelketaren estaldura mediatikoaren jauzi kuantitatibo eta kualitatibo hau. Eragileek eurek hedabideen bitartekotzaren garrantziaren kontzientzia garbia izatea, eta euren proiektuan bertsolaritzaren hedabideratzea txertatu nahi izatea funtsezkoa suertatu zen, ordea: txapelketaren berri eman zuten hedabide guztiak, Madrilgo El Sol salbu, hedabide abertzaleak izan ziren.