Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-16

Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria –

Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria
I. Bertso Guduko parte hartzaile batzuk. Ezkerretik eskuinera ageri dira, aurreko ilaran, Juan Jose Lujanbio Saiburu (1874, Hernani-1954, Errenteria), Txapel, Txirrita, Zepai eta Basarri. Eta atzeko ilaran, Patxi Erauskin Errotaria (1874, Ordizia-1945) Ordiziako Mintegi, Juan Jose Sarasola Lexo (1867, Lezo-1952 Donostia), Jose Kruz Larrañaga Nekezabal zarauztarra, Jose Maria Berra Tellaetxipi (1875, Errenteri, 1944) eta Prudentzio Abarrategi Besamotza (1873, Urduliz-?).

1935eko txapelketaren muina bi ereduren arteko talka litzateke:

“Bi belaunaldiren tenka dago. Tenka horretan bi elementu desberdin kontrajartzen dira. Batetik, pertsonak berak. Txirrita […] 150 kiloko gizon-puska, mutilzaharra, bi makulurekin ibiltzen zen. Tabernaz taberna ibili-zalea, zelebrekerietan. Ogibidez, alfer famakoa, etab. Basarrirekin beste gizon-klase bat agertu da bertsolari: gaztea, mutil apaina, gorbatarekin; profesionalki kazetaria, etab.; baina bertso aldetik ere bai. Basarrik beste bertsolaritza bat egin nahi du, beste proiektu bat dakar.” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 10)

Hain zuzen, Basarriri tokatu zitzaion txapelketako lehen bertso puntuagarria botatzea, eta lehen bertso horretatik bertatik markatu nahi izan zuen bere bidea: “Uso zuri bat inguratu zait/ goizean egun argitzez/ alaitasuna hartxek sortu dit/ jaun maiteak, bere hitzez/ eta ni orain zuen aurrean/ nauzute pozaren pozez/ lendabiziko, entzule onak,/ agur danon bihotzez”.

Garziak honela seinalatzen du berritasuna: “Se trata, con toda probabilidad, de la primera vez que un bersolari ‘ficciona’ con una paloma en un berso no amoroso” (2000a: 423). Bertso honek Poxpolin antzoki hartan eragin zezakeen zirrara iradokitzen du Juan Mari Lekuonak: “[…] mutil gaztea, dotorea, gorbataz jantzia, eta hasiera horrekin, literatura erromantikoan jantzia agertuz, sentsazioa egin behar zuen” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 13). Eta Zubimendik berari eragin zion zirrara deskribatzen du: “Neurketa hasieran horrelako agurtza entzunda, bertsolariak arlote, ezjakin, gaizki haziak direla, ea nork esango duen berriz!” (2002: 44).

Zarauztarraren beste bertso honek ere atentzioa eman izan du: “Bertsolariak eman diote/ Txeko herriari gorantza/ Mireio batek edergailutan/ josia zuen Provenza./ Ene Jainkoa egin zaiguzu/ guri behar dan laguntza,/ ahal dan azkarren sendatu zagun/ gaixo dan euskel hizkuntza”. Edukiaren sofistikazioa azpimarratzen du Xabi Payak: “Txekia eta Provenza ez dira ordura arteko sagardotegietako jaun eta jabe ziren bertsolarien ohiko erreferentziak. Egun hartan, nolabaiteko sofistikazioa atea jotzen ari zen bertsoaren etxean, zenbait bertsolariren aldetik” (2012: 44). Garaiko intelligentsiarekin erakutsitako sintonia da Garziak: “[…] está al tanto de los modelos propugnados por los renacentistas para una renovación de nuestra poesía […]” (2000a: 423).

ldo horretatik, abertzaletasuna hauspotzeko ere baliatu nahiko du aukera zarauztarrak, besteak beste Sabino Aranari abestuz: «Au esanikan joan zitzaigun/ Arana-Goiri aundia:/ ‘Il naiago det ikusi baiño/ aberriaren amaia!’». Epaimahaiaren erreakzioa iradokitzen du Garziak: “Aitzol estaría radiante, al menos aliviado: el bersolarismo comenzaba a elevarse sobre las cuevas de alcohol” (id.: 424).

Txirrita ez zen gorbatarekin taularatu: “[…] Aurpegi guri, borobil handia […] begiak, ilargi bete borobil hartan, bi zulotxo ezin geldiak biraka beti; ohiturako bruxa beltza soinean, oro estaldu eta ilaunduz […] ‘obispo’ itxura gehiago, gaurko egiazko askok baino.” (Zubimendi, 2002: 120). Eta belaunaldi berriaren proiektua urrun gelditzen zitzaion: “Txirrita se adaptaba mal a la competición. No se dejaba encandilar por la transcendencia del acto, su desenfado rayaba en la falta de respeto” (Garzia, 2000a: 432). ‘Euskara’ gai gisa jarrita gainerako bertsolari gehienak euskarari bibaka aritu ziren bitartean hernaniarrak bota zuen bertsoaz ari da Garzia: “Larogei urte gainean ditut/ nago hanketako miñez/ Donostiara etorria naiz/ herren haundia egiñez/ bi bastoirekin txit larri nabil/ pausorik eman eziñez/ euskera ia aztu zait eta/ erderarikan jakin ez/ maixu batekin eskolan laister/ hasi behar det latiñez”. Honela bizi izan zuen Zubimendik bertatik bertara: “Hona hemen egiatako Txirrita, herriak ezagutu eta maite duen bertsolari xede zorrotz, eztenkaria. Euskara goraltzeko, indartzeko, asmo berria: latina ikasi! Apaiz jauna baitzen epaikari, eta bera zirikatzeko akuilukada beharrago, bertsolariaren ustez, emandako gaiari buruz sendakinak agertzea baino.” (2002: 120). Bertsoa bota bitartean bastoiarekin Aitzol seinalatu zuela iritsi da gaurdaino, eta keinu horrekin eragile berrien asmoak auzitan jarri nahi izan zuela ere interpretatu izan da: “Bertsoa esanez batera, epaimahaikide zen Aitzoli egin zion keinu makilaz. Bertso ironiko batez dena geratu zen esplikatua, denek ulertu zuten Txirritak bidalitako mezua, eta algarak egundokoak izan ziren” (Lasa, 2008: 592).

Irakurketa ezberdinak egin izan dira bitasun honen inguruan. Xabi Payak, esaterako, foruzaletasunaren eta abertzaletasunaren arteko tenka aipatzen du: “Txirritak foruzaletasuna sinbolizatzen zuen txapelketa hartan, balio tradizionalen izaera estatiko eta irmoa; Basarrik, ezizenetik bertatik, euskal balio tradizional horiei erreferentzia egiten zien, baina euskal irudi kanonikoaren eguneratzea zekarren berarekin —txapela eta gorbataren nahasketa horren metafora argigarria da—” (2013: 43). Irakurketa horien guztien baitan, ordea, Txirritak eta Basarrik gorpuzten duten bitasuna bertsolaritzaren izaera aurremoderno eta modernoaren artekoa dela ikus daiteke. Juan Mari Lekuonak azaltzen duen moduan, Txirrita izaera aurremodernoaren, sagardotegiko bertsolariaren, ordezkari goren gisa har daiteke: “Eskolatu gabeen artean […] Txirrita agertzen zaigu aitzindari […] ahozko tradizioaren gordailurik apartekoenetako bat, eta poesi teknika zaharrak hobekien erabiltzen dakiena” (1982: 101). Eta Basarri bertsolaritzaren proiektu modernizatzailearen lehen ordezkari gailen gisa: “[…] iraultze joera baten indarra zekarren, orduko gazte askoren joera aberrikoia. Baina bazekarren, baita ere, sozio-kultura mailako joera orokor bat, zibilizazio berriago baten eskakizuna […]: apain jantzia, hizketa txukun eta aberatsa, errespetuzko jokabidea, eskola eta garaiaren garaiko pentsamolde zehatzagoa” (1982: 213)[1].

Orduko hartan protagonismo handia izan zuten eta kasik gaurdaino iritsi izan diren zenbait gogoeta eta eztabaida ez dira sagardotegiko bertsolaria (Txirrita) vs gorbatadun bertsolaria (Basarri) horren garapen bat baino izango: bertsolari eskolatuen eta eskolagabeen arteko bereizketa, jaio vs egin eztabaida, antzinako bertsolarien freskotasunaren nostalgia eta abar.

Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria
Ilustrazioa: Patxi Gallego

[1] Esnalek “modernitatearen zauria” Lore Jokoetan ireki zela zehaztu arren benetako talka Euzko Pizkundeko txapelketetan eman zela gaineratzen du: “Orain arte, hantxe zeuden Azkue, Domingo Agirre, Arturo Campión eta abar […] Azken batean, etena sortu da, baina bertsolariek beraiek ere oraindik jarduten dute pixka bat desafioetan bezala. Baina 1935ean ez […] berriro ere gailurrean dago bertsolaritza baina zatiketa —edukia/ forma, herria/ epaileak— barne-muinetan duela. Eta bertsolaria eskizofreniko bihurtzeko zorian.” (Esnal, Egaña eta Sarasua, 2002: 810)

Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria  Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria  Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria  Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria  Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria  Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria  Sagardotegiko bertsolaria vs gorbatadun bertsolaria