Txapelketa martxan
Txapelketa martxan –
Zarauztarrak honela gogoratzen du Zubimendik epifania gisa kontatutako gertaera hura:
…nituen atzetik: hik honetan dek abildadea eta etzak laga… Behin gazte talde bat jun ginan Donostira, 35eko txapelketa baino zerbait lehentxeago. Eusko Gaztedin sartu ginan da, Mariano Lazkano pilotaria sartu zan. Haiek baztarretik zirika: merezi likek ba horretxek, horretxek merezi likek ba!… Hiru edo lau bota nitun, serioak, eta joe, ikaragarri gustatu Txomin Olano eta Zubimendi eta horiei. Gero, bertsolari txapelketa bat antolatu behar litzakela eta han aritu ginen” (Mazantini, 1991, 1. zk., “‘Basarri’-rekin buruz buru. Perurena, Patziku)
Bertsoaren indarrak harritu zituela zioen Zubimendik, harridura horrek eraman zituela txapelketa bat antolatu beharra zegoela erabakitzera. Bertsoaren indarraren kontzientzia hamarkada hasieratik zuen, ordea, euskal intelligentsiak. Falta zitzaiena txapelketa horretan haien proiektuari bultzada bat emango zion bertsolaria zen. Enbeita erretiraturik zegoen ordurako, eta Txirritaz eta enparauez ez ziren fio. Egun hartan deskubritu zutena lan hori burutzeko hautagaia izan zen: Basarri nahikoa zailduta egon zitekeela otu zitzaien.
Berehala ekin zioten antolakuntzari. Zubimendik berak, 1934/XII/23ko datarekin, Argian argitaratutako testuak “Bertsolariak bear ditugu” zioen izenburuan. Lehen orriko testu nagusi gisa argitaratu zen, eta bertan bertsolarien jardunaren maila jasotzeko beharra aipatzen zuen ideia nagusi gisa, Donostiako Euzko Gaztediko gertaera xehetasun guztiz azalduz. Basarriren izena eta beraren egokitasuna espresuki azpimarratzen zituen donostiarrak[1].
Handik astebetera Basarriren erantzuna dakar Argiak. Bertan Zubimendirekin bat eginaz bere idearioaren sintesi gisa aipatu den irratsaioko hitzaldiari egiten dio erreferentzia: “Gai bera artuta jardun izan naiz neroni ere. Gogoratuko zera Donostiar irratetxetik egiñ nuen itzalditxo aretzaz. Zuk bezaiñ apainki ezpada ere, zure asmo ori agertu nuen oker aundirik gabe. Geroztik zerbait idatzi ere egin det dakizun bezela” (Argia, 1934/XII/30, “Zubimendi’tar Joseba’ri”. Eizmendi, Iñaki Basarri). Eragile eta parte hartzaile gisa ari da, ordea, nolabait Basarri, berria da hori bertso munduan, eta posizio hori desenkusatu beharra ere ageri zaio jarraian: “¡Ai zer mutill arroputza orixe! —esango du norbaitek. Bera bertsolaria danean, bertsolariak nola zuzenduko, ta bere esanetara nor makurtueraziko zebillek”. Erabat posizio defentsiboa hartuko du, bada, gerora hainbatetan egingo duen bezala: “Gezurra ordea guzia. Ez nabil ni asmo orrekiñ […] sentitzen dedana esaten dakit ta kito. Nik neu baño bertsolari obeak ta etorri trebeagokoak asko ikusi baditut ta ikusten ditut oraindik”. Hala ere, ez dio inoiz bertso-mundua proiektu jakin batera lerratzeko ahaleginari uko egingo: “Asko lezakete beste modu batez jokatuta. Zuk zeniozun bezela, erria piztu arazteko bideak artu bear ditugu […]”
1934ko abenduaren 30eko Argia hark Aitzolen testu bat ere bazekarren: lehen orrialdeko tokirik garrantzitsuenean kokaturik zetorren txapelketarako deia. Hainbat alderdi azpimarragarri ditu testu honek ere. Honela, tituluan (Bertsolari Eguna/ Euskal-piztutzearen kima berria) nahiz lehen lerroetan bertsolaritza pizkundearen proiektu orokorraren baitan txertatzen dela seinalatu daiteke: “Euskeraren piztutze argal, urri eta zekenak kima berritxo bat dakarkigu negu gorrian […] Ea, bada, beste landaretxo bat euskal baratzan ernaitzen ote degun. Ortaraxe goaz ‘Bertsolarien Eguna’ betirako sortu naiaz” (Argia, 1934/XII/30, “Bertsolari Eguna / Euskal-piztutzearen kima berria”).
Antzerkiaren edota poesiaren inguruan antolatu dituzten Egunak aipatzen ditu jarraian tolosarrak, “loratzen asi berritako kimatxo bildurti” baino ez direla zehaztuz eta bertsolaritzarekiko arreta zorroztera eraman duen olerkariekiko desengainua nahikoa modu gordinean adieraziz:
“Gure olerkari —edo bertsolari jakintsu oek— erriarekin asarre xamar dabilzkigu. Asmatzen dituzten bertsoak ez dituzte errex antzean asmatu nai izaten, erriak entenditzeko neurrian. Eta jakiña, erriak orrelako olerkariei uko egiten die. Ez erri xeak bakarrik, euskaraz irakurtzeko griña duten irakurle askok ere beste ainbat egiten diete.”
Bertsolaritzarekin 1930ean burututako saialdiak zeinen ongi funtzionatu zuen dakar gogora ondoren, eta aurrerantzean Bertsolari Gudua urtero ospatzeko asmoa azaltzen du, deialdiarekin bukatzeko: “Gaurtik Bertsolarien Egun onetarako Euskalerriko bertsolari guztiei ots egiten diegu, Zuberoa’tik Bizkai’ra bitartean eta Naparro-Saraitsutik Gipuzkoa’ko itxasertzeraño liraken bertsolari guziei gudu onetara aurkezteko ‘Euzkaltzaleak’ eta ‘Donosti’ko Euzko Gaztedia alkarteak’ dei egiten diote. Oietxek lelengoz Bertsolarien Eguna eratzen baidute!”.
Zenbaki berean, 9. orrialdean hurrengo hiru astez luzatuko zen diru-bilketari ekin zitzaion, ‘Bertsolariak/Euskeltzaleak eta Donosti’ko Eusko Gaztediak eratuta’. Lehen babesleen zerrenda ere ageri da bertan: Euskaltzaleak (50), Pizkunde (50), Zubimendi (5) eta Aitzol (5) agertzen dira, hurrenez hurren, lehen lau tokietan. Gero, beste hogei bat izenekin batera Txomin Olano (2) edo Hernandorena (5) ere agertzen dira.
1935eko urtarrilaren 20an, igandearekin, egin zen txapelketa, Poxpolin antzokian. Kanporaketarik jokatu gabe zuzenean finalerako txartela izan zuten izena eman zuten 22 bertsolariek. Jesus Mari Etxezarretak azaltzen duenez, giroa berotze aldera, ostiralean Luis Jauregi Jautarkolek Xenpelarri buruz eskainitako hitzaldia eta larunbatean Dionisio Azkue Dunixik Bilintxi buruz eskainitakoa egin ziren: “Bi itzaldietan jendetza izugarria izan zan, eta sartu ezinik ere asko gelditu ziran” (1993: 46).
Abestuko ziren bertsoak jasotzeko lana Euzko Gaztediko talde bati egokitu zitzaion.
Manuel Lekuona, Aitzol, Joseba Zubimendi, Txomin Olano, Toribio Altzaga eta Jose Olaizola arituko ziren epaimahaiko. Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan Zubimendi.
[1] Hemen kontatzen du lehen aldiz gertaera, gero txapelketa ondorenean Yakintza aldizkariaren 14. zenbakian “Lenengo bertsolari eguna” izenburuarekin, eta hirugarrena jada aipatu den 1939ko Euzko Deyako artikuluan. Guztietan lotzen du gertakari zehatz hori txapelketak martxan jartzeko erabakiarekin.