Basarri, hautagai perfektua

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-14

Basarri hautagai perfektua –

Zubimendi bera da bertsolari txapelketak berriro ere martxan jartzeko erabakia noiz, nola eta zergatik hartu zen argi asko azaltzen duena: “Honek [Basarrik] asmatutako bertso bati zaio zor Bertsolari Egunaren sortzea, eta bera izan zen lehenengo saritua” (2002: 34).

Basarri hautagai perfektua
1937. Sara. Iñaki Eizmendi Basarri (1913, Errezil-1999, Zarautz). Argazkilaria: Jesus Elosegi. Iturria: Gure Gipuzkoa

“Bertsolari egunaren sortzea” izenburuaz kontatzen du gertakaria Euzko Deyan[1], eta 1934ko udazkeneko egun batean kokatzen du guztia: “Udazkeneko gau giro ederra zen. Eusko Gaztediko areto berria, leihoak zabalik, haize egarri Donostia jostarian. Bazkideak mahaietan, han-hemenka, eguneko lanaren atseden, akeita hartuz edo museko ‘Hordago!’ borobila boteaz jokoan […]”. Protagonista aurkezten du jarraian: “Bat-batean, ustekabe, hor sartu zaigu gazte sail alai bat aretoan […] Zarauztarrak dituzu, eta, beren artean, ‘Basarri’. Agurrak, bosteko estutzeak, bizkar gaineko esku-zartak. Gure artean jarri dira eta, hau etengabeko berriketa!”. Baita antagonista ere: “Baina haien artean bada bat berriketari lotuta ezin egon dana. Bihurri samarra berez, barruan daukan pozari ezin eutsi eta mingainarekin ez ezik, oin, beso, buru eta guztien beharrean aurkitzen da poz hori agertzeko. Mutila nabarmentzen hasi zaigu, lainezaren bultzadaz, harroxko”. Korapiloa eta amaiera datoz, azkenik:

“Eizmendi gure mahaian, ezin eramanik, sutan. Halako batean, zutik jarrita, beroaren bero, bertso hau zuzendu dio bere adiskideari: Aizazu gazte, lagun nerea,/ zertan zabiltza horrela?/ Ez al dakizu ainbat jaun prestu/ ortik begira daudela,/ era ortako jolasketarik gutxi maitatzen dutela/ Egizu kontu zuk Donostiko/ Euzko Gaztedin zaudela; umekeriak baztartu itzazu/ ta ibilli gizon bezela!

Bertsoaren indarra! Gazte bihurria ez zen gehiago sentitu; lainezak ihestu zitzaizkion; harrotasunak urtu. Itsas barearen antzeko leun gelditu zitzaigun.”

Hor ikusi zuten Euzko Gaztediko buruzagiek txapelketak abiarazteko unea zela, eta garaiko kultur proiektu orori zegokion gisan, erabat ikuspegi instrumentalista batetik egingo zuten gainera:

“Bertso batek horrelako indarra izanik, zenbat eta zenbat egin lezakete bertsolariek, bide zuzenean jarrita, gure egiaren zabalkunderako! Hau izan zen une hartako oldozkuna. Une hartatik hasi zen Bertsolari Egunaren jaiotza.

Zortzi egun geroago, Argia eusko asterokoan, ‘Bertsolariak behar ditugu’ idazpuru pean, Eusko Gaztediari eskainita, buruhauste hau agertu zan.”

Iñaki Eizmendik 21 urte baino ez zituen bertso hura bota zuenean. Baina nahiko meritu pilatua zuen ordurako txapelketa haiek antolatzera jarriko zirenen begietara.

Zavalari kontatzen dionez, mitin batean egin zuen lehen aldiz bertsotan, hain zuzen ere 1930eko probako hura antolatzeko Alegiko errotako bileran parte hartu zuen Patxi Erauskinekin buruz buru: “Amazazpi edo emezortzi bat urterekin kantatu zuan leenengoz jende aurrean. Egun batez, Zestoara joan lagunekin, an bertsolari bat kantuan ari mitin batean: Ordizian bizi zan Erauskin Errotaria edo Patxi Errota zaldibitarra; lagunak bultza eta, oartu zanerako, bera ere bertsotan asi” (Zavala, 1992b: 12). Kazetari lanetan ere orduantxe hasi zen, 1931koak baitira haren lehen testuak, berak 17 urte zituenekoak. Lehen aukerak Luzearrek eta Zubimendik eman zizkioten, hain zuzen ere: “Luzear izenordea zuana bazan orduan. Andres Arzeluz, izen-abizenak. Ederki idazten zuan. Arek bultzatu niñun. Baita Zubimendi ta oiek ere. Ala, asi nintzan El Día’n, Euzkadi’n, El Pueblo Vasco’n, eta Argia’n batez ere. Nere Bordatxotik jarri nion izena nere saillari” (id.: 14). Ikusi den bezala, irratiko kolaborazioak etorriko ziren berehala, eta 100. emanaldiaren ekitaldian bera izan zen bertsolari bakarra.

Basarri hautagai perfektua
Mariano Lazkano (1915, Zarautz-1998) pelotaria izan zen Donostiako Euzko Gaztediren egoitzan Basarrik bertsotan errieta egin zion laguna. Argazkian 1942an Eibarko Astelena pilotalekuan. Iturria: Gure Gipuzkoa

Txapelketak antolatu zirenean, Basarrik ez zuen goi-mailako ikasketarik, ezta horretarako adinik ere, baina bai ikasteko grina:

“Basarrik etzituan eskolan urte asko egin. Amaika-amabi urterekin utzi zion joateari, gau-eskolan jarraitu bazuan ere […] beste eskola mota bat izan du bere burua janzteko: irakurtzeko zaletasuna. Liburuak txikitandik eta benetan maite izan ditu. Irakurtzeari ordu asko eman dizkio, bai egunez eta bai gauez, loari puska kenduz.” (Zavala, 1992b: 12)

Eta garaiko inteligentziak proposatzen zuena xurgatu eta bere egin zuen.

Basarri hautagai perfektua
Txomin Olano (Irura, 1890-1972, Donostia) Zubimendi eta Luzearren Euskel orduba irratsaioan berak jartzen zuen musika, pianoa zuzenean joaz. Basarriren laguna ere bazen, eta txapelketa abiarazi zuen Donostiko Euzko Gaztediko gertaeran bertan zen. Epaimahaiko izango zen 1935eko txapelketa horretan. 1937, Sara. Argazkilaria: Jesus Elosegi. Iturria: Gure Gipuzkoa.

Aipatu den bezala, El Dían argitaratu zen irratsaioko bere hitzaldian erabat lerrokatzen zen haiek sagardotegiko bertsolarien inguruan esaten zituztenekin:

“Tamalgarria Pello Errota, Udarregi, Gaztelu Gorri, Ugarte, ‘Prantxesa’ ta beste geyagon izenak, goi malletara iritxi gabe urratzea. Tamalgarria orien jakinduri ta egokitasunezko iturri agortu gaitza, oraiñ beian gelditzea, garrantzi gabeko gauzetan itzaltzea. ¡Tamalgarria bai, mila bider esanda ere! ¡Zenbat egin zezaketen beste modu batez jokatuta!” (El Día, 1933/XII/22. “Bertsolariak”. Eizmendi, Iñaki Basarri)

Bertsolarien kultur maila igo beharraren inguruan eta bertsolaritza mezu abertzalea zabaltzeko baliatu beharraren inguruan pentsatzen zirenekin ere bat egiten zuen:

“Euskera apaindu ta goraltzen, aberriari abesten, Abenda edo ‘arraza’ zarra indartzen […] ta beste olako gauzetan lenen lenengo beardu bertsolariak, askotan izlari askok baño geyago egin lezakete ta. Bide ontatik jokatzen diran bertsolariak, Euzkadi gure aberri maitearen aldezlerik bikañenak dira, ta onelakoak euskaldun zintzo guziak txalotzen dituzte.”

Kepa Enbeita jarraitu beharreko eredu gisa ikusten zuen, eta, berekin saio batzuk egina zenez, agur ere egiten dio: “¿Nolatan da orrein ospegarria Enbeita bertsolaria? Ez dago esan bearrik. Euskera ta Euzkadiren aldezle onenetako dalako. Bada gaur Bizkaiko urretxindorrari agurrik biozkorrena dagiot, irratitetxe ontatik”.  Eta eredutzat seinalatzen zuen Pedro Mari Otaño ere: “Gaurko bertsolariak Pedro Maria Otaño’ren izena ere gogoan bear degu. ¡Aizer ixpilu ederra berau! ¡Onek bai euskera ta aberriari abesten ziola! Erosi ta irakurri zazute ‘Alkar’ bere bertso olerki liburua. ¡Bai biotz ikuitzailea!”

Enbeitaren garrantzia hamarkada hasieran seinalatua zuen Lauaxetak eta 1935eko finalaren bezperatan eredu gisa aldarrikatu zuen, txapelketako antolatzaileen izenean[2]. Otañoren eredua, aldiz, Aitzolek seinalatu zuen 1930ean Alkar liburua berrargitaratu eta hitzaurre batekin osatuz.

Irratiko estudioan emaniko hamar minutuko hitzaldian garaiko intelligentsiak bertsolaritzaren inguruan zuen proiektua laburbiltzen zuen, bada, Basarrik.

Ilustrazioa: Patxi Gallego

[1] Euzko Deya, 1939/III/05, “Bertsolari egunaren sortzea”. Zubimendi, Joseba. Testu bera Bertso minez liburuan dago jasota (Zubimendi, 2002: 37-40).

[2] Honela zioen Euzkadin 1931ko maiatzaren 26ean: ““Orain alditxo, Enbeitatar Kepa ospatsua zelaietan agertzen zanean, zeruko igarle bat baletorran paratzen ziran guztiak. Bertsolari orren agotik aberriaren suak urteten eban (…) Bertsolarien agotik neurtitzetan kanpora etorzan aberriaren miñak, abendaren ezilkortasun naiak, erriaren askatasun zaleak. Bakoitzak barruan eukozan leiak, oldozmenak, edertoago agertzen ziran bertsolarien agotik.”.

Eta honela seinalatu zuen Enbeita eredu gisa, berriro ere Euzkadin, 1935eko urtarrilaren 20an: “Hoy, que se reunirán varios bertsolaris de altura e ingenio, queremos que el ejemplo de Enbeita les sirva de alimento y de lección”.

Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua  Basarri hautagai perfektua