Bertsolariak Euzkadin (1933)

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-10

Bertsolariak Euzkadin –

Propagandarako berezko sena zuen Hernandorenak, eta hedabide modernoak horretarako ezinbesteko bitarteko gisa ikusten zituen: “Askotan entzun dit euskararen etsai aundiak dirala izparringiak, zinia ta irratsaiuak. Nere erantzuna beti izan dek auxe: txarrak diran bezela onak biurtu litezkela” (El Día, 1935/ XII/21, “‘Atarrene’ri Tolosa, Zarautz eta Oreretatik”. Hernandorena, Teodoro).

Hernandorenak ez zuen zinemari buruzko inolako ezagutzarik, baina Irlandara ordezkari abertzale gisa egindako bidaian kamera txiki batekin irudiak hartzen aritu zen, eta hortik sortu zitzaion ideia. Hasiera batean “Euzkadi-Europa” leloarekin Donostian ospatzekoa zen 33ko Aberri Eguna filmatzea zen zizurkildarraren asmo zehatza, baina bere irrikak askoz ere proiektu handiago batera bideratu zuen pixkanaka. Bartzelonako CineFoto etxeko operadorea etorraraziz Aberri Eguneko ekitaldiak eta gonbidatutako nazioarteko ordezkariekin egindako txangoa filmatu zituen lehenik. Aitzolekin batera Galeuzca sortu berriaren markoan ordezkaritza katalan baten anfitrioi izatea tokatu zitzaion handik aste pare batera, eta kamerak lagunduta ibili ziren hainbat kultur eta kirol erakustaldi grabatzen. Azkenik, bere kasa ere jarraitu zuen euskal estanpen bilketan. Grabaketa sistema audiorik gabea zenez audioaren grabaketa etorri zen hurrena: mitinetako irudietan ageri ziren hizlariek (Agirre, Irujo, Ammende eta Monzon) euren hitzaldiak bikoiztu behar izan zituzten Bartzelonako estudioan, eta beste hainbeste egin behar izan zuen gainerako soinuekin ere (errebote partidako ikusleen animoak Bartzelonako Batzokiko bazkideek antzeztu zituzten, esaterako). Aita Donostiaren aholkularitzaz hautatutako euskal musikaren grabaketa etorri zen ondoren, Bartzelonan burutu beharrekoa baita, eta Orfeó Catala, Bartzelonako Udal Banda eta beste hainbat jarri zituen euskal piezak zuzenean interpretatzen.

1933ko Aberri Eguna. Donostia, Atotxako frontoi irekia. Hernandorenaren eta Agirre lehendakariaren mitina. Entzuleak. Argazkilaria: Pascual Marín. Iturria: Gure Gipuzkoa

 

Erabat bide urratzailea zen Hernandorenaren ekimena: lehen euskal dokumental soinudun luzea eta euskal zinema nazionala egiteko lehen saiakera, eta Estatu mailako lehen film politikoa. Hain proiektu berritzailea izanik, EAJren inplikazioa lortzea, esaterako, oso nekeza suertatu zitzaion zizurkildarrari, eta ekimen pertsonal bat izan zen erabat: gasturik gehienak bere poltsikotik ordaindu behar izan zituen. 1933ko abenduan Euzkadi tituluarekin eta 110 minutuko metrajearekin estreinatu zenean, ordea, arrakasta polita izan zuen: “Prentsa kronikek diotenez, antzokia lepo jarri zen saio guztietan. ‘Gora Hernandorena!’ garrasi ozenak entzun ziren maiz, eta azken batean, zine emanaldiek ekitaldi abertzalearen kutsua hartu zuten” kontatzen du Lasak (2008: 474); “Publikoaren aldetik, gaitzeko arrakasta lortuko du filmak eta zinearekin ordurarte uzkur ziren abertzaleak, haren aldeko kanpainan sartuko dira” gaineratu Josu Martinezek (2015: 196). 1936ra arte luzatu ziren emanaldiak, Aitzolen laudorioak, Orixeren Euskaldunakekin filma egiteko Mokoroaren deia, Madrilen eta Ameriketan estreinatzeko saiakera antzuak, eta eremu abertzaletik at izandako oihartzun eskasa etorri ziren ondoren.

1936ko estatu kolpearen ondotik frankistek desagerrarazi egin zuten filmaren kopia oro, baina 1983an Hernandorenari eginiko elkarrizketen bidez Santos Zunzunegi irakasleak gidoia berreraikitzea lortu zuen. Lan horri esker filmak bost zati zituela ezagutzen da, eta bigarrenean “Juegos, Deportes y Danzas” delakoan bertso-saio bat txertatzen zela. Honela dio gidoi berreraikiak: “Planos de exhibición de bertsolaris [irudiak]. Bertsos: Zazpi euskalerriak/ bat egin dezagun/ guziak, beti, beti/ gauden gu euskaldun [audioa]” (Martinez, 2015: 194).

Formatu berria estreinatu berritan, lehen euskal filmtzat har daitekeen horretan, bertsolaritzak bere tartea aurkituko du, bada, fenomenoak hedapen bide modernoetan oso modu goiztiarrean sartzeko izan duen ahalmena erakutsiaz, beste behin.

Bertsolariak Euzkadin
Ilustrazioa: Patxi Gallego

Hernandorenaren bertsozaletasuna ezagututa, ez da harritzekoa bere filmean bertsolariak sartu izana. Ez zen hori izan zizurkildarrak alor honi egindako ekarpen bakarra, Aitzol bertsolaritzara hurbilarazteko funtsezkoa izan bait zen. Haien arteko harreman estua zela medio, tolosarrari bertsolaritzaren berezko balio literarioa bistaratzen eta euskal pizkundea hauspotzeko olerkariak baino bitarteko egokiagoa izan zitezkeela ulertarazten erruz saiatu zen: “Horretarako, edozer baliabide egin zitzaion egoki, herriko bertso-saioetara eramanez, buruz zekizkien bertso historikoak (Pedro Mari Otaño herrikidearenak, Pello Errotarenak…) bere aurrean kantatuz…” (Lasa, 2008: 585). Donostiako Euzko Gaztedik edota Euskaltzaleakek militanteentzako afariak antolatzen zituztenean, beti saiatzen zen bertsolariren bat eramaten, eta 1933ko Aberri Egunaren mitin nagusian Agirre eta Monzonen aurretik Matxin Irabolaren saioa jarri izana ere Hernandorenaren burutazioa izan zen.

1935eko Bertsolari Guduaren finalaren bezperan Euzkadi egunkarian argitaratutako Otaño familiari buruzko “Una dinastia de bertsolaris” artikuluaren azpitituluan Hernandorenari eskaintza egiten dio Aitzolek: “(At. de Hernandorena, el enamorado del bertsolari euskaldun)”. Lasak zizurkildarrak burututako bide-erakusle lanaren eskertza modura ikusten du eskaintza eta honela laburbiltzen du bere ekarpena: “Horrenbestez, esan daiteke Aitzolentzat Lekuona izan zela akuilu intelektuala eta Teodoro akuilu praktikoa” (2008: 587).

Au Pays des Basques (1930)

Martinezek azaltzen duenez (2015: 169-188), Hernandorenaren filmaren aurretik euskal gaia jorratzen duten beste bi aurrekari gertatu ziren: Eusko Ikaskuntzaren eskutik Manuel Ynchaustik gauzaturiko Eusko Ikasgayak dokumental laburrak (1922) eta Maurice Champreuxek zuzenduriko Au Pays des Basques dokumentala (1930).

Bigarren honetan Matxin Irabola eta Ganix Haltzueta Senpereko bertsolariek parte hartu zutela azaltzen du Beñat Soulék (2011: 132-133). Horren irudiak bai berreskuratu dira, eta mahai luze baten bueltan txaloka daukaten jende mordoxka baten aurrean ikus daitezke kantuan bi bertsolariak. Filma soinuduna da, euskara lehen aldiz ikus-entzunezko batean jasotzen duen filma, baina irudiak eta soinua ez datoz bat, eta Irabolaren eta Haltzuetaren irudiak ikusten ditugun bitartean entzuten direnak ez dira haien bertsoak. Izatez, ez dago erabat ziurtatzerik bertsotan, eta ez kantuan, ari direnik, ingurukoen txaloek bertsotan ari direla iradokitzen duten arren.

Edozein kasutan bertsolariak ageri dira bertan; azpimarratu beharra dago, bada, Euzkadiko bertsolarien sekuentzia estreinatu baino lehenago Au Pays des Basques filmak baduela bere sekuentzia. Hernandorenak gerora eragile gisa izango duen garrantziak Euzkadi lehenago aurkeztera eraman bagaitu ere hau da lehen aurrekaria.

Euskal Herritik kanpo ere berritu zen bertsolariekiko arreta. Estampa aldizkari Madrildarrak, esaterako, bi erreportaje argitaratu zituen, hamarkada arte honetan. Argazkiak ederrak dira, garai hartako bertsolaritzaz topa daitezkeen bakanetakoak. Bertsolaritzaz egiten den irudikapena garai hartan ohikoa zena: bertsolariak sagardotegiari lotuta, parrandari eta abar. ‘Manzanas, sidra y ‘bertsolaris’ en los caserios vascos’, 1928/10/3, José Rodriguez Ramos (gero Txirritari egin zaion elkarrizketa bakarra egin zuen bera, 1936an, Estamparako baita). ‘Las festivas improvisaciones de los ‘bersolaris’’, 1931/12I/12, J.E. Muñagorri.

Bertsolariak Euzkadin  Bertsolariak Euzkadin  Bertsolariak Euzkadin  Bertsolariak Euzkadin