Au Pays des Basques eta Euzkadi, lehen ikus-entzunezkoak. Hernandorena, akuilua

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-09

Hernandorena akuilua –

Hernandorena akuilua
1933 Galeuzcaren sorrerarako jardunaldietan. Erdi erdian ageri da Teodoro Hernandorena (1898, Zizurkil-1994, Donibane Lohizune), eserita dagoenari, adarra jotzeko, belarria ukitzen, itxuraz. Argazkilaria: Ricardo Martin. Iturria: Gure Gipuzkoa.

Teodoro Hernandorena ere Gasteizko Seminario famatutik pasatu zen (1911-1915), baina apaiz bokaziorik ez zuela ikusi eta medikuntzara bideratu zen; karrera Zaragozan eta praktikak Basurtoko ospitalean egin zituen (1917-1922), eta itsasontzi bateko mediku gisa Atlantikoko hainbat herrialde ezagutu ondoren (1924) Villabonan ireki zuen kontsulta. Madrilen Odontologia ikasketak burutu zituen jarraian, eta Argian, El Dían edo El Pueblo Vascon topa daitezke euskara hutsez jarri zituen Donostiako ‘ortzalari’ kontsultaren iragarkiak.

Etxean erdaraz bakarrik irakatsi zioten arren, kalean euskaldundu eta euskaltzaletu zen, eta 1931n Eusko Gaztedin sartu zen. Nortasun bizikoa zen zizurkildarra, ekintzaile petoa eta hizlari sutsua, eta, 1931ko ekainean bere lehen mitina Zubimendiren ondoan eman ondoren, Donostiako Euzko Gaztediko buruzagitzan bere tokia hartzeko eskatu zion hark. Gipuzkoa Buru Batzarreko buru izendatu zuten 1932an, eta urte hartan bertan Irlandan zen hitzaldiak ematen. 1933an, aldiz, Galeuzcaren sorreran murgildu zen, eta Argentinara eta Uruguaira ere bidaiatu zuen, diasporarekin harremanak berritzeko.

Goizetik gauera, EAJren ekitaldi politikoen karteletan ohikoa bihurtu zen haren izena: “Sona galanta lortu zuen Teodorok Errepublikako aldian. Nonahi eta noiznahi gonbidatu zuten abertzaletasuna sozializatzera” (Lasa, 2008: 165). Aktibitate horrek, ordea, ez zuen inoiz kulturgintzatik aldendu, eta alor horretan Aitzol izan zuen gertueneko bidelaguna: “(…) gerra aurreko euskalgintzan pertsonaiarik eragileena gertatu zen Jose Ariztimuño Aitzol apaiz nekaezinaren aldamenean jardun zuen” (id.: 57). Jada azaldu den gisan nortasun handikoa zen Aitzol baina Lasaren arabera Hernandorenari errespetu handia zion: “Teodoro zen Aitzol eramaten zekien bakanetakoa […] Teodoro autoritatea zen, eta bere izaera ausart eta suhartsuari esker bazekien erabiltzen botere hori, baita Aitzol bezalako pertsonaia ukiezin baten aurrean ere!” (id.: 584-585).

Azaldu berri den euskarazko irratsaioaren historian ere izan zuen bere partea. Bera izan zen Union Radiorekin astean ordubeteko emanaldia erosteko Union Radiorekin negoziazioa egin zuena, eta irratsaioen finantzaketa ere berak lotu zuen, Gipuzkoako Aldundiaren aldetik 1.500 pezetako dirulaguntza urteko. Bestalde, hizlari gisa ere parte hartu zuen hainbatetan, Estatutuaren aldeko kanpaina eginez edo irratsaioaren lehen urteurrenaren ospakizunean.

Hernandorena akuilua
1932. Hernandorena Donostiako Unión Radioko Euzkel orduba irratsaioko kolaborazio batean

Euskarazko kirol-kazetaritzaren aitzindarietako bat ere izan zen Zubimendirekin batera. El Dían sorreratik kolaboratu zuen pilotari buruzko testuekin, pixkanaka herrietako berriemaile sarea osatuz, eta 1935ean “Gipuzko Pilota Batza” eguneroko euskara hutsezko orri erdiko atala zuzenduz. Pilotazale amorratua zen zizurkildarra, kirol hori sustatzeko elkarte baten eraketan murgildurik zebilen garai hartan, eta proiektuari bultzada bat emateko asmoz jarri zuen martxan El Díako atal finkoa.

Pilotazale bezain bertsozalea ere bazen Hernandorena. Teodorok berak azaltzen duenez, Pello Errota izan zen bertsoarekiko harra sartu ziona: “Igandero etortzen zen irina ekartzera Zizurkila, asto pare bat eta mandoa zakuz kargatuta. Sekulako bertso-saioak egiten zituen beste zizurkildar batekin. Zoratzen egoten nintzen haiei begira. Zortzi edo bederatzi urte izango nituen…” (Lasa, 2008: 570). Juan Bautista Otaño herrikidea, Txirrita, Gaztelu eta Frantsez Txikia ere ezagutu zituen herriko festetan kantuan.

Hernandorena akuilua