Bertsolaritzari eskainiriko minutuak

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-08

Bertsolaritzari eskainiriko minutuak –

Bertsolaritzari eskainiriko minutuak
Iñaki Eizmendi Basarri oso gazte bat, ezkerraldean abrigu zuria eta txapelarekin, Euzkel orduba irratsaioko eguneko gonbidatuen artean. Zarauzko emakumeen abesbatza. Argazkilaria: Ricardo Martín. Iturria: Gure Gipuzkoa.

1934ko otsailaren 10ean irrati bidez eduki politikoak zabaltzeko debekua ezarri zuen Errepublikako gobernu eskuindarrak. Lehen emisioetatik eman izan ziren euskarazko irratsaioaren inguruko kexak, euskaraz egiten zirelako batzuetan eta ideologia abertzalea zabaldu ei zutelako besteetan. 1934ko urriaren 5ean Asturiasko matxinada hasi zen, biharamunean Companysek Kataluniako Estatua indarrean sartzen zela deklaratu zuen, eta Madrilgo gobernuak egoerari erantzuteko abiarazi zuen errepresio oldearen baitan ezarri zen, urriaren 10ean, otsaileko legea aintzat hartuz, euskal irratsaioen debekua.

137 emanaldi izan ziren guztira, eta grabaziorik gorde ez bada ere, El Día, El Pueblo Vasco, Argia eta Euzkadin eskainitako informazioek irratsaioan eskaintzen ziren edukien arrastoa jarraitzeko modua ematen dute. Itxieraren berri emanaz El Díak urriaren 31n argitaratutako “¡Han muerto las emisiones euskéricas!” artikuluak, esaterako, errepaso orokor eta joria eskaintzen du. Honela, emanaldietan parte hartutako herri ezberdinetako batzokiak aipatzen ditu, Hernaniko eta Pasaiako ‘Schola Cantorum’-ak, Donostiako poxpolinak, antzerki munduko Beorlegi eta Egileor, Donostiako Orfeoiko bakarlariak, Eusko Abesbatzako partaideak, Donostia edo Errenteriako txistulariak… Eta bertsolariei ere egiten die aipamena: “Bertsolaris se presentaron muchos y buenos. Un botoncito de muestra, los conocidos Arizmendi, Arostegi y el popular ‘Azcoiti’ de amenidad considerable”.

Topatu ahal izan diren erreferentzietatik ondoriozta daiteke bertsoa elementu garrantzitsua izan zela euskarazko lehen irratsaio hartan. Lehen emanaldia, esaterako, Zubimendik Etxepareren ‘Kontrapas’ famatuari keinu bat eginaz propio sortutako bertsoekin eman zitzaion hasiera: “Ua, ua emendik, otsa!/abil azkar, pizkor, abotsa! /Gure izkuntzen agur laztana, /ludiko euskeldun danorengana […]” (Ordozgoiti, 2012: 15-16). Eta Zubimendik berak azpimarratzen du bertsolariei bere irratsaioetan eskaini nahi izan zitzaien tokia: “Bertsoak, herri-mamiko bertsoak ere, bazuen leku, eta ez laburrena: gure herriak hain maite dituen kopla zaharrak sarritan entzuleen belarri ertzean; baina eguneko bertsolaria ez zegoen ahazteko. Bertatik igaroak ditugu anitz bertsolari” (2002: 108).

Bestalde, hamalau irratsaioren amaieran parte hartzaile guztiekin Zubimendik ateratako argazkiak ere eskaintzen ditu Ordozgotiren lanak. Honela, 1933/01/25eko saioan Iñaki Eizmendi Basarrik parte hartu zuela ikus daiteke, eta 1933/02/08koan Joxe Mari Lopetegi izan zutela gonbidatu. Bestalde, argazkietan azaltzen ez bada ere Matxin Irabola ohiko bat zela gaineratzen du ikertzaileak.

Basarrik irratsaio hauekin lotura berezia izan zuela ikus daiteke. Aipatu den gisan 100. emanaldiaren ospakizunetan ageri da “bertso-berriyak”. Euzkadin argitaratu zituen kolaborazioetan, bestalde, batean, irratsaioa nola sortu zen azaltzen du, hurrengoan, Txomin Olano musikariak pianora egiten duen ekarpena da goratzen duena, edo, beste batean, ehungarren emanaldiaren ospakizuna iragartzen du.

Bestalde, badirudi bertsoak ez ezik bertsolaritzari buruzko hitzaldiak ere eskaintzen zituela irratian. 1933/XII/22 datarekin eta “Bertsolariak” izenburupean topatu ahal izan da hitzaldi horietako bat El Día egunkarian. Bertan irakur daitekeenez, oso maiz hartzen zuen parte Basarrik irratsaioan: “Agur irratentzule biotzekoak: Bein da berriro ere emen nazute zorioneko tramankulu onen aurrean ta gaurkoan, eusko bertsolaritzaz, labur itzegin nai nuke”. Hala ere, labur egiten zitzaion eskaintzen zioten denbora: “Gai onetan, nire esku balego denbora geixeago beteko nuke baña emen, amar ‘minutu’ soileko tartea bakarrik euki”. Diskurtsoan lehen zati batean bertsolariak goratzen ditu, jarraian garaiko intelligentsiaren diskurtsoarekin, hauek defendatzen zuten bertsolariak jantzi beharrarekin, lerratzeko: “Tamalgarria. Garrantzi gabeko gauzetan nekatu dituzte beren adimenak. Ardandegi ta sagardotegietan neurtu dituzte beren almenak. Ango ardo kontua, emengo neskazarra ta alkarri alakoak esaten: askotan asarretzeraño gañera”[1].

Bertsolaritzari eskainiriko minutuak
1936. Txapela irabazi berritan irratira gonbidatu zuten Txirrita eta bertatik bertsotan aritu zen.

Itxieraren ondoren, irratian kolaborazio puntualak egiten jarraitu zuten Luzearrek eta Zubimendik, esaterako, Kontxako estropaden historiako lehen zuzenekoa, Igeldon jarritako linea batetik 1935eko irailaren 19an lokutatua. Pixkanaka kolaborazio horien garrantzia eta maiztasuna areagotuz joan ziren, eta 1935eko abenduaren 5etik aurrera irratsaioaren bigarren aldi bat abiaraztea lortu zuten, ostegunero emititzen zen programarekin. Aurreko aldian lantaldea Euzko Gaztediren izenean ari bazen, bigarren honetarako profil politiko lausoagoko erakunde baten babesa bilatu zen, eta Donostiako Euzko Pizkundea Kultur Elkartea agertuko da paperetan. Irratsaioak aurretik irekitako bide berari jarraitu zion, ordea: akordeoi eta trikiti-jotzaileen parte hartzeak, Nikanor Zabaleta harpa jotzailearena, Poxpolinako haurrena, ikastoletako hainbat andereñorena… Bertsolaritzak bigarren aldi honetan ere izan zuen presentziarik. Horrela, Txirritak 1936ko txapela jantzi ondoren egindako bisitaren berri ematen du Zubimendik:

Txirritak saria jaso zuen urtean […] handik kantatu zuen, eta gogoan hartua du jendeak bertatik zabaldutako bertso hau: ‘Inbentu ederra egin digute/ gure euskera zabaltzeko;/ inpernutako sorgiñak dira/ nere ustetan tarteko!/ bañan alare onik artzen det,/ ez da gauza tristetzeko,/ baldin emendik kanta al badet/ euskaldunak agurtzeko.’” (2002: 108)

Bertsolaritzari eskainiriko minutuak
Ilustrazioa: Patxi Gallego

[1] Ehundik gora izan ziren irratsaio horietan bertsolaritza hizlari gehiagoren ahotan ere ibili zela pentsa daiteke. El Dían 1932/IV/21 datarekin argitaratua Aitzolen lokuzio hau argitaratu zen, esaterako:

“Donostiatik irrati entzuleei agur! Argentina mugagabetako zelai aspergarrietan aspaldian loretu zitzaigun olerkariari buruz itz egiteko natorkizue […] Otaño apal eta umila. Otaño euskaltzaleak, eusko-gogoa yayoago senti eta biziago azaldu du. Iparragirre euskaltzalea zela nork uka ote lezake? Ala ere […] Iparragirre ‘dilettanti’ xamar ote zen esan genezake.”

Bertsolaritzari eskainiriko minutuak  Bertsolaritzari eskainiriko minutuak  Bertsolaritzari eskainiriko minutuak  Bertsolaritzari eskainiriko minutuak