Haize berriak kulturgintzan
Haize berriak kulturgintzan –
Euskal Pizkundearen bigarren olatu honek aire berriak zekartzan. Ideologia jeltzalea, foruzalea bezala, kontserbadorea zen, eta diskurtso antimoderno bat zerabilen, euskal kultura baserri munduarekin lotzen zuen irudikapen esentzialista bat baliatzen zuena, baina kulturgintzaren praktika modernoak asko garatu ziren eta garapen honek geroz eta arrakala nabarmenak ireki zituen diskurtsoan ere. Díaz Nocik Gregorio Mujikaren hitzak dakartza arrakala horiek ilustratzeko:
“Evolución y movimiento son vida: hagamos, pues, que el euskera entre de lleno en la evolución de las ideas, en el movimiento general de las cosas todas, y le veremos bajar de los montes al llano e invadirlo todo encarnando las ideas últimas, las teorías nuevas” (Euskal Esnalea, 1908/II/15, 2. zk., 12. or., Gregorio Mujika; Diaz Noci, 1998: 68)
Zalbidek azaltzen du industrializazio prozesuak hartutako garapen mailarekin eta erdal immigrazio masiboekin euskal mundu aurremodernoaren galera atzeraezin bihurtu zela belaunaldi horretako gehiengo batentzat, eta biziraupenerako egokitzapena hobetsi zela estrategia gisa: “[…] euskal gizartea bere lehengo izate hartara berriro eramaterik ez zegoenez, Euskal Herriak herri gisa bizirik jarraitzea nahi bazen aro berriari ongi egokituko litzaizkiokeen oinarri eta lokarri etnokultural eguneratuak asmatu eta ezarri beharrak zeudekeen” (1988: 397). Honela, burutu ziren ekimenak bizitza kaletarrari egokitzen zitzaizkiola azpimarratzen du: “Osasun onez edo makalik, galtzear edo are zeharo hilik zeuden etnokulturazko elementu guztietatik batzuk bakarrik gordetzen eta berpizten ahalegindu izan da, horregatik, euskaltzale-jendea: begiz jotako gizarte-asmo hiritar-modernorako egoki eta beharrezko zeritzanak hain zuzen” (1988: 401). Usandizagak, Azkuek eta Guridik musika alorrean eginiko ekarpenak aipatzen ditu, Europan egiten zenarekin erabateko sintonian leudekeenak, edo Gabon kantak eta Olentzeroren ospakizuna Tolosa edo Donostia gisako guneetatik berrabiarazi izana. Gregorio Mujikaren hitzak dakartza honek ere: “Iñork esatenbadizute ezertarako balio ez duten zarkeriak ekartzea dala guk naideguna, erantzuiozute Euskalerria jarri nai degula bide berrian eta jarraitu azi aurrera beti; gure gauza zarretatik batzuek betiko utzi nai ditugula, antolatu oraingo bearrak betetzeko beste batzuek” (R.I.E.V., 1907, 1. zk., 544. or., ‘Euskeraren alde’, Gregorio Mujika; Zalbide, 1988: 397-398)
XIX. mendearen bigarren erdian antropologia fisikoak indar handia hartu zuen Europa osoan zehar, eta arreta berezia jarri zion gainera euskal arrazari[1]. Testuinguru horrek Sabino Aranaren diskurtsoan arrazari ematen zitzaion garrantzia ahalbideratuko zuen. 1920ko hamarralditik hasita, ordea, antropologia kulturala izango zen kontinentean geroz eta indar handiagoa hartuko zuena eta garaiko ikerketetan fokua etniaren ezaugarri fisikoetatik beraren praktika kulturaletara pasatu zen. Euskal intelligentsia berrian, ezagutza zientifikoak zuen maila zela eta, fokuratze berri horren oihartzuna ere iritsi zitzaien, eta kulturalismoak are pisu handiagoa hartu zuen abertzaletasunaren baitan.
Izatez, orduan abiaraziko dira bertako hainbat ikerketa antropologiko-kultural ere: “Durante las décadas de 1920 y 1930 Barandiaran se dedicó desde el seminario diocesano de Vitoria a organizar con los seminaristas el estudio sistemático de los diversos aspectos sociales y etnográficos del País Vasco” (Zulaika, 2000: 105). Manuel Lekuonak bertsolaritzari eginiko funtsezko ekarpena garai eta giro horretan gauzatu zen, hain zuzen.
Faktore horien guztien eraginez, oinarrizko gorabehera batzuk marraztuko dituen ibilbide bat izango du Euskal Pizkundearen bigarren olatu honek. Joseba Intxaustik honela laburbiltzen du: “Lehenengo ekinaldi instituzional bizi baten ondoren, Diktadurarekin ahalegin-mota hori epeldu egin zen, baina 20ko hamarkadaren hondarrean (1926-1930) prestatu zen Errepublikako loraldia (1931-1936)” (2014: 54). Errepublikako loraldi horren ginga Eusko Ikaskuntzak 1930ean Bergaran egindako batzarrean abiarazitako Autonomia Estatutuaren proiektua izango zen: 1931n eman zen burututzat, 1933an Espainiako Gorteetan trabaturik gelditu zen, eta, azkenik, 1936an onartu zen, Euskal Pizkunde hau eta bere emaitza guztiak sarraskituko zituen gerra hasi berritan.
[1] Brocak, Retziusek, Collignonek eta Hervék, kontinente mailan prestigiorik handiena zuten figurak guztiak, euskara Europako hizkuntzarik zaharrena izan zitekeela zioten hizkuntzalarien teoriekin bat eginaz, euskal gizakia jarri zuen kontinenteko jatorrizko arrazaren aferaren xede puntuan.