Eneko Lazkoz
Eneko Lazkoz

2024-12-12

Aulkitik begira lasai

Halaxe nabil azken boladan kide gipuzkoarrei begira. Saioren bat bertatik bertara, beste batzuk etxetik…  Aulkian eserita. Lasai.  Batzuengatik poza bezala beste batzuengatik min hartuz. Badakigu nolakoak diren txapelketak. Erabat justuak inoiz ez, mingarriak askorentzat. Gogorrak beti parte hartzaile guztientzat. Gure lagun Luzek behin esan zuen bezela:” lau karamelo eta dozenako belarrondoko. Horixe duk txapelketa!”

Aulkitik begira lasai –

Aulkitik begira lasai

Aurten presio horri dagokionez lasai nabil ni aspaldiko partez. Hiru urtez bi Nafarroako eta tartean Nagusi bat harilkatu ondoren atseden urtea tokatu zait aurtengoa. Nik ez ezik ingurukoek ere deskantsu ederra hartuko zuten!

Izan ere, oso gogorrak izaten dira txapelketak. Hilabete batzuk lehenagotik hasten den prozesu bat. Izena ematea argi baldin baduzu, ongi. Bestela hortxe lehen buruhausteak. Eta behin izena emanda, lanean hasi beharra. Ointegia dela, bertso eskolan fundamentuz elkartzen hasi beharra, bertsokideekin entrenamendu saioak, helburuak, presioa, ilusioa,  beldurrak… Bertsoa bizitzaren erdigune eta obsesio bihurtzeraino. Horrek norberarentzat eta ingurukoentzat dakarren guztiarekin.

Horregatik hartu dut gustora aurtengo udazkena. (Auto)exijentziaz beteriko hiru urteren ondoren patxadan pasa ditut udara amaiera eta udazkena. Tarte horretan dozena erdi saio ingurutan kantuan izateko zortea ere izan dut, beraz pozik! Eta poz eta patxada horiek  Gipuzkoako Txapelketari beste aldarte batetik begiratzeko aukera eman didate. Nolabait esatearren, bertsozalearen betaurrekoen atzetik.

Iruditzen zait txapelketan murgilduta gaudenean entzule bezala izan ditzakegun alderdi txarrenak errazago agertzen zaizkigula. Akatsari azertuari baino arreta gehiago eskaintzen diogula eta horrek bertsoaz eta bertsolariez gozatzea galarazten digula. Are gehiago espero ditugun emaitzak jaso ez eta minduta gaudenean.

Distantziatik erosoago ikusten da dena. Nahiz eta gure bertso mundu hau oso mundu handia ez denez, distantzia ere ez den horren distantzia. Batzuk gertuagokoak besteak ez hainbeste… bertsokideen poz eta minek eragiten dutelako. Txapelketa bakarra den arren, bertsolari bakoitzak bere txapelketa bizitzen baitu.

Halaxe joango gara datorren larunbatean Ilunbera. Emateko asko duten zortzi artistaren saioa gozatzera. Horixe opa diet beraiei ere, finalaren tentsioak tentsio, goza dezatela. Lortzen badute, denok irabazle!

Ni aulkian eserita lasai egongo naiz. Lasai, eta zertan ukatu, inbidi puntu batekin ere bai! Txapelketak oso gogorrak eta neketsuak izango dira bai, baina badute engantxatzen duen zerbait!

Zorionak eta animo denei! Bai finalean kantatuko dutenei, bai bidean geratu direnei ere!

Txapelketa ondorenek ere izaten dute bere mamia eta… digestio on!

Aulkitik begira lasai