Bizkaiko egoitzetan bertsolaritza erabili nahi da adineko pertsonentzako terapia gisa
Bizkaiko egoitzetan bertsolaritza erabili nahi –
Udal-egoitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Bertso Ardatz izeneko ekimena abiarazi dute, euskal kulturaren adierazpen horren bidez adinekoen bizi-kalitatea eta gaitasun kognitiboak hobetzeko xedeagaz. Lehen saioetako bat Leioako adinekoen egoitzan egin dute, eta abenduan saio gehiago egingo dituzte beste udalerri batzuetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak, adineko pertsonentzako 12 udal-egoitzagaz lankidetzan, Bertso Ardatz kultura-ekimena jarri du abian. Ekimenaren helburua egoiliarren bizi-kalitatea eta gaitasun psikoemozionalak bertsolaritzaren bidez hobetzea da, euskal kulturaren adierazpiderik esanguratsuenetako baten bidez, hain zuzen ere.
Lehenengo saioak Leioan, Ondarroan, Orozkon eta Otxandion egin dituzte eta oso balorazio onak jaso dituzte langileen, zentroetako zuzendaritzaren eta egoiliarren aldetik, eta motibazio- eta konfiantza-giroa nabarmendu dute. Abenduan, saio gehiago egingo dituzte ekimen horretan parte hartzen duten gainerako egoitzetan.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatua Durangoko udal-egoitzan egon ziren, Nerea Ibarzabal eta Ander Elortegi bertsolariek gidatu duten saioan.
Leixuri Arrizabalagak adierazi zuen bertsolaritza eta euskara gure kulturaren funtsezko zutabeak direla, eta adinekoen bizitza hobetzeko balio badute, hori ona dela gizarte osoarentzat.
Bestalde, Amaia Antxustegik adierazi duenez, saio horietan oroitzapenak eta bizipenak datoz burura, eta, gainera, konfiantzazko jai-giroa sortzen da egoiliarren, bertsolarien eta egoitzako langileen artean; horrek barne-harremanak hobetzen ditu eta oso onuragarria da maila emozionalean eta kognitiboan.
Hamabi egoitza
Foru Aldundiak lurraldeko udal egoitzei eskainitako ekimena herri hauetako egoitzetan garatzen ari da: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Amorebieta-Etxano.
Saio bakoitzean eskualde bereko bertsolari bik parte hartuko dute, eta, esperientzia aberasteko, bertsolariak belaunaldi desberdinetakoak izango dira. Gainera, aldez aurretik, zentroetako dinamizazio-langileek aztertzen dute zer bertso zahar eta herri-kanta gustatzen zaien gehien egoiliarrei, eta horrela, esperientzia pertsonalizatuagoa eta esanguratsuagoa izango da.