Arantzazu Loidiren ardura izango da txapeldunari txapela janztea
Arantzazu Loidiren ardura izango da txapeldunari txapela janztea –
Haurrentzako lehen bertso-eskolaren sorreratik 50 urte igaro dira. Almeneko bertso-eskolaren urteurrenak txapelketa izan du eszenatoki nagusi, lehen bertso-eskola horri omenaldia egin nahi izan baitio Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Arantzazu Loidi Almeneko bertso-eskolako ikasle izan zen, eta Patxi Goikolea izan zuen irakasle; biak izango dira oholtzan abenduaren 14an: Loidik txapeldunari txapela jarriko dio, eta Goikoleak 25 urtez azpiko bertsolari onenari emango dio saria.
Honakoa adierazi dute txapelketako antolatzaileek: “Arantzazu Loidi, Aretxabaletan jaioa, azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat da. Lehen haurren bertso-eskola hartako kide, bertsolaritzaren alde eta ertz ugari bizi izan ditu: hasi bertsoak abestetik eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta. Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen bere ibilbidea. 1982an izan zen lehen plaza hori, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta handik hiru urtera jantzi zuen txapelketa horretako txapela; bat-batean zein idatziz. Plaza ugari egin zituen hurrengo urteetan, baita sariketak ere: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartu zuen parte, eta horixe izan zen bere azkena, 1993an plazako jarduna utzi baitzuen. Plaza uzteagatik, ordea, ez zen bertsolaritzatik urrundu: hamarkada luzez aritu zen gai jartzen eta epaitzen, Gipuzkoako zein Euskal Herri mailako ekimenetan. Bertsolaritzaren inguruko bi ikerketa ere plazaratu zituen, bertso-eskolei eta hedabideei buruzkoak”
Ez dira txikiak izan, bestalde, Goikolearen ekarpenak. Honatx GBE-ak dioena: “Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen Goikolea, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hiruak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, eta bai lortu ere. 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren. Hirukote horrek emandako pausoa aitzindari izan zen, proiektua hartu eta lurralde osoko ikastoletara zabaldu baitzuen Gipuzkoako Ikastolen mugimenduak, gaur egungo Bertsozale Elkartearen hezkuntza arautuko programaren lehen pausoa. Goikoleak, bere aldetik, epailetzan egin zuen ibilbidea Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapelketetan, epailetzako lehen irizpideak zehazten ere egin zuen lan. Gerora, gazte mailako zenbait sariketatan aritu da epaile, bere pasioa, belaunaldi berriekiko transmisioa, jarraituz”.
Une hunkigarriak espero dira, beraz, Ilunbeko oholtzan, bizi oso baten dedikazioa, maitasuna eta engaiamendua omenduko baitira.