2024-11-11
Errimatzearen plazer unibertsala
Errimatzearen plazer unibertsala –
Hau esanez sartu da gaur gure ikastetxeko sukaldaria ikasgelara:
Beans, beans; good for your brain, good for your heart,
the more you eat, the more you fart!
Babarrun bete ontzi eskuetan karraio; ostirala izanik, zer arraio! Umeek algara egin dute. Irakasleok ere bai eta baita sukaldariak berak ere; guztiontzat mesede!
Errimatzea baloiari ostiko ematea bezain erakargarria eta atsegingarria da haurrentzat. Baloiak oinari ematen dion plazer bera ematen dio oinak ahoari. Sorgina eta pirulina, zakurra eta hezurra, eguzkia eta izozkia… Esateko bezain ederrak entzuteko. Emateko zein jasotzeko. Ez da Euskal Herri zabalean abesti errimaturik erabiltzen eta gozatzen ez den ikastetxerik izango.
Ezta munduan ere, ziurrenik. Ez ni bizi izan naizen munduan, behintzat. Kolonbiako ikastetxe batean irakasle nintzen garaian, ikasleek cura eta pedicura, ratón eta cartón edo valiente eta sobresaliente hitzak errimatuz hartzen zuten atsegin. Profesores; ojalá fueseis mejores! Esaldia esaten amaitzerako marrazten zitzaien irribarrea ahoan, bai baitzekiten egiten ari ziren hark atsegin emango ziela eta algara eragingo zuela.
Azken aldian oso bestelako oin bikoteak entzun eta osatzen ari naiz: house eta mouse, wood eta good… Ez dute zerikusi handirik eguzkia eta izozkia edota valiente eta sobresaliente-rekin. Ez hizkuntzak, ez ikasleen maila sozioekonomikoak, ez kulturak… Baina Irlandako ikasleek Oñatiko eta Medellingo ikasleen erreakzio bera dute errimatzean; Winner-winner, chicken dinner! esan eta horra festarako aitzakia. Ez al da errimatzea plazer unibertsala izango?
Gauzak horrela izanik, bada ordea niri ernetzen zaidan kezka bat; zergatik futbol eskolak gainezka eta bertso eskolak erdi hutsik dauden. Bada ondo egiten ari ez garen zerbait…