2024-11-07
Hanka-hutsik
Hanka-hutsik –
Igo gara gaurko oholtza berezira, saioaren izaerak lurra ere aldatzen baitu. Saio esperimental bat da; izan, ez da bertso saio bat ere. Irakurketa bertsotua deitu diote, hainbeste bertso musikatu/marraztu/dantzatu edo esperimentaturen ondoren. Bat-batean egin behar dugu, baina aurrez jakin beharreko gakoak eta koplak ere badira tartean, elkarrekin kantatzeak aurrez jakitea eskatzen baitu. Eta inprobisatzea eta gogoratzea garuneko bi atal desberdinetan gertatzen zaizkidanez, urduri nabil, buruko bidezidorrak azkartu nahian.
Baina irten gara oholtzara, egin da isiltasuna, eta gaurko protagonistak, bestetan gai-jartzaile deituko genukeen baina gaur protagonista denak, oinetakoak erantzi ditu. Eta galtzerdiak atzetik. Eta behatzak zabaldu ditu oholtzako lurra azpian bilduz. Keinu horri begira, oholtza hondartza balitz lorratza utziko lukeela pentsatu dut, eta soinean eramango lukeela arrastoa oinak ere.
Eta abiatu du sortzaileak testua, oinhutsik bere bidea eginez, bidea bere eginez. Eta jaurti digu zimurtutako lehen orria, mikrofonora zutitu gaitezen. Gu, oinetakoekin jarri gara mikrofono hanken aurrean, ohiko posturan eta moldean, bat-batean. Hala ere, gure gidaria oinhutsik dabilela pentsatze hutsak aldatzen du giroa apur bat. Tentsioa ez da hain tentsio horrela.
Pentsatu dut zenbat aldatuko litzatekeen oholtza oinetakorik gabe demagun galtzerdi gozo batzuekin zapalduko banu, edo gaurko sortzaileak bezala erabat oin biluziz. Nire burua irudikatu dut, lehia testuinguru bateko oholtza erraldoi horietako batean, gaurko gidariak egin duen keinu hori eginez, behatzak zabalduz ahalik eta lur gehien zapalduz, pausoa ondo bermatuz, urrats bakoitzean sustraiak ereinez.
Baliteke hori izatea hainbeste desio dugun lorratza uzteko modua. Akaso, horrela fisikoa litzateke saio hori amaitzean etxera ekarri ohi dugun arrastoa: oinpean edo behatzen artean geratu zaigun hondar alea, edo batzuetan orpo azpian iltzatu zaigun harri zintzarra.
Oinak biluzik eramatea ez da oso hautu defentsibo ona, ezegonkor edo arriskutsu irudikatzen dugun lur batean barneratzean. Aldiz, baliteke hori izatea gakoa defentsiban joateari utzi eta oholtza handi horiek ere, gure etxea, gure lurra direla sentitzen hasteko. Sustraiak ereiteko. Huts egitea eta hanka sartzea ez dira hain larriak, hanka-hutsik. Baliteke txapelketan oinetakoen barruan nire behatzak zabaltzen eta lurra sentitzen sumatzea.