Bertso ibilbidea: Bera

Bertso ibilbidea Bera –

Bertso ibilbidea Bera

Larun geroz eta hurbilago ikusi orduko badakit etxera ailegatzeko ez zaidala gehiegi falta. Kaxkoaren magalean justu, Bidasoa ibaiak eta Zia errekak egindako ibarrean sortu zen gure herria: Bera. Mendi-lurrak kontuan hartu gabe, herri moduan Bortzirietako handiena da Bera. Gipuzkoa eta Lapurdiri itsatsita, “mugako” izatea bizimoduan islatuta izan dute herritarrek azken mendeetan.

Izana eta izena aldatu zaizkio (dizkiote, hobeki erranda) urteen poderioz. Euskaltzaindiak ikertu zuenaren arabera, 1366. urtean Bera ezarri zioten ofizialki; 1565ean Tierra de Bera; 1622an Bera de la montaña de Navarra; eta urte berean Bera del Reino de Navarra. Aldaketekin aski ez eta errege dekretuaren bidez ezarri zuten 1916ko uztailean Vera de Bidasoa. 1989. urtetik aitzin Udalak izen ofizialtzat hartu zuen egun duguna (eta jatorrizkoa). Hemen zenbat buru, hainbertze aburu, eta aukera duenak, nekea berekin. Nafarroako udalerri baxuena da, garaierarik ttikiena duena. Baina erne, bertso kontutan… ttikia bai baina exkaxa ez!

 

  1. EZKERRENEA

Ekin diezaiogun gaurko ibilaldiari. Ziur nago gure lehendabiziko geltoki hau ez dela Berako bertsogintzaren hasiera izanen; alabaina, nire gaztetasun eta ahalmenek ez didate urrunxeago joaten utzi. Adinarena diot, erran gabe doalako zoritxarrez nekez aurkituko ditugula liburuetan edo dokumentuetan baserri giroan bertsotan aritzen zirenak, edota beratar emakume bertsolariak. Beraz, zilegi bekit azpimarratzea bertso ibilbide osatu gabea izanen dela honako hau.

Onartuko dizut irakurle, dudazkoa ere badela lehendabiziko leku-hautagaia, oraindik ez baitago guztiz argi non jaio zen etxe honetan bizi izan zen protagonista. Beratarra ote? Tira, guk behintzat, hori pentsatzeko lizentzia hartu dugu. Izan ere, herrian Konforbaita Ezkerrenea ere deitu izana ez da kasualitatea… beleak, bere kanta gogoko.

Joxe Martin Mikelajauregiz ari nintzen, Ezkerra ezizenarekin ezaguna zenaz. Orain gutxi izan dut bere berri nik, baina pentsa, 1763. urtean sortu zen mundura eta 1861ean eman zuen azken hatsa. Lehen aipatu dugu zalantzak ditugula bere sorterria izendatzerako orduan; batzuek diote irundarra zela, bertzeek beratarra… Badakiguna da 1858ko Lore Jokoetan Anton Abadiak Jose de Vera «Ezkerra»tzat aurkeztu zuela, eta Jose Antonio Bengoetxea Lekuona Ardotxek halaxe hasi zuela bertso bat: Exkerra beratarra, zuretzat goraintzi / lengo kostunbre zaharrak etzaizkigu ahantzi (argi gera bedi beratarra zela pentsatzeko arrazoiak ditugula). Liberala eta konstituziozalea izaki, Baionako kartzela ezagutu zuen, baina irri eta ziriari ez omen zien eskapatzen utzi bertako egonaldian ere. Hala, gehienbat haren eskuizkribu eta bertsopaperetan oinarritu gaitezke bere bizipenen bilduma egiteko. Honatx, adibidez, bere umorearen errestoak uzten dizkiguten bertso batzuk:

Bertso ibilbidea Bera
Arg: Inaxio
  1. Bertsu berri batzuen noha ni hastera,

nere pentsamenduen deklaratzera

Behin batez joan nintzan Aranatz aldera

azienda eder baten dirutan saltzera.

Plazarat atera,

Artxeren atera,

Denok itz batera,

Zaukaten papera,

Bainan pagamendua bethi atzera.

 

  1. Amairu urte badu tratu hori zela,

mando bat Aranatzen saldu nuela.

Asto bat artu nuen orduan gibela,

muturrean kalitza, zangoan zibela

Ez du txit ustela!

Ona ta fidela

Iduri du dela,

Ez gazte ergela

Segur adimenduan sartua dela!

 

  1. Asto hori saldu diot Manuel Traturi.

Azienda ona dik eta balia bedi!

Gorputz guzian ez dik untza bat haragi,

ilepetik begiak ez ditik ageri,

Zer deabru duk hori!

Arima galgarri,

darotak ekarri!

Errekan duk sarri,

Landan para diau xori izugarri!

 

  1. Len-ere aitu nuen asto horren fama,

nola zen Sumbildik gezur truk gana,

Lepoa luze badik hirur kana,

ezur eta larru da, dena uliek jana.

Arri! Poca gana!

Len zerbait izana,

Onenak emana,

Ori duk ire plana,

testament egitera jo duk enegana!

 

  1. San Esteban eguna zen seinalamente,

Irundik etorri zen Don Martin-Jose,

Bertan gertatu ginen laur edo bost traste,

oihalik izan bazen an bazagon sastre,

Nik ere an parte,

Arin eta gazte,

Diruak ahitu arte,

Biba la liberté!

Antxe galdu nuen burro baliente.

 

  1. Orai akabo dira prenda orren kheak,

nere eskutik egin tu bere biajeak,

Parrez itotzen zagon nere emaztea,

orain izango dugu auzoan pakea,

Infame tristea,

Ladron pasantea,

Galdurik alkea,

Nondik nai kaltea

Baratze guzitan zuen bere partea.

 

Historia idazteak badauka antzik istorioak asmatzearekin. Ezkerra hil baino lehenago, 1830ean jaio zen Martin Olaetxea beratarra. Ezer gutxi dakigu hartaz, baina bertso ederrak utzi zituen liberalen aurka, eta zauriaren gainean piko egiteko beldurrik ez eta Fermin Legia herrikidea ere ederki seinalatu zuen. Pio Barojak bildu zituen bere liburu batean haren bertsoak; hona hemen horietako bat:

 

Armada eder bat ekarri digu

Berara Fermin Leguiak

yudu ta sastre protestantiak

ark ere eztitu beriak,

galtz’en neurriyak

artu diyote español kazadoriak

 

  1. ERRIKOITXIA

 

Pausuak eta urteak aitzinatuko ditugu hurrengo ez-geltokira iristeko. Ez-geltokia diot, garai bertsuan kokatu arren, Joaquín Goyak idatzitako Iru beratarren euskal bertsoak liburuak gonbidatu bat baino gehiago aurkeztuko dizkigulako. Altzate kaleko Errikoitxia izanen dugu abiapuntu eta bertako protagonistarekin hasita ezagutuko ditugu ondoko lagunak. Errikoitxian bertan jaio zen 1874an Ignacio Larramendi. Txikitatik irudimentsua omen zen, eta ziur sormena ere kabitzen zela bere ofizioan: espartziñegiteillea zen. Ahots eder eta tenorra zuen, eta euskaldun bihotza. Aspirazio handirik gabe bizitza xume bat egin omen zuen hitzarekin jolasean. Herriarekiko eta hizkuntzarekiko maitasuna nabarmentzen da bere bertsoetan:

 

Bertso ibilbidea Bera
Altzate kalea, aspaldian. Eskuinean Errikoitxia ikusten da. Arg.: Phototipe Ladouche Freres

 

Etorri zattez egun batian

xoko on au ikustera,

Ibilli-aldi bat egiñen dugu

erriyan lau aldetara.

Begi zabalaz begitu ongi

alde bat eta bertzera

Arriturikan erranen duzu

¡Zeñen pollita den BERA!

 

Lau urte geroago, 1878an jaio zen Roman Dornaku. 12 senidetan gazteena izaki, gurasoek elizara bultzatu zuten txikitan, eta Ordo Fratorum Minorum-eko, kaputxinoetako, kide egin zen. Misioilari ibili zen Filipinetan 50 urtez eta 14 hizkuntza hitz egiteko gai zen. Ukaezina, beraz, gizonak bazuela hitzarekiko abilezia eta atxikimendua, eta gustuko tokian… maldarik ez! Lan mordoa egin zuen: hiztegiak idatzi, gramatika liburuak ondu, itzulpenak egin… Bere bertsoak Argentinan sarituak izan ziren eta bere lanak Washingtoneko kongresuko liburutegian aurki ditzakegu (orduko Estatu Batuetako presidenteak domina bat ere eman omen zion). Baina jaioz gero heriotza zor, eta Hondarribiko komentuan zendu zen; akaso, Laruni begira, batek daki! Bizimodu mugitua izanagatik herrimina antzematen dugu bere bertsoetan:

 

Emen Ego aldean

dago atzerria;

Iguzki bero bero

beti ozkarbia,

Ardo agitz azkarra

olio guria,

Bainan Erdalerria

ezta nere Erria.

 

Joakin Aldabe aitzineko biak baino gaztexeagoa dugu. Harengandik jaso dugu dudarik gabe bertsopaper gehien. Legia kaleko Bilkorrenean, 1893an sortu zen mundura eta urte luzez Orion bizitu ondotik bertan hil zen. Dexente maite omen zuen Orioko herria, baina honi ere antzematen diogu sustraiekiko lotura; adibidez, herriko bestetako datetan idatziriko kopla hauetan:

 

Ez naiz iñor ni itz egiteko:

bakarrikan itz bakanak.

Bera’tarra bat nauzutelako

maite indarrian erranak.

Alaitu, bada, egun abetan

txukunkiro eta garbi.

Erantsi gure erri oneri

izen on bat beti-beti.

 

Denetik utzi zuen idatzita; gutunetan bere pentsamoldearen zantzuak, Erriyak izenburupean Euskal Herriko zein kanpoko herrien inguruko sortak, Biotz agurraken pertsona askori (tartean garaiko bertsolari ezagun ugariri) eskainitako bertsoak, Kuthunak sailean bere intimitateko zati bat, Aro edo Egoerak atalean urtaroei eskainitako aipamenak… eta abar luze bat. Gainera, Berako kanten bilketan ere aritu omen zen eta Olentzero edo Eguberri abestiaren bertsio bat utzi zigun, egungoarekin alderatuta bukaera ezberdin bat eskaintzen diguna:

 

Olentzero buru aundiya,

entendimentuz jauntzia,

bart arratsian

edan omendu

amar arruko zagia.

¡Ay!, urde trip’aundiya

zagar ustelez bethia.

 

  1. ATXULETXEKOBORDA

Hurrengo txokoak hausnarrera bultzatuko gaitu. Zer da edo nolakoa da bertsolari bat? Nola ezaugarritzen dugu bertsolari deitzen dugun hori? Bertsoa hitzen trukea bada, nola irabazten du boterea hitz horrek? Zer gertatzen da kantatzen ari dena emakumetzat irakurria denean? Eta emakume erotzat? Aspaldian gabiltza galdera horien guztien eta bertze hainbertzeren bueltan solasean, eta bertze behin ere parean pausatu zaizkit Juxtaren berri izan dudanean.

Bertso ibilbidea Bera
Atxuletxekoborda berritua

Liburutegiko liburuetan, Bertsolaritzaren Datu Basean… ez dut topatu Berako bertsolari emakumerik. Ez badira azken urteetako izen batzuk, tartean, Garazi Tabernarena, 2002. urtean Nafarroako Eskolarteko Txapeldun izan genuena ttikien mailan. Neure burua aipatzeko ere ziurgabetasun gehiegi… Urteetan izan ditugu bertso eskoletan neskak, baina zer den “kasualitatea”, gutxik segitu dute plazetan kantari. Atxuletxekoborda (Beran Atxutxokorda ere deitua) baserrian eginen dugu geldialditxoa. Bertakoa omen zen Juxta. Ez dago ziur bere benetako izena Justa ote zen… baliteke izengoiti bat izatea edo.

Ez dut gustuko orokortzea, baina berriki hilda egonen dira ziur aski Juxta ezagutu zuten belaunaldikide gehienak. Izan dadila beraz lan hau nahi duen orok hari horri tiraka segitzeko aitzakia bat, otoi. Baina ibilaldi batek motza behar du izan, arina; gaurkoan hortxe utziko dugu misterioa. Kontua da, Juxta hagitz trebea omen zela hitz-jokoetan. Zirtolaria zen, ahoak ixten zekien horietakoa. “Kontesta guziak ematen zittuen bertsotan”, aipatu dit informazio pixka bat emateko gai izan den herritar batek; bertze batek zioen berdekeriak ere botatzen zituela noizbehinka. Argi dago, beraz, garaiko emakumearen irudiari muzin egiten ziola neurri batean.

Itxaso Martin antropologoak dio Mendebaldeko medikuntza-sistema hegemonikoak buruko gaixotasun kontzeptua erabiltzen duen heinean ezkutatu egiten dela berau kulturalki eta sozialki baldintzatuta dagoela. Eromena irain bezala irakurria izan da gurean. Erotzat katalogatu dira eta katalogatzen dira botere-harremanetan oinarrituriko gizarte honetako arauak hausten dituzten horiek (emakumeak, bertzeak bertze). Eroa eta tabua eskutik helduta datozen bi kontzeptu dira gurean. Nahiko ziur nago Juxta erotzat hartuko zutela zenbait herritarrek… Gai potoloa da, soka luzea da hori.

Aitzineko geltokietan aipaturiko bertsolari gizonen informazioa erraz aurkitu dut liburuetan edo Intereneteko sarean; herritar batzuen aipamenek ere lagundu didate. Juxtaz ordea, inor gutxik daki ezer edo, hobekiago erranda, dakitenek ez diote garrantzi handirik ematen. Ziur nago bere hitz-etorria inork ez zuela baloratu ahozko literaturaren baitan. Erran bezala, jakin gabe hizketa ugarik hutsegitea sarri, eta hementxe utziko dugu gaurkoz. Herrikide batek Juxtak bota omen zituen puntu batzuk gogorarazi dizkit, hark aitari ikasi zizkionak.

Jaitsi omen zen Juxta behin herriko plazara erosketak egitera. Haien baserria herritik goiti izaki, zaldi txiki bat omen zuten erosketen garraiorako. Aziendentzako plazako uztaietan xaldikoa utzi eta halaxe bota omen zuen animaliari begira:

 

Atxutxordako zaldiya

hago geldi-geldiya

Gaur Juxtak du

bere aldiya

 

Eta hantxe omen zebilen baserri inguruan bertze egun batez Juxta, eta non eta hurbiltzen zaion bizilagunen bat haren anaiarengatik galdezka:

 

– Aizu Juxta, non da Martin?

Eta segidan Juxtak:

– Juan da Irunara ikastera latin!

Eta bizilagunak, mespretxuz;

– Zu beti haur…

Eta Juxtak segidan:

– Zuk hemen eztuzu egonbarko gaur!

 

Eta azken pasadizo bat gogoratzen zuen herrikideak. Juxta berezia zela zioten, eta non eta hasi omen zen ardiak gariz bazkatzen (beran ogiya deitua tarteka). Bizilagun batek harrituta galdetu omen zion:

– Juxta, ardiyari ogiya?

Eta hark segidan:

– Bai! Eztute lehenbiziko aldiya!

Bertze hamaika perla bota izanen zituen gure Juxtak. Guri tamalez, horiek bakarrik iritsi zaizkigu.

 

  1. BORDABERRI: DIOSTESALBEA

 

Batzuetan agur erratea kosta egiten zaigun arren, Euskal Herrian urtea despeditzeko usadio zaharrik ez zaigu falta. Lasai, oraindik ez dugu bidea bukatu. Odolkiak ordaintzeko egiten dira, eta Beran ere abenduaren 31ren ilunabarrean Diostesalbea ospatzen da. Bi ibilbide egon ohi dira; herrigunean egiten dena eta baserri-auzoetan egiten dena. Bigarren hau izanen da gure hurrengo geltokia, azken urteetan bertako bertso emaria aldakorragoa eta jariakorragoa izan denez gero.

Jainkoak eta errezuak aparte utzita… tira, kriston besta ederra izateaz gain, erran dezakegu azken urteetan jan eta edanaren bueltako elkartoki goxo bat dela Berako diostesalbea. Noiz hasi ote zen egiten baserrietako itzuli hau? Bada, egia erran, ez dakit. Gure etxean kontatzen dute oroitzapena dutela gaztetxotan baserrian Urtezahar ilunabarra eskean etorriko ziren horien zain ematen zutela. Urte batean ordea ez omen ziren agertu, eta urak ekarria urak eramaten du. Ohiturei segida eman ezean desagertu egiten dira.

80-90eko hamarkaden bueltan, gazte talde batek usadioa berpizteko hautua egin zuen. Dabilenak beti dakar zerbait, eta auskalo zeinek jarritako bertso zahar eta berriz blaitzen hasi ziren, berriz, Suspela Dornaku eta Zia auzoetako baserritarren belarriak. Doinu eta erran zaharrak hartu eta berriak sortzen aritu ziren zenbait urtez. Illekunborda, Garatxekoborda, Zigardiberea, Joantzenekoborda, Uainborda, Premosa, Balkezenea, Goxpal, Lizardi… eta abar luze batean besta ederrak egin zituzten. Baserri bakoitzari koplak egokitu zizkieten, eta urtero aritzen ziren haiek kantatu eta ondotik inprobisatzen. Txanpaina eta turroia bezain / ona da zuen bihotza gisako puntuekin eskertzen zituzten baserritarrek mahai gainean paratzen zizkietenak.

Bordaberrin eginen dugu geldialditxoa, eta ez ausaz. Suspelako baserri honetan pasadizo xelebre bat gertatu zen urte horietako batean. Bazeuden Diostesalbeko errepertorio hartan bi kopla leku batean zehazki kantatzekoak ez zirenak eta, beraz, maiz kantatzen zituztenak:

Bertso ibilbidea Bera
Bordaberri baserria. Arg.: Rosa M.ª eta José Antonio Errandonea

Santa Barbaran otia

loretan dago betia

Itxe huntako etxeko alabak

urretan dauka dotia

 

Mendi gainean arbola

haren gainean txabola

Itxe huntako etxeko alaba

ederra eta potxola

 

Dozena bat baserri (edo gehiago) bisitatzen badira, lehendabizikoan burua fresko eta azkenekoan zintzurra fresko. Bordaberrira ailegatzean, errepika kantatu eta inor bertsotan hasten ez zela, halaxe bota omen zuen Kotto zenak:

Santa Barbaran otia

loretan dago betia

Itxe huntako etxeko alaba

ederra eta potxola

 

Hiru semeko baserria da Bordaberri. Ez alaba eta ez errima, ez buru eta ez buztan. Oraindik ere irri bat ateratzen zaio kontalariari gertaturikoa kontatu orduko. Haien ahalegina ez zen hutsala izan eta oraindik ere koadrilla ederrak igarotzen du Urtezaharra baserrietan. Urtero-urtero baserritarrekin hitzordua aurrez adostu eta bakoitzari egokitutako koplak kantatzen dituzte, zaharrekin batera. 

 

5. FRONTOIA, KULTUR ETXEA ETA BERALANDETA

Noski, ez naiz garai zaharretara eta baserri guneetara iltzatuta geldituko. Hurrengo egonaldi hirukoitzak erakutsiko digu bertsoa herrigunean ere nagusi dela. Elkarrekin ia itsatsita daude jarraian ezagutuko ditugun toki hauek. Gure herrian leku ugari okupatzen du lehiak eta kirolak, eta horren errepresentazio da adibidez lehendabizikoa: Eztegara frontoia. Badakizue, ez da txarrik norbaitentzat ona ez denik.

Euskal Herri mailako zein Nafarroa mailako bertso-hitzordu garrantzitsuen lekuko izan da gure herria. 1895. urtean Lore Jokoak ospatu ziren bertan Anton Abadiak antolatuta, eta Pierre Duhaldebehere, Mariana Hargain, Piarres Ibarrart Bettiri, Pello Mari Otaño eta Frantzisko Santisteban aritu ziren bertso kantuan.

1987ko Nafarroako Finala. Arg: Goiko

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak ere jokatu dira gurean. 1997ko azaroan Andoni Egaña, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Iñaki Zelaia izan ziren saioan; Mikel Taberna beratar bertsolaria aritu zen aurkezle lanetan. 2005ean aldiz, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Etxahun Lekue, Jon Maia, Iñigo Mantzisidor Mantxi eta Fredi Paia izan genituen. Herrialdeko finalen bat ere egin izan da; adibidez, 1987an Beran ospatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala. Mixel Aire Xalbador II, Ernest Alkhat, Joxe Fermin Argiñarena, Pablo Joxe Aristorena, Txomin Ezponda, Felix Iñurrategi, Jean Pierre Mendiburu eta Mikel Taberna aritu ziren kantuan. Ernest Alkhat izan zen txapeldun urte hartan. 2001eko Nafarroako finala ere Beran ospatu zen. Estitxu Arozena, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Bittor Elizagoien, Juan Mari Lopez, Iñigo Olaetxea, Xabier Silveira eta Jose Juan Zubieta Etxabe izan ziren finalistak; Arzallusek lortu zuen txapela.

Txapelketak aipatzen hasi garen honetan, ezin aipatu gabe utzi epaileak ere baditugula Beran, batik bat azken urteetan aritu diren Saioa Mitxelena edo Jon Abril. Eta noski; nahiz eta herri honek txapelik gabeko txapeldun ugari eduki, badugu 2008ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan gailendu zen herritar bat ere, Julen

Zelaieta. Lehenagotik eta geroztik txapelketa ugaritan ale ederrak utzi dituen arren, bertsoetako-lehia aipatuta bere txapeldunaren agurra gogoratuko dugu:

 

Hodei batean nago oraindik

ta sinistu ezinean.

Bajatuko naiz okindegira

hurreratzen naizenean.

Lehenik aipatu behar Manolo

hemen dagona gainean;

Etxekoak ta kuadrillakoak,

beti hor aldamenean;

Bertso eskola, bertsokideak,

lagunak, azken finean

Kamiltxo aipatu dut ta gogotan

nuen nere ezinean.

Bereziki hau zuri, Rikardo,

hau zure oroimenean,

Nigan sinistu zenuelako

gehien behar nuenean.

 

Kultur etxean makina bat saio egin dira, txapelketakoak zein bertze formatu batzuetakoak. Eraikin honen ondo-ondoan dugu gure azken-aitzineko geldialdia. Uste dut ni ume nintzela ireki zuela Udalak Beralandeta deituriko espazioa. Erabilera anitzeko gunea da, non horietako bat bertso eskola egiteko toki izatea den. Egun, Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Ainhoa Larretxea (gai-jartzaile trebea hau ere) biltzen dira bertan. Ni ere joan izan naiz zenbaitetan, txapelketak edo sariketak prestatu behar zirenean edo. Orain erabilera anitzeko gune, baina urteetan hiltokia, mataderua izan den eraikina da. Kuriosoa konparazioa!

 

6. KATAKU

Eta bertsogintzan dena ez denez lehia (eta eskerrak), ailegatu gara gure azken geltokira. Taberna barru ezin politagoa, terraza eder bat… gustura hartzen dugu aperitiboa Kataku ostatuan mendi buelta eder bat eman ostean. Baina taberna huts bat baino askoz gehiago da Kataku. Kultur elkartea ere bada azken urteetan, eta emanaldi ugari antolatzen ditu herriak goza ditzan. Erran gabe doa beraz gune berezi batean agurtuko dugula Berako bertso ibilbidea.

Bardo hitza proto-zelta hizkuntzatik omen dator eta “ahotsa altxatzea” erran nahi omen du. Kondairak eta bertsoak, funtsean, herri historia kantatzen zuten gurean bardoek, eta paradoxikoa izan daiteke, istorio berriak sortzeko jaio baitzen Bardoak ekimena. Bi urtean behin egiten da Txapelketa Nafarroan, eta berau tokatzen ez den urtean bertso eskolen sarea indartzeko eta bertsolaritza bertze modu batera lantzeko sortu zen proiektua. Taldekako ekimena da; tokian tokiko taldeak osatu eta saioak auzolanean antolatzera bultzatzen duena.

Beratarrek 2012. urtetik, lehendabiziko ediziotik, parte hartu dute Bardoetan. Lehen urtean ez ziren hagitz originalak izan eta Beratarrak hartu zuten talde-izentzat; 2014an Bordboiak izan ziren eta 2016an Larungo Antenak; 2018an mendi batetik bertzera eta Ibardin: Hiru ta Lau Dira Zazpiren izenean joan ginen beratarrak. Herriak mila txoko ditu eta ospatu zen azken edizioan Lamixene izan zen talde izena.

Bardoetako saio moldea berezia da. Txapelketan izena ematen ez duten bertso eskoletako bertsolari horiek kantatu nahi izanen duten plaza hori izateko xedea du ekimenak, eta, beraz, jolasa eta ohiko ariketak nahasten dira emanaldian. Tartean, hasierako agurra taldean egitea sartzen da. Bakoitzak hautatzen du nola egin, antzerkia, musika, bertsoa… eta nahi adina diziplina nahasi daitezke. Etxeko saioak eta kanpoko saioak izaten ditu talde bakoitzak, eta gure etxeko saioak Katakun egin izan ditugu. Hona hemen 2018an ostatuan bertan abestu genuen agurra:

Doinua: La de la mochila azul

 

Gaur Kataku,

nahi genuke kantatu,

tekila batzuk hartu

eta mingainak dantzatu;

korridoak, drogak eta tiroak,

ahantz ditzagun Adelitak eta Mejiko Lindoak.

Azkeneko tragoa,

azkena sekula ezta…

Lehia hastera doa,

bihur dadila bertso besta,

badugu zer ospatua!

Gu beti umore onez

Leher dezagun ostatua…

Ai ai ai ai!

¡Viva Mexiko cabrones!

 

Bada, biba Mexiko eta biba gure herria! Lesakak bertsolarien sehaskaren fama izanen du, baina ondoko herriak ere ez gabiltza urrun. Hauek izan dira Berako bertso ibilaldiko nire zazpi geltokiak, espero dut bideaz gozatu izana. Hala ere hasieran nioen gisan, osatu gabea gelditu dela iruditu zait. Egin bitartean ere deskubritu ditut informazioa bilatuta geltoki bihur zitezkeen leku batzuk… Nahi baduzu hurbildu Berara, eta Kataku ostatuan zerbait hartu bitartean kontatuko dizkizut. Zer iruditzen?

Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera  Bertso ibilbidea Bera Bertso ibilbidea Bera