Fikzio bat gure egiari

Oihana Iguaran-(r)en argazkia Oihana Iguaran 2024-11-27

Fikzio bat gure egiari –

Fikzio bat gure egiari

Kantuz sortu naiz eta

kantuz nahi bizi

(Jose Mendiage)

 

Kantuz egiten den diskurtsoa da bertsoa, eta kantuz egiten gaituen diskurtsoa ere bada bertsogintza. Hitzak ez direlako hitzak soilik, badirelako ekin eta eragiteko modu bat ere. Esaten dugunak eragin nahi bat izaten du, zerbait piztu nahia, probokatu, poztu, bildu, (gozatu eta) gozarazi, harritu, mugiarazi…  horregatik, bertsoak kantuz entzulea ukitu (eta inoiz, hunkitu) egin nahi luke, kilima egin konbikziotan edo atximurka ideietan.

Bertsolariak, lehen planoan ari dira bata besteari erantzuten, edo gai-jartzailearen hitzei erantzuten; baina planoa zabalduz gero, bertsokide (edo gai-jartzaile) hori ez da publiko zabalari bidali nahi diogun pilota errebotatzeko pareta baino. Ni eta zu, zu eta ni, elkarrizketan, gu bati ari gatzaizkio. Diskurtsoa praktika egituratzailea da, eta gizarte egiturak diskurtsoan eragiten duen bezala bilatzen du, diskurtsoak, gizarte egituran eragitea [Akizu, 2020]. Bizi dugun eta gaituen mundua agertzen dute bertsoek, baina ez agertu bakarrik. Hizkuntza eta diskurtsoa ez da errealitatearen deskribatzaile hutsa, sortzaile eta eragile baizik [Pearce, 2007]. Errealitate jakin bat eraiki liteke gu horrentzat kantuz, eta baita egungo egiturari arrakalak eragin, edo dauzkanak bistaratu ere; zailagoa izan ohi da zimenduak lurrikaratzea. Diskurtsoaren bidez, boterearen eta zentzuaren joko sozial horretan partaide (inter)aktiboa da bertsolaria.

Bertsoa, hala ere, ahozko diskurtsoa da. Bat-bateko bertsoa une, momentu eta guneari lotuta sortzen da, eta ahozkoak jatorriz ohi duen bezala, haizeak eraman dezan. Printzipioz, kantatu ahala desagertzen den zerbaitek ez dirudi bereziki egituratzailea, edo iraunkorra. Hitzak haizeak daramatzala dudan jartzen duen teknologiaz harago, hitzak bezala, orbelak airez aire ibiltzen ditu haizeak, eta leku guztietan pilatzen zaizkigu, paisaia mudatzeraino (baita orbelak ere).

Bertsoak, beraz, diskurtso gisan, errealitatean eragiteko balio dezake. Eta baliatzen al da? Bertsolaritzak zeri eta nondik kantatzen dion aletzen hasita, erantzun zuzena beti izango da segun. Testuinguruari guztiz lotuta dagoen jardun bezala, zeri eta nondik beti aldatuko da nori, noiz, non eta nork-en arabera. Eta ez dira urrun ibiliko nola eta zertarako. Galdetzaileak dira erantzun zuzenena.

 

Zuek ez bazerate kontentu…

(Xalbador)

Nori

Norengana heldu nahi dugun, bide desberdina hartu beharko dugu, pausaje egokiz hurbildu, urratsak pentsatu. Entzuleak eta guk partekatzen dugun zorua bilatu beharko dugu, elkar non topa dezakegun: partekatutako balioak, edo eztabaidagai direnak, hizkerak, airean dauden gertakariak, une soziopolitikoa… eta zoru partekatu hori harea mugikorra da, aldakorra eta labainkorra.

Herriari kantatzetik publikoari kantatzera igaro zela aipatu zuen Garziak [1999], eta publikoari kantatzetik publikoei kantatzera egin dugula ageri du azken azterketa soziologikoak [Zubiri et. al. 2019]. Gero eta nori pluralagoei zuzentzen gatzaizkie, eta gero eta nor pluralagoa dabil diskurtsoa egiten ere. Beraz, bertsolariak eta publikoak euren arteko harreman soziokulturala birnegoziatu egin behar dute (ia saioro).

 

Fikzio bat gure egiari

Lekua ezagutu arren,

ez dakit nora noan

(Odei Barroso)

Noiz eta non

Saioaren lekua bada oholtza, oholtza kokatu den plaza, plaza dagoen auzoa, auzoa dagoen herria, eskualdea, probintzia… eta eguna eta orduaz gain bada ze garai den, asteko ze egun, Aste Nagusia ote den, uda edo negu, ze urte, pandemia aurre edo oste… espazioa eta denbora nahi beste zoom-in eta zoom-out xeha ditzakegu, eta geruza bakoitzak eragingo du saio horretan egingo den diskurtsoan.

Batez ere, tokiak ekar ditzakeen berezitasun edo esanahi sinbolikoak eragingo du diskurtsoan; baita espazio motak berak ere, entzule eta bertsolariek fisikoki partekatuko duten esperientzia baita, eta beraz, automatikoki, zoru komun bilakatuko. Berdin unearekin. Eta mendea eta segundoa bezala, saioaren testuinguruan gurutzatuko dira une eta gune zehatz horri dagozkion bizipenetatik (kazkabarra, esaterako), garai soziopolitikoari dagozkionetaraino (2 metroko tartea utziz eta musukoekin, baina etxetik irtetearen pozez, demagun).

 

Bagatoz gure hezur-haragi,

desio eta harreman

(Alaia Martin)

Nork

Bertsolari bakoitza testuinguru desberdin batera sortu eta bizipen desberdin batzuetan hazi delako, bakoitzak erantzungo dio desberdin uneari, guneari, entzuleari, gaiari. Bertsolariak bizi duen errealitateari kantatuko dio, baina subjektiboa denez, errealitate horren interpretazio bat egingo du, bere galbahetik (eta gero eta heterogeneoagoa denez, gero eta errealitate gehiago eta geroz eta interpretazio koralagoak entzun ditzakegu). Hortaz, bertsolaritzaren aro multipolarrean, diskurtsoaren zeregin nagusia errealitate aldakorrean dagoen aniztasuna islatzea izan liteke, ikuspegiak artikulatuz, haien arteko elkarrizketa sortuz.

Bertsolariak, gertu sentitzen duen horri kantatuko dio. Gertutasun hori izan liteke praktikoa edo praktikatua alde batetik, baina izan liteke teorikoa ere. Hortaz, bereiz genezake gure egunerokotasuneko bizi esperientziak gertu sentiarazten diguna eta maila ideologikoan bat egiten dugun edozein ardatz. Horren baitan, entzuleekin partekatu dezakeen errealitatearen aldeari ere kantatuko dio (batasuna eta zoru komuna delako komunitatea sortzeko modua). Helburua eraldatzea izanik, ez dio kantatuko bizi duen errealitateari soilik, kantatuko dio aldatu nahi duenari, amesten duenari, eraiki nahi duenari.

Baina, zein da zoru partekatu hori? Zein da partekatzen ditugun kezken zerrenda? Zein ametsena? Zer da egunerokoan presente duguna eta zer gai-jartzaileak aipatutakoan soilik begiratuko dioguna? Hori ere aldatu egingo da bertsolari bakoitzaren eta saio motaren arabera. Erreferentzia komunen markoa dinamikoa da, bertsogintza multipolarrean.

Fikzio bat gure egiari

Mundua ederragoa

da hurbilduz bazterrera

(Saioa Alkaiza)

Nondik

Bertsolariak bere bizipen eta errealitatetik duen ikuspegitik jardungo du, eta entzuleak ere norberetik entzungo. Nondik kantatzen dugu? Tokatu zaigun leihotik ikusten dugu mundua. Kasu honetan, Euskal Herritik, euskaratik. Horrek esan nahi du nazio gatazka batetik eta hizkuntza gutxiagotu batetik. Hori bada aroz aro bertsolariak eta entzuleak partekatutako eremu bat, bizipen sorta bat (nahiz gero horien inguruko interpretazio edo irakurketa desberdina izan litekeen). Zentzu horretan, munduko nazio gatazkei lotutako gaiak eta hizkuntza zapalkuntzak gertu sentituko ditugu, ziurrenik. Hori bada ikuspuntuari eragiten dion faktore bat.

Ikuspuntuak, gaiei kantatzeko moduan ez ezik, gaiei kantatu edo ez erabakitzean ere eragiten du. Gure ikuspegiaren araberako diskurtsoa egiten dugu, baina gure diskurtsoaren arabera (eta kideenaren arabera) ikuspegia zabaltzen goaz.

Fikzio bat gure egiari

Ardatzak periferian

(Sustrai Colina)

Zeri

Bertsolariak entzulearengan eragin nahi duenez, entzuleekin partekatzen dituen kode, balio eta zoruak ibili eta erabili beharko ditu. Eguneroko konpartitu bat, imajinario partekatu bat komunitatea egiteko eta diskurtsoa gu horren baitan zedarritzeko.

Badira gizaki guztiok parteka ditzakegun kezka existentzial unibertsalak; badira presentzia iraunkorra duten gaiak: aipatu dugu hizkuntza bera baliabide bezain mezu dela bertsogintzan, eta unean uneko forman aurkeztuko da (Euskaraldia, Korrika, Oldarraldia, Pantailak, Azterketak euskaraz…). Eta funtsean, saioaren giroan airean dabilen hori guztia.

Bertsokideok kotxean saiora bidean komentatu duguna, irratian entzun dugun azken albistea, bertsozaleek saiora sartu aurreko kafean eztabaidagai izan duten gertakaria. Bi ordu lehenago egin den manifa, kantuan ari garen bitartean egiten ari dena eta han egon behar genukeela sentitzen badugu agurretan aipatzeko premiaz abiatuko duguna. Hori dena da kantagai, eta ez bada, ez izatea erabaki dugulako da. Bertsolariaren lanketen artean begirada da funtsezkoenetako bat.

Gai bakoitzaz zer diogun esan aurretik, gai bakoitza ateratzeko eta tratatzeko modua eragiten ari da, diskurtso komunitate horretan ari gara gaia atera aurretik nolabait adosten komunitate bezala zer axola zaigun eta zer ez; zein kezka diren lehentasunezkoak eta zein bigarren mailakoak, zerekiko dugun umorez aritzeko besteko distantzia; zer ikuspegi planteatu nahi dugun kontrakoarekin eztabaidan, eta zer gairi eskainiko zaizkien eztabaidarik gabe hiru bertsoko diskurtso egituratuak. Eta hori dena elkarrekintzan esan gabe esan ostean, inplizituki hori dena helarazi ostean, orduan hasiko da diskurtso esplizitua.

Gaiek badute lanketa bat, ildo editorial bat. Diskurtsoaren bidez agenda ezartzeko tresna bat izan litezke (batez ere saio mediatizatuenetan), eta botere hori du gai-jartzaile taldeak. Eragiteko boterea duelako du eragiteko ardura. Bertsolariek bestekoa. Eta bertsolariak bezala, gai-jartzaileak ere saiatzen dira eraldaketa bat bultzatzen, desio dugun hori proiektatzeko mihisea eskaintzen. Gaien bitartez ezartzen da imajinarioaren markoa, diskurtso komunitateak partekatzen duen mundu edo unibertso alegiazko hori ikustea ahalbidetzen du. Eta zer dio gutaz, diogunak? Eta ez diogunak?

Fikzio bat gure egiari

Gure buruaren kontra,

gure munduaren alde

(Maialen Lujanbio)

Baldintza ta subjuntibo (jode)

Hain zuzen, zer eta nola esan ez du norberak tentsiorik gabe erabakitzen. Nahiz norbere errealitatetik abiatu, nahiz jakin zerk mugitzen duen bat, testuinguru jakin batean eta publiko jakin bati (edo batzuei) kantatzeko beste zenbait korronte sortzen dira. Isiltasunaren espiralaren teoriak dio [Noelle-Neummann], nagusi den iritzi giroarekin bat ez datorren iritzia isiltzeko joera dugula; audientzien tiraniak, berriz, gugandik nahi duten hori emateko bulkada sortuko digula komunitatearen parte izan nahiak. Eta bi horien aurka bertsoaldi gogoangarri asko sortu den arren, bide arrakastatsuena albora utzi eta lokatzetan sartzea ez da beti esker onekoa ahots horren gorputza daramanarentzat.

 

-Ikusten da porturik?

-Ez dugu ikusten, baina imajinatzen dugu. Eta haruntz goaz arraunean

(Joseba Sarrionandia)

 

Fikzio partekatu bat

Bertsogintza ez da errealitatea deskribatzen edo islatzen soilik ari, eragiten ere ari da. Horregatik, desiragarri den errealitate bat irudikatzen du, fikzio kolektibo bat. Kide batek behin esan zuen, gezur kolektibo horretan sortzaile eta hartzaileok gu ideal bat marrazten dugula, non denok garen harrera sarea, denok emango geniokeen jaten etxe azpiko eskaleari, denok hartzen ditugun haurrak harreran, denok birziklatzen dugun, denok denda txikietan erosten dugun eta ahalik eta zerga gehien ordaindu nahi dugun.

Ez da hala sinesten dugulako, baizik hala irudikatu dugulako. Interpretazio marko bat partekatzen dugu, gailentzen diren indar eta balio harremanen arabera, desio dugun errealitate horretara bidean indar bat sortzeko. Justizia sozialerako bidean, adibidez.

Aberatsena da arriskutsua

den minoria bakarra

(Miren Artetxe)

Egoera sozioekonomikoari kantatzean, bertsolariok kultur sortzaile gisa prekario izan eta ziurgabetasunez bizi arren, euskaldun gisa ahots subalterno izan arren, gorpuztu ditzakegun bestelako kategoria sozial azpiratuez beste, bagara europar eta zuriak ere, baditugu hiritartasun paperak, saioetara mugitzeko auto bat erabiltzeko aukera, ikastekoa, motxila soinean bada ere bidaiatzekoa, mailegu bat hartzekoa eta eskubide unibertsal izan behar luketen horiek pribilejio diren artean eskuratzekoa.

Beraz, injustizia sozial larriekiko, pobrezia egoera gogorrekiko, gertutasun ideologikotik kantatuko dugu, gehienean. Eta gure errealitate praktikoarekiko distantzia markatuko dugu, gure fikzio partekatuan ez baitago ondo ikusia diruduna izatea. Gai batean aberats baten roletik kantatu behar badugu, sarrien parodiatik egingo da, edo distantzia markatuz eta pertsonaia (auto)kritikarako baliatuz, edo bi bertso diru hori nondik eta zergatik duen justifikatzen baliatuko dira lehenik, identifikazio bat lortzeko eta euskal herritar langile xume bezala onar dezagun ahots hori. Gure ikuspuntua badelako besteren bizkar eraikitako pribilegiodunarena, sistema horren euslearena.

Posizio horretan, ideologikoki egoera batzuk gertu sentitu arren, gehiago kantatzen dugu etxebizitza turistikoez, etxegabetzeez baino; gehiago kantatzen dugu pentsiodunen borrokaz, paperik ez duten langileen esklabotzaz baino; lanbideen artean ere kale garbitzaileak maizago ageri dira, etxe garbitzaileak eta zaintza lanetan dihardutenak baino. Eta bakoitzaren alde kantatzen dugu, gehiago edo gutxiago aipatu, noski. Alegia, Juana Bixenta Olaberen sortan, denok jartzen garela maizterraren tokian eta inor ez garela nagusi jauna (ziur asko, Navarra Arenako komunitatean alokairuan bizi den beste jende denean bigarren etxebizitzaren jabe edo alokatzaile).

 

ta denok preso,

merkatu askean

(Nerea Ibarzabal)

Injustizien aurkako diskurtso horrek, askotan, disonantzia kognitiboa piztuko du. Disonantzia kognitiboa estres bat da, diskurtsoaren eta praktikaren arteko arrakalatik datorrena. Defendatzen duguna eta egiten duguna bat ez badatoz, gure sinesmen errotuen aurkako jokabidea badugu, sinesmenak mudatu beharko ditugu. Edo diskurtsoa ñabardurara eta errealitatera jaisten dugu, lokatzetara; eta gure orbanak haizatu, kontraesanei arnasa emateko.

Disonantzia kognitiboa da, haur eta emakumeen esklabotza lana salatzea bina mugikor eta Zarako arropa soinean; disonantzia da etxebizitza eskubidea aldarrikatzea, espekulazioa salatzea gure osaba-izeben Jakako, Ezkaraiko edo Donostiako pisura asteburu pasa goazenean, edo zaintza lanen aitortza exijitzea soinean dugun arropa amak garbitu digula ohartu ere egin gabe; edo garbitzaileen greba txalotzea astean behin gure biltoki den bertso eskola nork eta zer baldintzatan garbitzen duen jakin gabe.

 

Nik ez dut hotzak heriotzaraino

ikaratu dezakeen bizilagunik

ez eta elikagaien bankuan

ilara egiten duenik

(…)

ez dira nire lagun hurbilak

putak, beltzak, hiesa dutenak

15 urterekin ama direnak

(…)

denen alde paratzen naiz

aukera dudanero

eguneko joan isilean

inoren alboan eseri barik.

(Itziar Ugarte)

 

Ez baikaude, ideologikoki nahi bezain gertu. Eta adibide hau balia liteke beste menderakuntza ardatzekin ere, ariketa gisa. Eta disonantzia kognitiboa aktibatzen diguna, deseroso sentiarazten gaituena, mugitzera behartzen gaituena da. Ezerosotasuna har liteke mugitzeko aukera gisa. Bertsolaritza ez da alferrik gizarte mugimendu. Mugimendua da gurea. Muda dezakegu diskurtsoa gure praktiken errealitatera egokitzeko, edo muda ditzakegu gure praktikak desio genukeena marrazteko darabilgun diskurtsora.

Gure esperientzien araberako ikuspuntu mugatua dugu, baina mugatzaile izan ez dadin saiatzea geratzen zaigu. Eta bizipen praktikoa ez dugunetan, ideologikoa nola landu pentsatzea. Gure egiatik abiatutako fikzio bat eraikitzeak, ekar lekioke egia bat gure fikzio partekatuari.

 

ERREFERENTZIAK:

Akizu Bidegain, Maialen. «Diskurtso komunitatea. Bertsolaritzaren kasua» UPV/EHU, 2020.

Garzia, Joxerra. «Gaur Egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak. Marko teorikoa eta aplikazio didaktikoa» UPV/EHU, 1999.

Noelle-Neumann, Elisabeth. The Spiral of Silence: Public Opinion–Our Social Skin. University of Chicago Press, 1993.

Zubiri, Harkaitz, Xabier Aierdi Urraza, y Alfredo Retortillo. Kultura ez da bat-batekoa: bertsolaritza aztergai. Universidad del País Vasco, Servicio Editorial= Euskal Herriko …, 2019.

Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari  Fikzio bat gure egiari