Gurea ez den ahotsaz

2021eko abenduan Uxue Apaolazari Argian egindako elkarrizketa batek esaldi hauxe zeraman titularrean: “Ez dut nire pribilegioen biktimez mozorrotu nahi” (Apaolaza, 2021). Ideia hori, arau moral gisa formulatuta, izango da artikulu honen hasierako hipotesia; hau da, ez genukeela gure pribilegioen biktimez mozorrotu behar. Beste era batera esanda: ez genuke kantatu behar estrukturalki gu baino zapalduagoak (are, gugandik zapalduak) dauden pertsonen ahotik. Adibidez, nik (emakume zuri europar gisa) ez nuke kantatu behar emakume arrazializatu edo migratu baten ahotsa lehen pertsonan erabiliz.

Maider Arregi-(r)en argazkia Maider Arregi 2024-11-25
Argazkiak: Conny Beyreuther

Gurea ez den ahotsaz –

Gurea ez den ahotsaz

Hipotesi hori aztertzeak garrantzia dauka niretzat, bai maila pertsonalean, bai maila sozialean. Pertsonalki, aipatutako arau morala aplikatzen baitut bertsotan eta gai-jartzaile batek nire ustez ez dagokidan rol batean jartzen nauenean, blokeatu egiten bainaiz.

Bestalde, nire eguneroko militantzian ere kezkatzen nauen gaia da, askotan espazio homogeneotan militatzen dudalako (gehienok izaten gara zuriak, funtzionalak, etab.) eta, espazio horietan, ohartzen garelako gure izaera pribilegiatuaz eta beste pertsona batzuen errepresentazioaren beharra sentitzen dugulako.

Hori esanda ere, hasieratik argi utzi nahi dut artikulu honen helburua ez dela erruduntasun sentimenduari jaten ematea, ez bada gai honekiko daukagun jarrerari buruz pentsatzea, autokritika egin eta ardura hartzeko.

Gaiaren garrantzi sozialari dagokionean, bertso munduan nabari dut tentsioa sortzen ari diren diskurtsoekiko. Nire ingurukoen iritzia (Ahalduntze bertso eskola, bertsolari transfeministekin elkarrizketa informalak…) badakit zein den, baina orokorrean ez dakit zenbat iritzi ezberdin dauden eta zeren arabera hartzen dituen bertsolari bakoitzak zilegitasunaren inguruko erabakiak.

Landuko dudan gaiari buruzko ikerketarik egin ez dudan arren, azken Euskal Herriko Txapelketatik hona, uste dut  txapelketetako gai-jartzaileek ez dituztela jarri nire hipotesiaren arabera zilegi ez diren gaiak (badagoen arren salbuespenen bat). Ez dakit gai-jartzaile taldeetan buruhausteak sortzen dituen kezka den ala ez. Dena den,  uste dut eztabaida honek ezin duela gai-jartzaileen ardura izan, baizik bertsolaritzaren komunitateak eztabaidatu beharreko gai orokorragoa.

Artikulu honetan, eztabaidarako baliagarriak izan daitezkeen hainbat argumentu emango ditut, bai hasierako hipotesiaren aldekoak, bai horren aurkakoak. Horien helburua gehiago da hausnarketarako bideak zabaltzea eta ez hainbeste ondorio biribilak eta itxiak erdiestea.

Argudioekin hasi aurretik, komeni da esatea bereziki arrazakeriaren ardatzari buruz hausnartu dudala. Ez da kontzienteki egin dudan hautua izan, baina kasualitatea ere ez zait iruditzen, bertsolaritzan nabarmena delako pertsona arrazializatuen absentzia eta, hala ere, bertsotan badagoelako nolabaiteko kontzientzia antiarrazista eta horri buruz abestu nahia. Ez nago ziur emango ditudan argudio guztiak beste zapalkuntza ardatz batzuetara  transaldatu daitezkeen (kapazitismora, transfobiara, etab.).

Gurea ez den ahotsaz

Hipotesiaren aldeko argudioak

Euskal Herriko V. jardunaldi feministetan, Durangon, Euskal Herriko hainbat talde antiarrazistak esplizituki egin zizkiguten interpelazioak feminista zurioi. Raizes[1] taldeko militanteek argi eta garbi esan ziguten: “Ez dugu instrumentalizatu gaitzaten nahi, ez dugu izan nahi zuriek euren feminismoan sartzen duten kuota. (…) Karteletan ez jarri jende beltza ez baduzu horren inguruko lanketa errealik egin”. Bertsolaritzan egin al dugu horren  inguruko lanketa errealik? AMAR kolektiboko kideek adibide bat eman zuten, militantzia zuriaren hipokrisia salatzeko:  “Ez dago gure haurrek D ereduan sartzeko politikarik, baina eskoletako karteletako argazkietarako beti bilatzen da haur arrazializaturen bat”. Bertsolaritzan badago pertsona arrazializatuak oholtzetara ekartzeko politika errealik? RDMR[2] taldeko kideek, berriz, esaldi honekin hasi zuten beren hitzartzea: “Hau ez da espazio segurua guretzat”. Bertsolaritza balitzateke? Eta esplizituki adierazi zuten: “Ez dugu nahi errepresentatu gaitzaten arrazializatuak, migratuak edo errefuxiatuak ez diren emakumeek”.

Feminista zurioi esplizituki egin dizkiguten interpelazio horiek argudio sendoa dira hasieran aipatu dudan hipotesiaren alde eta ez dirudi zilegi denik kolektibo batzuen ahotsa apropiatzea, esplizituki hori egin ez dezagun eskatzen ari zaizkigunean.

Horrez gain, jasaten ez ditugun zapalkuntzak irudikatzeak baditu bestelako arriskuak ere. Horietako bat da zapalduagoa den norbaiten ahotsa norbere kapital sozialaren onurarako erabiltzea (txalo gehiago lortzeko, puntu gehiago lortzeko, jendeak norbera miresteko) eta ahots hori ez erabiltzea apropiatu den kolektiboaren onurarako.

Beste arrisku bat pornografia emozionala egitea da. Pornografia emozionala da batzuen emozioak pizteko besteen miseria erabiltzea (reality showen arrakastaren oinarria). Arriskutsua da, irudikatzen ari garen pertsonaren biktimizazioa erabiltzen delako publikoarengan eragin nahi den efektua lortzeko eta horrek zapalduta dagoenaren askapen prozesuari lagundu baino, oztopoak jartzen dizkiolako.

Gurea ez den ahotsaz

Irudikatzen ditugun esperientzien idealizazioa, estereotipazioa eta fetitxizazioa badira beste bi arrisku. Esate baterako, bertsotan migrazio prozesuak irudikatzen direnean, askotan irudikatzen ditugu bakarrik gure diskurtso politikoari ongi datozkion esperientziak: Melillako hesiari salto eginda Euskal Herrira iritsi diren pertsona ausartak, Afrikan oso gaizki bizi zirenak, bizitza hobe baten bila datozenak, familiari dirua bidaltzen diotenak, balizko ezkerreko ideiak dituztenak, hemen integratu nahi dutenak, euskara ikasi nahi dutenak eta abar. Ez diot ez dagoela horrelako pertsonarik, baina migrazio prozesu oso desberdinak daude eta beti esperientzia bera irudikatzeak errealitatea sinplifikatzea eta esperientzia batzuk inbisibilizatzea dakar, beste batzuk idealizatzen diren bitartean. 2024ko martxoaren 14an, Joel Akafou zinemagileak zera esan zuen Berria egunkariak egindako elkarrizketan: “Akaso, zuriek erakuts dezakete beltzen errealitatea eta sufrimendua, baina ez dute egia osoa esanen” (Akafou, 2024). Gure azalean bizi ez ditugun esperientzia konplexuak irudikatzeko gaitasun ezak, sinplifikaziora eraman gaitzake eta sinplifikazioa arriskutsua da.

Azkenik, bertsolari bollera bezala bizi izan dudan zerbaiti helduko diot. Jende heterosexualak askoz errazago abesten du homosexuala izateari buruz guk baino. Esperientziek zeharkatzen zaituztenean, ez da hain erraza horiek publikoki kontatzea. Autohomofobia eta norma haustearen beldurra askoz handiagoak dira badakizunean kontatzen ari zarena erreala dela eta ez pertsonaia batetik kantatua. Moduren batean, ez da justua zapalkuntza bat bizi duenak gatazka gehiago sentitzea bera zeharkatzen duen gai bati buruz abesten, zapalkuntza hori bizi ez duen batek baino.

Argumentu horiek irakurrita, badirudi egokiagoa dela norbere pribilegioen autokritikatik kantatzea, besteen zapalkuntzez lehenengo pertsonan kantatzea baino.

Gurea ez den ahotsaz

Aurkako argudioak

Hala ere, zein da muga etikoa gai hauei buruz lehenengo pertsonan edo hirugarrenean kantatzearen artekoa? Zapaltzen ez gaituzten ardatzei buruz (adibidez, arrazismoari buruz) hirugarren pertsonan kantatzeak libratzen gaitu aurrez aipatutako arriskuetatik (instrumentalizazioa, biktimizazioa, estereotipoak, etab.)? Ez du zertan. Berdin-berdin egin daitezke akatsak lehenengo pertsonan eta hirugarrenean. Orduan, zentzua dauka hasierako hipotesiak bere horretan?

Badirudi muga etikoak zerikusi handiagoa daukala gaiarekiko konpromisoarekin, hartzen dugun rolarekin baino. Orduan, zapalduagoa den norbaiten roletik kantatzen duen pertsonak, gaia ondo landu badu, zilegi irudituko litzaiguke lehenengo pertsonan abestea? Ala norbere azalean bizitzea da zerbaiti buruz zilegitasunez kantatu ahal izateko modu bakarra?

Hasierako hipotesiaren aurkako beste argumentu bat da oholtzan ez dauden pertsonak badaudela publikoan eta garrantzitsua dela horiek oholtzan nolabait errepresentatuta sentitzea. Adibidez, pertsona transexualik ez badago oholtzan baina oholtzako pertsona zis batek transexualaren rola hartzen badu, eta publikoan dauden transexualak errepresentatuta sentitzen badira? Orduan ere ez litzateke zilegi izango rol hori apropiatzea? Azken batean, oholtzetan dauden gorputzak homogeneoak dira neurri handi batean. Bertsolari ia denak zuriak dira, ia denak neuronormatiboak, asko heterosexualak, ia denak zisak, etab. Beste subjektu batzuen gorputzezko errepresentazio urria ordezkatu daiteke errepresentazio diskurtsiboarekin?

Jarraitzeko, badago beste arazo bat, hasierako hipotesia hertsiki jarraitzeak dakarrena: pribilegiatuaren immobilismoa. Hau da, sentitzea ezin dela norbera zeharkatzen ez duten zapalkuntzez kantatu eta, horren ondorioz, zapalkuntza horiekiko ezer ez egitea, geldi geratzea. Hauskortasun zuria deitzen dio Layla Saadek (2021) zuriek arrazismoaren aurrean sentitzen dugun blokeoari eta immobilismoaren adibide ezin hobea da.

Gai honekin zerikusirik ez daukan beste ikerketa bat egiten ari nintzela, nire landa lan koadernoan jasotako ondorengo pasarteek ilustratzen dute hauskortasun zuriaren sentimendua.

Lehenengo pasartean, Hitzetik Hortzeran egin ziguten elkarrizketa bati buruz ari naiz:

Azkenengo galderan, bereziki urduri jarri naiz. Hau izan da: “Nolako bertso mundua nahi duzue hemendik 10 urtera?”. Nik esan dut asko hitz egiten dugula bertso munduaren aniztasunaz baina bertso mundua ez dela hain askotarikoa; denok zuriak garela eta maila sozio-ekonomiko antzerakodunak. Poztuko nintzatekeela hemendik 10 urtera bertsolari migranteak eta arrazializatuak egongo balira. Hori esan dut baina askoz traketsago. Galdera erantzun bitartean, urduri jartzen joan naiz eta autoepaia aktibatu dut “hau ez du zuri batek esan behar”… Elkarrizketa amaitu denean urduri jarraitu dut. Ez dut izan nahi antiarrazismoaren bandera hartzen duen zuria. Gaizki sentitu naiz. Ez nuen hori erantzun behar. Ez dut ondo pentsatu zer erantzun behar nuen. Putzu sakonean sartu naiz argumentu onik eman gabe. Are, ez zegokizkidan gaietan sartu naiz.

Elkarrizketaren ostean, bertso saioa egin genuen eta antzerako zerbait gertatu zitzaidan:

Bakarkakoan, nire pribilegioei buruz abesteko gaia jarri didate. Antiarrazistarena egin dut berriz, nahiko modu baldarrean, eta nire autoepaia berriz aktibatu da “ez zara zu hau abestu behar duena”. Bakarkakotik aurrera urduri egon naiz eta Hitzetik Hortzera grabatzen ari dela baino ezin dut pentsatu.

Pasarte horiekin erakutsi nahi dudana da nola sentitzen garen urduri eta erantzuteko tresnarik gabe gure pribilegioen aurrean, nahiz eta adibide honetan gaia hirugarren pertsonan eta (nire hasierako hipotesiaren arabera) modu zilegi batean jarrita egon. Immobilismo hori ez da emankorra, ez garamatzalako eraldaketara, blokeora eta ekintzarik ezera baizik.

Horrez gain, badaude kasu batzuk, nire ustez, non hasierako hipotesia betetzeak gaia modu desegokian kokatzea ekar dezakeen. Kolorearekiko itsutasuna deitzen dio Saadek (2021). Kolorearekiko itsutasuna da antzeztea denok garela berdinak eta denok garela pertsonak, pertsonen arteko injustizia estrukturalak existituko ez balira bezala eta horiek ez izendatzeak horiek ezabatzeko gaitasuna izango balu bezala. Hori bertsotara ekarriz: Adibidez, gaiak Glovoko banatzaile baten rolean jartzen bazaitu, egokia da pertsona europar zuria bazina bezala abestea  eta arrazismorik ez aipatzea? Edo  24 orduz lan egiten duen zaintzailearen rolean jartzen bazaituzte, matxismorik eta arrazismorik ez aipatzeak zentzua dauka (nahiz eta zu gizon zuria izan)? Gaia ez da interesgarriagoa eta errealistagoa hasierako hipotesiari iskin eginda?

 

Ondorioak

Bertsolaritza ez da nahi genukeena bezain heterogeneoa. Oholtzan dauden bertsolariek ez dituzte euskal gizarteko pertsona guztiak irudikatzen. Horretaz kontziente gara eta horrek eraman gaitu rol batzuetatik kantatzea zilegi den ala ez erabaki nahi duen eztabaidara. Ardura hartu behar dugu eztabaida horrekiko, baina ezin gara eztabaida horretan etengabe katigatu.

Saadek (2021), apropiazio kulturalari buruz hausnarrean, hainbat galdera proposatzen ditu, lantzen ari garenerako argigarriak izan daitezkeenak:

  • Zein da kultura horren eta nirearen arteko historia? Zein da bien arteko botere harremana? Ni boterearen zein aldetan nago?
  • Zergatik da niretzat garrantzitsua horri buruz abestea? Nire kapital soziala handitu nahi dut ala konpromiso erreala daukat landuko dudan gaiarekiko?
  • Materialki, etekinak lortzen baldin banabil (dirua, prestigioa, publikotasuna,), partekatuko ditut kultura horrekin?

 

Elkartasuna berrasmatu egin behar da, autokritikatik. Horretarako, ezinbestekoa da gure buruari galderak egitea, orain arte egin duguna zalantzan jartzea eta erabakiak hartzea, kulparen eta autoflagelazioaren lokatzetan ito gabe.

Konpromisoa hartu behar dugu. Militatzen duten taldeei adi egon. Ez dugu beltzak garela abestu beharrik talde antiarrazistei aitortza egiteko eta aldarri batzuk oholtzara ekartzeko:  Atzerritartasun legearen aurka, soldata arrakalaz jarduten garenean arrazen arteko soldata arrakalaz ere jarduteko, europar parlamentuan egiten ari diren migrazio lege berrien aurka kantatzeko, etab. 

Dena dela, eta honek nire artikulu osoari garrantzia kentzen dio, kontua ez da zeri, nola eta nondik kantatu beharko geniokeen, baizik zer egingo dugun bertsolaritza beste komunitate batzuetara zabaldu dadin. Eta hau ez da bakarrik bertsolaritzaren erronka, baizik baita euskalgintzarena ere. Nola egingo dugu gizarteko klaserik baxuenek, Euskal Herrira migratu duten pertsonek, genero eta sexu disidente mota guztiek, normara egokitzen ez diren gorputzek… bertsolaritza eta euskalgintza gertu senti dezaten? Pribilegiatzen gaituzten estrukturei kontra egitea dagokigu. Eta hori ez dugu diskurtsoaren bidez bakarrik egingo, politika zehatzak eta plan estrategikoak diseinatu beharko dira, bai epe laburrera, bai luzera.

 

Bibliografia

Akafou, J. (2024ko martxoaren 14a). Zuzendari zuriak ari direnean Afrikaz, suma dezaket enpatia falta. Berria, 23. or.

Apaolaza, U. (2021eko abenduaren 19a). Ez dut nire pribilegioen biktimez mozorrotu nahi. Argia, 40. or.

Saad, L. F. (2021). Yo y la supremacía blanca. Combate el racismo, cambia el mundo y conviértete en un buen antepasado. Penguin Random House Grupo Editorial.

[1] Talde horiek esandakoa koaderno batean daukat apuntatuta. Horregatik ez daukate erreferentzia bibliografikorik. Mahai ingurua entzuteko, ikus bideoa 6. ordutik aurrera: https://www.youtube.com/watch?v=bX6GGhbzKVM

[2] Red De Mujeres Racializadas (Emakume Arrazializatuen Sarea)

Gurea ez den ahotsaz  Gurea ez den ahotsaz  Gurea ez den ahotsaz  Gurea ez den ahotsaz  Gurea ez den ahotsaz  Gurea ez den ahotsaz  Gurea ez den ahotsaz  Gurea ez den ahotsaz