Diskurtso guztiak errespetagarriak dira?
Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? –
Ainhoa Urien Telletxe
Galdera horri emandako erantzunaren bila hasi bazara testua irakurtzen, gutxienean, galderak bete du bere funtzioa. Amuari heldu diozula ematen du eta, behin irakurtzen hasita, ez zara orain amua erauzten saiatuko, eutsiko diozu ahosabaian apur batean, aurrez jakin arren “bai” ala “ez” tankerako erantzunik hemen ez duzula topatuko. Galdera hori proposatu ziguten Maialen Akizu eta bioi Bertsolamintzako gure hitzaldiaren abiapuntu eta, nork beretik egin eta berea idatzi badu ere, lehen pausoa elkarrekin pentsatu genuen: halako galdera erraldoiari ezin zaio hitz bakarrarekin erantzun eta, beraz, galderari tira egingo diogu sortu daitezkeen hausnarketen ahaleginak merezi duelako.
Labaina da galdera horren zorua eta gaia, aldiz, zoru labainkor izatetik konturatu orduko belaunetarainoko ur masa bihurtzen dena. Balantzaka bada ere, uholdearen erdian zutik egoten asmatzea da erantzun posible guztien saiakera.
Beste ezeren aurretik Susan Sontag eta Friedrich Schiller aipatu nahiko nituzke, ez euskaldunak eta ez bertsozaleak, baina kontu pare baterako oso baliagarriak. Batetik, Sontagen Against interpretation (Interpretazioaren aurka, 1966), ze niri erreparo apur bat ematen dit parean ditugun artefaktu guztiak –bai, bertsoa ere bai– bisturiarekin irekitzen ibiltzeak. Paradoxikoa da hau hemen esatea, non eta bertsolaritzari buruz hausnartzeko jardunaldi batzuen aitzakian, baina apuntetxo hori ekarri nahi nuen, ez ote garen ari beti testuaren atzeko testuaren eta haren zentzuaren bila, ulertzea obsesio bihurtuta ia. Bestetik, Schillerren Über die ästhetische Erziehung des Menschen (Gizakiaren heziketa estetikoari buruzko eskutitzak, 1795), bertsogintza artegintza bezala aldarrikatuta ezinbestekoa delako bertsolaritzako agente guztien heziketa estetikoa azpimarratzea. Ez bedi estetikoki janztea kutsu klasista batekin ulertu, ze niri artearen kontzepzioren bat interesatzen bazait umiltasunetik eta modu demokratikoan egindakoa da. Horrekin esan nahi dut heziketa estetikoa gizarteko esfera guztietara zabaltzeko beharra dugula, eskolatik hasita kultur politiketaraino.
Bat-bateko bertsolaritzaz arituko naiz hemen, haren estetika propioaz. Baliteke bertso jarriak literaturatik gertuago egotea, baliteke gai-jartzailetza ere bueltan kokatu ahal izatea, nahiz eta, nire ustez, gai-jartzailetza ez den besterik (gutxi balitz ere!) bertsolariari abiapuntu bat emateko sorkuntza ariketa baino. Gaiak izan behar du bertsolariaren laguna. Hala ere, interesgarria litzateke gaiei begiratzea, gaiek eman dezaketelako diskurtso bat edo beste garatzeko abiapuntua, eta gai-jartzaileak publikoaren eta bertsolarien artean egiten duen zubi lanean kontuan hartu beharko ditu Aristotelesen lau apelazioak, geroago aipatuko ditudanak. Beraz, bigarren amua hemen utziko dut, eta gero buelta zaitez hona, gai-jartzailetzari buruz apurtxo batean pentsatzera.
Bertsolaritza komunikazioa ardatz duen arte espresioa da. Komunikazioa diodanean, noski, ez diot soilik ideien, argudioen eta sententzien garraioa, baita gorputz adierazpenena, isiltasunena eta adierazteko modu askorena. Behin hori argituta, apur bat baztertuta, ahaztuta dugun izaera artistikoaren aldarrikapena egiten dut, geure buruari horrenbesteko zilegitasuna eman, edozein arte diziplinak bezala kode konpartitu eta berariazkoa baitu bertsolaritzak, lengoaia propio bat. Hortik egiten dio ekarpena kulturgintzari, eta hortik izango du errealitatea salatu, ospatu eta gizartea transformatzeko indarra. Hori dela-eta ezin ditugu alde batera utzi bertsolaritzaren joko arau estetiko propioak, haiek kontuan hartzea ezinbestekoa baita proposatutako hasierako galderari erantzunen bat ematen ahalegintzeko. Beraz, ezin dugu ahaztu, esate baterako, bertsotan egitea oholtza gaineko bat-bateko sorkuntza gorpuztua dela; erlojuaren aurka egiten den ariketa bat dela; metrika zurrunean eta errimen baldintzapenean oinarritzen dena; forma eta edukia, gutxienean, eskutik doazela uneoro; bertsolariak diskurtsoa gorpuztu egiten duela eta, beraz, zaila dela autoretza difuminatzea, hantxe dagoelako bertsolaria, kantatzeko erabaki duen doinuz, esaten duenaz eta isiltzen duenaz, gorputz adierazpenez, janzkeraz, keinuz, ahots tonuz eta momentuan bertan irakurria den gorputzetik egiten duela bertsotan. Eta, noski, gorputz horrek badituela iragan bat eta proiekzio bat, eta jendeak haren inguruan dakienaren eta harengandik espero duenaren arabera jasoko duela bertsoa. Gainera, ariketa inprobisatua eta jendaurrekoa den heinean, publikoaren –eta, txapelketen kasuan, epaileen– berehalako erantzuna jasotzen du bertsolariak eta haren bertsoak.
Ahotik dingilizka utzi dizudan bigarren amuari helduko diot. Aristotelesen Erretorika lanean ageri diren lau apelazioak (logos, pathos, ethos, kairos) lagungarri izan daitezke aztergai dugun galderari erantzunen bat ematen saiatzeko. Beti ere, kontuan izanda, bi mila urte pasa dauzkan erretorikari buruzko testu baten interpretazioez ari garela. Distantziak distantzia, baina, bertsogintzara ekarri eta ausartuko naiz esatera logosa diskurtsoa bera litzatekeela; dagokigun kasu honetarako, bertsoa. Pathosa publikoarengan sortu nahi dena, bertsolariaren intentzioa. Ethosa bertsolaria gaiarekiko non kokatzen den, eta kairosak testuinguruari egingo lioke erreferentzia. Honek, zuzenean, Donna Harawayren ezagutza kokatua kontzeptuaren arabera jokatzera garamatza. Konturatu behar du bertsolariak non ari den kantuan, nondik ari den, zein den botere harremanen eskalan bere posizioa eta abar; finean, egokitasunez jokatu behar du testuinguruaren, bere posizioaren eta hartzailearen arabera, eta horiek kontuan hartu bere logosa edo diskurtsoa eraikitzerakoan. Aldrebesa dirudi ariketa inprobisatu baten erdian, eta aurrez aipatutako joko arau propioekin, hori guzti hori egin behar izatea bertsolariak, baina, nire ustez, jarduera sozial guztietan etengabe egin behar dugun ariketa bat da, bertsotan aritu zein ez, jarrera bital bat da. Eta esandako honetan antzematen da bertsolariak aurretiaz egiten duen lanketak duen garrantzia.
Honenbestez, nondik eta zeri kantatzen diogun eta, kasu honetan, zer kantatzen dugun lau apelazioen puzzlearen araberakoa izango da, beti ere piezak enkajatzerakoan kokapen propioaren kontzientziatik egiten bada. Beraz, bertso bat egokia izan daiteke testuinguru jakin batean, bertsolariaren intentzioa eta gaiarekiko haren posizioa kontuan hartuta eta, igual, bertso bera beste baten ahotik, testuinguru desberdin batean eta intentzio aldrebestu batekin desegokia izango da. Horrek igurtzi egiten du zilegitasunaren gaiarekin, bertsolaritzan pil-pilean dagoena eta denok pentsatu eta adierazi beharko genukeena, baina gai hori Maider Arregik landu du eta egoki azalduko dizue berak.
Beraz, esango nuke bertsolaritzaren arte izaera aldarrikatzeak proposatutako galderari erantzuteko bide berriak ireki ditzakeela. Horrez gain, artearen aldarrikapena egiten dut argudiaketa hutsean eta sententzietan bakarrik oinarrituko ez den bertsokera bat baliozkotu dadin, sujerentziaren bidezko hausnarketak, irudiak, galderak zein emozioen bilaketak konpartituko dituena. Ezin hona ekarri gabe utzi sujerentziaren ariketa estetiko sublimetzat ditudan Nerea Ibarzabalen bakarkako bertsoak (Irun, 2022-11-05, https://bertsoa.eus/bertsoak/21325-ganbara). Gainera, arteak balio du errelato berriak sortzeko eta, neurri batean, horretan datza artearen transformaziorako indarrak. Oscar Wildek The Decay of Lying (Gezurraren gainbehera, 1891) liburuan dioen gisa, “bizitzak artea imitatzen du arteak bizitza baino gehiago”. Gehitxo da igual, esteta baten hiperbolea, baina nik zertzelada batzuk ekarri nahi nituen, hasieran esan dizuet proposatutako galderari ez niola sententzia argudiatuekin erantzungo, gaiaren inguruko hausnarketa batzuk eta barruan zein eskuetan bueltaka dabilzkidanak ekarriko nituela baizik.
Maialen Akizu Bidegain
Imajinatu zerbait apurtzen zaizula. Edalontzia, adibidez, nahi gabe bota duzun hori, eta jendea ura sikatzeko trapu bat ekartzera mugatzen da, erratza dakarte kristalentzat. Baina imajinatu zuk ez duzula trapurik nahi. Zuk edalontzi hori nahi zenuen. Edalontzi hori axola zitzaizun. Ez duzu ulertu hautsi izana. Eta orduan kristalak jasotzen hasten zara, banan-banan. Eta elkarren artean lotzen saiatzen zara. Baina, noski, hori egiten duzun bitartean, ura bere bidean doa, eta zein ordu den ere ahaztu egin zaizu. Gainera, batzuetan gauzak zazpi zatitan hausten dira, eta ados, itsats ditzakezu. Baina batzuetan ehunka zatitan, gehiagotan hausten dira. Eta orduan zer? Zu, dena dela, itsasten saiatzen zara. Ez duzu abandonatzen edalontzia. Eta azkenean, ohartzerako, jende asko uzten duzu albora edalontziarekin zeundelako. Ez zelako edalontzi bat hautsitakoa: pertsona bat zen[1].
Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? Hori da Bertsolamintza honetarako egin diguten galdera eta ez da inguruan entzun ez duguna. Diskurtso guztien errespetagarritasunaren kezkaren atzean dago diskurtsodun guztiak errespetagarriak ote diren. Galdera horren zurrumurrua badago bertsolaritzan; uste bat gaur egun ezin dela edozer kantatu, ezin dela esan pentsatzen den guztia, politikoki zuzenak bihurtu garela.
Zuzentasun politikoa terminoa 90eko hamarkadan zabaldu zen Ameriketako Estatu Batuetan. Kazetari bat Berkeley unibertsitatera joan zen eta ohartu zen bere garaiaz geroztik giroa oso aldatuta zegoela, eta ordura arte unibertsitatetik kanpo egondako gaiak lantzen ari zirela ikasleak, hala nola ekologia, birziklapena, arrazializazioa. Kazetariak fenomeno hari PoliticalCorrectness (Politikoki zuzena) deitu zion, eta hainbat artikuluren bidez tira egin zion kontzeptuari. Zuzentasun politikoa zentsurarekin lotu zuen, askatasun faltarekin, eta, pixkanaka, sistema ideologiko oso bat garatzen joan dira ezker intelektualaren kontra, bigarren eta hirugarren olatu deiturikoetako mugimendu feministako zenbait sektoreren aurka, boterea ezbaian jartzen ari zirenen aurka.
Kritika hau politikaren esparruan inoiz baino leku gehiago hartzen ari da. Politikaren banaketa tradizionala ezkerraren eta eskuinaren artekoa bada, eskuina ari da politikoki okerraren aldeko diskurtsoa bereganatzen, errebeldea eta aldarrikatzailea eskuina ari da bihurtzen, eta, kontrara, badirudi, ezkerra dela aldiro balazta, aldiro hanka puntak, asterisko eta komatxoak behar dituena. Politikoki okerra dena bihurtu da garai batekoa goratzeko modu bat. Ez dira errespetatuak sentitzen, eta gizarte modernoa kritikatzen dute puritanoa eta kontserbadorea bihurtzen ari dela esanez. Ezin al da txisterik egin ijitoen aurka?, ezin al da esan beganoa izatea baino hobe dela goseak hiltzea?, ezin al zaie feministei feminazi deitu?, ezin al da egon ehizaren alde, zezenketen alde, etorkinak euren etxera bidaltzearen alde?
Politika eta artea, biak dira askatasunaren joko zelaiak eta bi-bietan oso presente dago Bertsolamintza honetarako proposatu zaigun galdera. Musikan, zineman, antzerkian forma askotara agertzen da disputa hau, kantzelazioaren kultura ere deitu zaio, eta bertsolaritzan ere badago.
2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusian finalerdietan kezka honi eman nahi izan zitzaion buelta bat. 10eko handian aritzeko gaiek politiko zuzentzat jotzen ez diren posizioetan jarri zituzten bertsolariak. Hauek ziren gaietako batzuk: “Bikotea zarete. Zuen haurra herriko eskola publikora eraman zenuten. Orain, bertan etorkinen seme-alabak gehiengo direnez, haurra herriko ikastetxe kontzertatu batera aldatzea erabaki duzue”. “Enpresariak zarete. Duela hogeita hamar urte, ETAk mehatxatu zintuztela-eta, Euskal Herritik kanpo eraman zenuten zuen enpresa. Orain, egoera aldatu denez, itzultzea pentsatzen ari zarete”. “Bi gizonezko zarete. Badakizue zuen lantegian, lan bera egiteagatik, emakumezkoek baino soldata handiagoa jasotzen duzuela. Protestan hasi dira, baina zuek ez duzue bat egin protestarekin”.
Inpresioa izan nuen deserosotasun izugarria izan zela, baina komunikatiboki eta estetikoki zailtasun handiak izan zirela jarduteko. Niri interesgarriagoa egiten zait egungo diskurtsoak beste leku batzuetatik begiratzen dituen bertsolaritza, errealismoari fikziotik ekarpena egiten diona, arrazoia bezain bestelako esateko moduak ere erabiltzen dituena. Esanguratsua da ikustea nor sentitzen ari den iraindua, zergatik eta nola, eta emankorragoa da, akaso, galdera bertsokera eta bertsolari profil ezberdinei egitea.
Ez dugu uste adierazpen askatasunari mugak jarri behar zaizkionik, ez gara ari zentsuraz, bai, ordea, euren burua zuzentasun politikoaren biktimatzat jotzen dutenei mozorroa kentzeko arduraz. “Politikoki okerrarena” ez delako hezkuntza, elegantzia edo errespetua urratzeko pasaporte bat. Ez dago diskurtso hegemonikoagorik politikoki okerra izatea baino.
[1]Gopegui, B., & Román, S. (2009). Deseo de ser punk. Bartzelona: Anagrama.