VII. Bertsolamintzari behakoa
VII Bertsolamintzari behakoa –
Bertsolamintza gogoeta saioa da. Eta hori eskatzen zaie txostengileei, gai jakin bati buruz gogoeta egitea eta hori konpartitzea. Hausnarketek, eztabaidek, alde eta kontrako argudioek utziko dute arrastoa eta aurrerabidea.
Zazpigarren Bertsolamintza honetan, Zeri eta nondik kantatzen diogu gai nagusia jorratu nahi izan da. Horretarako, aurtengoak lau aurkezleku jarri ditu herrialde desberdinetan eta bostgarrena, azken eguna borobiltzeko denak bilduko dituena, Amasa-Villabonan, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan.
Martxoaren 13a Gasteiz
Goiuri jauregi dotorean izan da lehenengoa, aulki gorri-gorriak, harrizko hormak eta aurrerapen teknikoak. Aroa Arrizubietak, handik gutxira Arabako txapeldun izango denak, egin du harrera eta aurkeztu ditu hizlariak. Maider Arregi lehenengo.
Zilegitasunaz aritu zaigu oñatiarra. Baieztapen nagusi batetik abiatuta: Ez genuke kantatu behar estrukturalki gu baino zapalduago dagoenaren ahotik. Hain sententzia sendoa bota ostean, berak jarri ditu galderak mahai gainean eta alde zein kontrako argudioak proposatu. “Ezin da kantatu bizi ez denaren zerbaiti buruz? Eta gaia landu badut, zilegiagoa zait? Lehen pertsonan ala hirugarrenean?”. Ahotsen apropiazioaz, zein ahots, horren eta bertsolariaren arteko harremanaz aritu da Maider. Eta oholtzan falta diren gorputzez eta kolektiboez. Galderak galdera gainean. “Badago politika errealik diskurtsoak ez baina beraiek egon daitezen? Kolektibo bezala, nola zabaldu ateak beste errealitate batzuei? Eta bitartean?”.
Maiderrek aipatu du bere diskurtsoan denak sartzen dituela, denak jartzen dituela debatean, entzuleek galdetu diotenean ea bertsolaria behartzen dutenean zer egin; gai-jartzaileak rolean jarritakoan, txapelketaren kontestua…
Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek, bakoitzak bere aldetik begiratzen zioten hurrengo gaiari: Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaio?
Hori aztertu du Aitorrek, eta zeintzuk dira posibilitateak eta baldintzak, hitz egin ahal dadin. Abiapuntua artean orokortu du. Artea proiektu politiko nazionalaren mesedetan ala artea arteagatik? Hala ere oso zaila ikusten du bertsogintzan arteagatik bakarrik aritzea, funtzio soziala oso presente baitu honek. Artea baino gehiago artisautza izan daiteke, bere iritziz.
Aurrebaldintzaz, diskurtso estrategikoaz, zerk egiten du posible honetaz edo hartaz aritzea eta bertsoaren magiaz aritu da… Zirrara elementuaz. Adibide bat edo beste jarri digu, baina denbora kezka bihurtu zaio eta beste hainbat kontu gordeta utzi behar izan ditu. Hala ere, mahai gainean jarri ditu inportanteenak; esan gabe doanak, esan gabe joaten uztean konpartitzen duguna. Horrek ematen du aukera pintzel fina erabiltzeko. Lerratze politikoa, berriz, esplizituagoarekin lotzen da. Agitazioa eta propaganda. Nondik jo gehiago, pintzel finetik ala ukabiletik? Dibertsifikazioak ekartzen duen aukeraz bukatu nahi izan du, denborak utzi dion heinean.
Oihana Iguaranek galderari erantzuteko elkarrekintzan eta indarrean dauden baldintzak eta joko arauak aletu ditu. Zeri kantatzen zaion eta zertarako baliatzen dugun gure ekimena. Komunikazio agenteak eta kanalak, kodeak, jarri ditu eragile moduan. Inguru-testura iritsi da geroxeago, eta inguru-testu trinkoa edo ezpaldua izan daukan aldea. Eta bertsolariak nola aldiro interpretatu behar duen zerbait den. Hor gurutzatu da Aitorrek lehen esandakoarekin: artea, pintzel fina, pertsuasioa, propaganda, agitazioa, magia…
Diskurtsoarekin interaktibitatea; entzuleekin partekatzen duen errealitateari kantari aritzen dena da bertsolaria. Ezagutzen duenari edo amestu edo eraiki nahi duenari ari zaio bertsolaria. Gai orokorrei errepasoa eginda, diskurtsoaren eta praktikaren arteko arrakalak, zein disonantzia kognitiboa landu ditu, denborak eman dion arte.
Martxoaren 14a Bilbo
Bilboko San Inazio auzora eraman gaitu bigarren egunak. Euskararen Etxean bi hitzaldi dira aurkezteko. Leku txukun eta bilduan, Zihara Enbeitak egin digu ongietorria. Bertsolamintzaren helburu eta dinamika azaldu ondoren lehen hizlariari eman dio hitza.
Jexux Mari Irazuk libreko jardunaz aritu behar du. Kokapenetik hasi da, zer da, zer ulertzen dugu “libreko saioa” esaten zaigunean. Hori aberasteko, edo beharbada aurkezpenaren izotza urtarazteko, bertaratutakooi galdetu digu libreko saio bat aukeratzeko. Abiapuntu bertsutik, beraz, bere esperientziatik hitz egin nahi izan du Irazuk. Hala ere, datu mordoska eman du egungo bertsogintzan libreko saioek zer pisu duten konturatu gaitezen. Beharbada mediatikoki ez da gehien azaltzen dena, baina saioen hirutik bat libreko jarduna da, eta ia hirutik bi lagunartekoak erantsita. Funtzio garrantzitsua duela azalduta, honek dituen mugez, zabaltzen dituen aukerez, aritu da larrauldarra. Lekuak, motiboak, bertsolarien intentzionalitateak, aktualitateak… nola eragiten duen. Eman dizkigu bere eskarmentutik gauzak ondo joan daitezen libreko saiorako klabe batzuk ere bai. Eta bukatzeko, honi ere denbora gainera etorri baitzaio, gazteengan, orain bertsotan hasten direnengan, jarri du arreta (gero entzuleek asko eskertu diote etorkizunerako begirada hori). Ez da izango gaztetxoak bertsotan azaltzeko, gora egiteko, bide garrantzitsuena, baina behin plazara salto eginda beren jardunaren zati garrantzitsu bat izango dela konturatzeak lagunduko diela adieraz nahi izan die.
Ondoren, lehengusinari eman dio hitza Ziharak. Onintza Enbeitak botere harremanak jorratu behar zituen. Eta, honek ere bere bizipenetatik, bertsolariak, bertsokideek, publikoak nola jokatzen duten eta elkarren artekoak nola eragiten duen azaldu digu.
Bakoitzaren itzala, pisua, nondik datorren, generoak horretan duen eraginaz, onarpenean gorputzak duen garrantziaz, aldiro demostratu beharrak, zer hartzen da eta zer hartu behar litzakeen balioan…
Ondorio moduan atea zabaltzeaz gain, zabalik eusteak duen garrantzia nabarmendu da. eta asko dagoela deseraikitzeko, harremanak modu horizontalagoan bideratu nahi baditugu behintzat.
Martxoaren 20a Itsasu
Astebete pasatu da aurreko bi saioetatik eta beste bi saio ditugu ate joka. Lehena Lapurdiko barnealdeko herri txikian, Itsasun. Bertako Sanoki gelak sarri hartu ditu bertso saioak, bertso eskolen egunak, xapelgoak, bertso otorduak…
Oraingoan gogoetari bide eginez, hiru hizlarik emaniko beste bi hitzaldi entzungo ditugu.
Goiz iritsi garenontzat euskal pastiza goxo bat zuten antolatzaileek, eta gustura egin dugu krakada. Parean dagoen okindegiko izenak salatu digu hemen askariak, meriendak, izen hori duena; krakada. Jatekoaz gain, antolatzaileek dena prest dute. Pantaila martxan behar bezala jartzea kosta bada ere, hasteko ordurako prest dago, eta Ainhoa Urienek eta Maialen Akizuk prestatu duten PowerPointa erabiltzeko moduan izan dira.
Aurkezle lanak, eta bukaerako dinamizatzea ere, Battitt Crouspeyren eskutik gauzatu dira eta Battittek eman dio hitza lehenik Oihana Aranari. Aranak, pantailarik erabili gabe, bertsolaritza ideologikoki ea lerratuta ote dagoen galderari buruzko iritzia eman digu. Objektibotasunik gabea, berak aitortu moduan, beretik. Ideologia, diskurtsoa zer den azaltzetik abiatu da, eta dikotomia zenbait baliatu du azalpenak emateko: artea eta komunikazioa; edukia eta forma; diskurtsoa eta jarioa, etxea eta plaza… Gai-jartzailearen ardura ideologizatzean, gorputzak duen parte hartzea diskurtsoan, isiltzea ere diskurtsoaren parte izatea…
Diskurtso horien errespetagarritasunetik abiatu da Ainhoa Urien. Baliagarri izan daitezkeen autore eta liburu batzuk azpimarratu ostean, Aristotelesen hiruki erretorikoa ekarri du, sinesgarritasuna, emozioak, logika… eta egokitasuna. Komunikazioa ardatz duen, baina joko arau estetiko propioak dituen arte hau, lau apelazio hauek nola, nondik, begiratzen denaren arabera aldatu daiteke. Adibideak ere jarri ditu Ainhoak eta leku batean onargarria izan daitekeena, bestean ez dela izango erakutsi digu.
Bide horretatik eraman du Maialen Akizuk ere bere hitza. Bertsoa, komunikazioaz gain, arte ere badela azpimarratuz; diskurtsoa ez dagoela isolatuta adierazi nahi izan du. Txapelketetan erabilitako gaien kategoria edo tematikak ere aztertu ditu. Artea eta fikzioa erreibindikatuz, jolasa zehar lerro bihurtzeko beharra azpimarratu du.
Martxoaren 21a Iruñea
Jende dexente dabil Laban sartu-irtenean. Bertsolamintza antolatzen ari direnak, hizlari izango direnak, gaurkoan gehiago baitira hizlariak, eta tabernan dabiltzanak. Gaztelu plazako bigarrenean da gaurko ekitaldia, eta gai-jartzailetza zein bertso eskolen jarduna izango du ardatz. Gai-jartzailearen funtzioaren garrantzi ukaezinetik abiatuta, Imanol Artola Felixek eta Julio Sotok, gai-jartzaileen autoretza, sortzaile papera aldarrikatu dute. Txandaka aritu dira gaia jorratzen, eta elkarri (bata gai-jartzailea bestea bertsolaria) eskatu diote: konfiantza batek, ausardia besteak. Oreka da gehien aipatu dutena, entzuleak eskatzen duena eta bertsolariak nahi edo behar duenaren artean. Gai-jartzailea disimuluan pasatu edo bere zigilua uztearen artean… Profesionaltasuna, edo dedikazioa behintzat, mahaigaineratu dute.
Ondoren boskote bat igo da azalpenen talaiara: Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea. Ez dute mahai-inguru eztabaidatu bat osatu, bakoitzak bere ikuspuntua, bere esperientzia, azaldu du gaiaren inguruan. Zehazki, ea bertso eskoletan ideologiaren lanketarik egiten den zen galdera. Eta bakoitzak bere aldetik landu izanak, bertso eskola oso desberdinetan aritzeak, eta bakoitzean landu nahi izan dituzten ikuspuntuak ekarri ditu bakoitzak. Atsegina suertatzeaz gain, osagarria geratu da solasaldia, zenbait xehetasunetan bat ez etorri arren. Horren inguruan izan da bukaerako mahai-ingurua edo iritzi eztabaida.
Martxoaren 23a Amasa-Villabona
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko egoitzara, Subijana etxera, etorri da larunbat goiz honetan hausnarketa, eztabaida. Bertan, bi asteotan izandako hitzaldi guztiak bildu dira eta, ondoren, bazkaria eta bazkalosteko bertso saioa izango dugu. Goiz jarri dute hitzordua eta hala hasi da jendea hurbiltzen. Bederatziak baino lehen areto nagusia lepo bete duen jendea hizlariak entzuteko irrikaz dago. Gutxi batzuek entzunak dituzte denak, zenbaitzuk aurreko egunetako batean edo bitan egonak dira, eta gehienek guztiak batera entzuteko aukera baliatu nahi izan dute azken egun honetan. Hirurogeita hamar lagunetik gora bildu gara goiz osoa iraun duen ekitaldian.
Bertsolamintzako batzordekide, beraz antolatzaile, den Eli Pagolak eman digu ongietorria. Ondoren, batzorde horrek Aner Euzkitze eta Ainhoa Agirreazaldegi izendatu ditu gaiak eta hizlariak aurkezteko, oharrak emateko eta eztabaida bideratzeko.
Lehen zatian Aner aritu da, eta hurrenez hurren Ainhoa Urien, Maialen Akizu, Jexux Mari Irazu, Maider Arregi, Aitor Bizkarra, Oihana Iguaran igoarazi ditu, eta bide eman die bere hitzaldiei.
Ondoren, eta pausaren aurretik, iritzi trukerako tartea zabaldu du. Ez da asko kostatu eztabaida sortzea. Artea arteagatik behar duen ala ez gaiak korapilatu ditu Ainhoa Urien eta Aitor Bizkarra; komunikazioa zer den edo ez den, Irazu eta Iguaran, eta entzuleen artetik epai-mahaikide den batek, entzundakoa praktikara eramateko zailtasuna ekarri du bere alderdira. Esfortzua, ahalegina, hor dago, baina gero erabakiak hartu behar dira.
Estetikaren balioa azpimarratu nahi duenik izan da, diskurtso bat epaitu ote daitekeen utzi du berriro airean Maider Arregik, audientziaren tiraniaz aritu da Oihana Iguaran…
Gaiek gehiagorako emango zuten, baina gero gehiago dagoenez, kaferako pausa egin behar dugula agindu du Euzkitzek.
Erretzaileak Subijana etxetik kanpora, eta besteok, Jexux Murua eta Oier Iurramendi ateratzen ari diren kafe zein infusioak dastatzera pasatu gara bilera aretora. Goizean hain goiz etorri beharrak ia gosarirako tarterik utzi ez dionari aukera eman zaio orain zertxobait indartzeko. Mokadutxoaren bueltako taldetxoek elkarren berri izan, eta tertuliarako aukera ere eman dute. Ordutegia errespetatuz berehala deitu dute, ordea, jardunaldiekin jarraitzeko.
Esan bezala, bigarren zatia Ainhoa Agirreazaldegik bideratu du. Julio Soto eta Imanol Artola abiatu dira, gero Oihana Arana, Onintza Enbeita, eta bukatzeko, bertso eskoletako irakasleak jarduna ixteko. Odei Barrosok ez du etortzerik izan eta Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea aritu dira gaia jorratzen.
Berriro ere, horiek amaitzean, Agirreazaldegik ireki du eztabaida.
Hausnarketak hausnarketa, sormena mugatzearen kezka azaldu da. Iturriagaren bertso eskolen trebatze funtzioarenak, gimnasio izaerarenak, eman du eztabaidarako zein umorerako. Bertso eskolen iraute lanari azpimarra jarri nahi izan dionik bada, eta amaieran, Onintza Enbeitak gogorarazi du 10/8an eta 7/6an ahal dutena egiten jarraituko dutela.
Itxierako agurra Beñat Gaztelumendiren esku geratu da, eta eskerrak emateaz gain, azken ekitaldirako bide eman du. Bazkaria zain dago Villabonako Behar Zana elkartean.
Oso txukun eta goxo prestatu dute dena bertako bazkideek. Bazkari erdian Korrika Behar Zana elkarteko ataritik pasatzen dela eta, kanpora irten gara denok. Lasterka ez dugu asko egin, baina korrika doazenak txalotu ondoren jarraitu dugu bazkaritan. Hori bukatuta, Eli Pagolak bideratu duen Sustrai Colina eta Miren Artetxeren bertso saioa etorri da. Saioko azken bertsoa honela amaitu du Miren Artetxek Iparragirre abila dela doinuan:
(…)
teoria, praktika
gogoeta, kritika
ez dadila inoiz eten
eta saioa, bueno saioa
hobeto irten zitekeen. (bis)
Horrek eman dio amaiera saioari eta aurtengo Bertsolamintzari. Bikain joan da saioa ere. Hobetu zitekeen, noski, baita Bertsolamintza bera ere. Hurrengoan beharko du.