Bertsopentsiotan - Bertso sarituak

Bertsopentsiotan –

Bertsopentsiotan

1. LEHEN SARIA. Rikardo Gonzalez de Durana

Izenburua: PENTSIO DUINAK

Doinua: Habanera

Andre ta gizon ugari
Zimur gehiegiren jabe.
Gainera borrokarako
gogoa dugu debalde.
Gu Pentsiodunak gara
ez haur, ez ume, ez nerabe.
Gure ardurak hartzeko
ez baikabiltza herabe,
deialdia egin eta
beldur ta lotsarik gabe
pentsioena lortzeko
sortu zen hamaika talde.
Bost urte igaro dira
ta oraindik martxan gaude.
Ez inoren aurka baina
dagokigunaren alde.

Pankarta, esku-orriak,
kartel mordoxka jakina.
Bozgorailu, kamisetak
ta milaka pegatina.
Nahiz ta sarri jasan dugun
Eguraldiak egina,
Haize bortitza, euria
edo tximista ziztrina,
elkarretaratzen egin
dugu gure ahalegina.
Mila ta laurogei euro
denen pentsio duina,
orain guztiok dakigu
ez dela lortu ezina,
ondo egindako lanak
baitu bere eragina.

Hargatik astelehenero
joaten gara gustora.
Donostiara, Gasteiza
Iruina edo Bilbora.
Euribor ta janarien
salneurriak doaz gora:
argindar, gasoil, gasenak
ez ditzakegu albora.
Bitartean pentsioek
ez dute egin mejora.
Baina ez dugu etsiko
inoiz inondik inora
oihuka ihardun ondoren
pintxo, jan ta poteora
jubilatu ginen bainaez dugu galtzen denbora.

Eusko Legebiltzarrera
noizbait egin behar jira
ta bakartxo Tebejia
jarri zen guri begira.
Bera da presidentea,
gu jubilatuak, tira.
Agindu zigun kartelak
genitzala erretira.
Baina ez genuen bete
nahi izan bere desira
ta handik bota gintuen
ez hitzik ta ez gupida.
Parlamentu guztietan
nagusi “parlamentira”.
Politikari gehienak
gezurti hutsak baitira.

Eusko Jaurlaritzarekin
ez gara berriz nahastuko zoritxarrez ez baitigu
arazo hau konponduko.
Ez du eskuduntzarik ta
nor ez da horren lekuko?
Baina berdintasunari
Ez diogu egin uko.
Beraz andre ta gizonek
Elkar dugunez hartuko,
trabatzen gaituenari
gatzaizkio oldartuko.
Hori ikasi ta gero
denek dute ulertuko
pentsio arrakalarik
ez dugula onartuko.

Bildu eta gauzatzeko
hainbat protesta baketsu
denetarik izan dugu
eztabaida ta kontsentsu.
Behar zenean serio
maiz, berriz, irribarretsu
telebistetan ta prentsan
egin gaituzte ospetsu.
Arantxa, Elvira, Lutxi,
Leon, Rafael, Josetxu,
Manuel, Felix, Iñaki,
Gotxone, Sara, Karmentxu.
Indartsu hasi ginen ta
jarrai dezagun kementsu.
Ez gaitezen inoiz geldi
ez pentsio ta ez pentsu.

 

2. BIGARRREN SARIA. German Kortabarria Igartua

Izenburua: FRANCOREN MENDE JAIOAK GARA…

Doinua: Irrintziekin esnatzen dira

Francoren mende jaioak gara
hala tokatu zen eta;
beharrerako hezi gintuzten
(e)ta makurtzeko kopeta;
larre motxean saiatu gara
bizitza hobearen xerka,
malkar (e)ta aldapak pasa ditugu,
ez da izan dena ordeka,
eta urteen aginduz hartu
dugunean erretreta,
sistema berak erantsi digu
klase pasibo etiketa.

Gure bizitzan lanean gara
Urte andana igaroak;
bizibideak kidetu gindun
hemengo eta hangoak;
tailer, lamazen, denda, hospitale,
aldamio, bulegoak….
halabeharrez ditugu ikasi
elkartasun kodigoak;
eta orain biltzen gaitu astero
pentsioen arragoak;
klasea gara, klasea dugu
baina ez gara pasiboak!

Astele(he)nero berritzen dugu
pentsio hobeen demanda,
(e)ta ez daitezela murriztuz joan
KPIak erasanda;
1080 eurotan jarri
dugu oinarrizko langa,
inor ez baita geratu behar
biziera duinetik landa,
ze mailaka asko, andrak gehienak,
daude pobresiak janda
ordain gabeko lan nekezetan
bizitza osoa emanda.

Agintarien promesak usu
geratzen dira hutsean,
dena biraka jarri baitute
diruaren ardatzean,
eta egoerak iduri arren
eder haien ahotsean,
bestelakoak dira kontuak
propagandaren atzean:
gero eta lagun gehiago ari da
geratzen bidea ertzean,
dena ez baita joritasuna
“oasiko” baratzean.

Sistema honi elkar hartuta
egin diezaiogun kontra,
erdigunean kokatu dadin
bizitza eta ez azoka;
prekario, etorkin, gazte, emakume…
mila aldarri borborka!
denen artean bat gehiago da
pentsionisten borroka;
hari guztiak txirikordatuz
osatu dezagun soka
gizabidera amarra dadin
politikaren trikota!

Adinduz goaz (e)ta badakigu
Inor ez dela betiko
Baina, argi dugu gure jarduna
ez da solik gurekiko;
eta zuk, gazte pentsatu arren
gaia zaizula urrutiko,
denbora ez da geratzen eta
noizbait zaizu iritsiko,
eta bidezko erretiroa
soilik duzu edukiko
burutzen bada gure aldarria:
PENTSIO DUIN (E)TA PUBLIKO!!!

 

3. HIRUGARRREN SARIA. Jesus Peñagarikano Labaka

Izenburua: PENTSIOMENDUAK

Doinua: Mutil Koxkor bat itsu aurreko (hamarreko handia)

Baieztatuta arreta zela
bidegabea, ezdeusa,
haserreturik hartu genuen
eskaeren autobusa,
irabaziak birziklatuta
batzuentzat errefusa,
korformatzeko apurrak eta
tute, txintxon eta musa,
errezo berriz jantzita dator
asteleheneko angelusa.

Egoera hontan, normala denez,
nolatan egon, ba, posik,
hitz borobilez ondo jantzita,
diruz, ordea, biluzik,
gutxieneko pentsio hori
aspaldian ondoezik
ondo zaintzea beharrezko du,
botika ona ez ezik,
ez dugu eskatzen laurogei mila,
mila eta laurogei baizik.

Erosketako saskia ere
bete ezin den leizea,
berogailuak izotzak jota
argiak itzal luzea,
beste nonbaiten hartu neurriak
eta sartu guraizea,
izan dezagun bidelaguna
behingoz aldeko haizea,
pentsio denei aplikatuaz
benetako IPCa.

Bista gertura eta urrutira,
jarri lente bifokala,
lehentasunak konponbideak,
egina dago eskala,
pentsioetan genero etena
ez da arazo makala,
eman behar zaio irtenbidea
irmoa, erradikala,
nori berea, hori legea,
itxi dadin arrakala.

Esan bezala espalditxoan
atera ginen kalera,
ordu ezkero hemen gabiltza
batera eta bestera,
arazo, kezka, sakonekoak
ekarririk azalera,
helmugarako autobus hori
ea nola azelera,
justiziazko uste duguna
ekar dezagun aldera.

 

4. LAUGARRREN SARIA. Julian Albistur Aranburu

Izenburua: ARI GARELA, ARI GARELA, ASTELEHENERO KALEAN

Doinua: Habanera

Diktadurapean jaio,
hazi ta heziak gara;
frankismoak eraginda
zapaldu zuten euskara,
gure kultura, ohiturak
bidalita pikutara;
asko kostata iritsi
ginen demokraziara.
Erretiratuta gaude,
bizitzaren legea da;
badirudi gizartean
egiten dugula traba,
gaurko gazteriak hori
usteko du beharbada;
nik uste errespetua
merezi dugula jada.

 

Berrogei urtetik gora
lanean gogor jardunak,
pairatuta horrenbeste
lanaldi luze, astunak;
erretiratu ondoren,
askoren estuasunak;
pilatzen aritu arren
aldarrikapen egunak.
Pentsio justuen alde
ari gara gu, lagunak:
“Milata laurogei euro”
gutxienez alargunak.
Zilegitasuna dauka
aldarrikatzen dugunak,
agintarien aldetik
falta dira erantzuna,

Diote ari garela
sortzen nahiko iskanbila,
baina gu soilik gabiltza
pentsio zuzenen bila,
mugida uste dut dela
zintzoa bezain isila,
halere adarra jotzen
badago jende abila.
Zalantzaren bat duena,
gugana hurbil dadila;
duintasun kontua baita,
hortxe dago maratila.
Alargunak babestea,
larri baitabiltza mila,
gure esku dagoenez
saia gaitezen kuadrilla!!

 

PP-rekin gindoazen
okerretik okerrera;
ekimerai eskerrak,
zerbait egin du hobera;
azken urteotan behintzat
aldatu da egoera:
pentsioa igotzen da
KPI-ren arabera.
Legediak babestuta
jasota dago gainera,
gure borrokari esker
gauzatu dugu aukera.
Bide zuzenetik goaz
lasai irtenda kalera,
gazteok eutsi goiari:
Pentsionistak aurrera!

 

Bertsopentsiotan  Bertsopentsiotan  Bertsopentsiotan  Bertsopentsiotan  Bertsopentsiotan