Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka

Ana Mezo-(r)en argazkia Ana Mezo 2024-11-14
Argazkiak: Josu Artutxa Dorronsoro - Tolosaldeko Ataria

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka –

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka

2018ko urtarrilaren 15ean hasi zen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka, elkarretaratze jendetsuen lehen eguna izan zen. Orduko Fatima Bañez ministroak urte horretarako pentsioen %0,25eko igoera barregarria iragartzeko bidali zigun gutunari erantzun genion.

Baina, Pentsioen Sistema Publikoaren aurkako erasoa ez da berria. Betidanik, banketxe handiek Pentsio Sistemaren finantza baliabideak kudeatzeko helburua lortu nahi izan dute negozioa egiteko.

Horretarako, 2011ko eta 2013ko erreformak egin ziren. 2011n etorri zen erretiro adina pixkanaka handitzea 67 urtera arte, kalkulualdia 15 urtetik 25era igotzea oinarri arautzailerako, kotizazioaldia 35 urtetik 37ra igotzea pentsioaren %100 eskuratzeko eta abar. 2013ko erreformak beste irizpide kaltegarri batzuk jarri zituen pentsiodunontzak.

Erreforma horiek kalean erantzuna izan zuten eta jarraitzen dute izaten. Mobilizazioek emaitzak eman dituzte. Lortu genuen pentsioak eta pentsiodunon eskakizunak leku garrantzitsua izatea agenda politikoan,  eta 2011ko eta 2013ko erreformen alderdi atzerakoi batzuk indargabetzea.

Hasi ginenetik, astelehenero, pentsiodun asko batzen gara herrietako eta hirietako kaleetan, 80 herri eta hiritan, baina bestelako mobilizazioak ere sarri egin ditugu Euskal Herrian. Madrilera behin baino gehiagotan joan gara estatuko beste plataforma eta komunitate batzuekin partekatutako mobilizazioetan parte hartzera. Bruselara ere martxa bat antolatu genuen aipatutako estatuko plataformekin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendukook, EHPMkook, jendearen bizi-baldintzak eta eskubideak hobetzeko izan diren beste borroka batzuk ere babestu ditugu, esaterako, Pandemiaren aurkako erakundeen jarduera eskasari emandako erantzunean izan gara, herritarrentzako banku zerbitzuetan egin ziren murrizketen aurka gure ahotsa entzun da, energiaren garestitzearen salaketa egin dugu, osasun arloko eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioetako murrizketen salaketak ere egin dutugu, langileen mobilizazio ugari babestu dugu eta, nola ez, genero berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako mobilizazioetan ere parte hartu izan dugu, indartsu eta kementsu.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka

Honen harira, Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin, eskubideen karta sozialarekin edo bestelako gizarte eragileekin edo, zahar etxeetan daudenen senideen elkarteekin, eta mugimendu feministarekin sarri izaten ditugu harremank.

Ekimen ludikoagoak ere egin ditugu. Horietako bat izan da bizikleta martxa. Euskal Herri osoa zeharkatu zuen martxa honek. Aipatu beharrekoa da Ipar Euskal Herrian egindako izugarrizko lana, hango etapak oso arrakastatsuak bilakatuz.

Bilbon astebeteko itxialdi-baraualdia ere egin genuen. Ekimen honen bitartez beste behin ere gure aldarrikapenak lau haizetara zabaltzea lortu genuen. Hedabideetan oihartzun handia izan zuen eta parte hartzaileok aukera izan genuen, hausnarketak egiteko, aurrerabegirakoak aztertzeko eta baita elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko ere.

Testuinguru honetan, 2024ko urtean gure borrokarekin jarraitzen dugu. Urtarriletik hona ekimen handıak eta indartsuak egin ditugu eta egiten ari gara. Bata, bertsoPentsioa izan da. Arrakasta ukaezina izan duena.

1.080 €-ko gutxienezko pentsioa lortze aldera, beste ekimen batzuk martxan jarri ditugu. Madrilek besterik erabakitzen ez duen bitartean, eta kontuan hartuta Hego Euskal Herrian 220.000 pentsiodun daudela 1.080 €-tik beherako pentsioekin, emakumeak gehienak, pentsioak kopuru horretara osagarritzeko eskatu zaie Gasteizko Gobernuari eta Nafarroako Parlamentukoari. Eskakizun hau indartzeko, mozioak sartu ditugu Hego Euskal Herriko udaletan, eta 178 herritan onartu dira.

ILPa deritzona, Legegintzako Herri Ekimen proiektua, testua, egiten ari gara. Honetan eskatzen duguna da Europako Gutun Sozialaren irizpidearen araberako pentsio politikak martxan jartzea. Gure eskakizun zehatza da gutxieneko soldataren parekoa izatea.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka

Egungo testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoan, garrantzi berezia ikusten dugu Europa mailan erantzun partekatua ematea soldaten, pentsioen eta bizi eta lan baldintzen aurkako etengabeko erasoei. Europako herrietako pentsio sistemen egoera bestelakoa bada ere, baliteke bat etortzea pentsioei eta banaketa sistema publikoei dagokienez ezartzen ari diren erreformetan eta murrizketetan. Beraz, ekainaren 9an Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo direla aprobetxatuz, Espainiako estatuko herri eta pentsiodunen plataformekin batera, maiatzaren 23rako eta 24rako, Bilbon Jardunaldiak antolatu ditugu eta Europako herrietakoak gonbidatu ditugu.

Eta, azkenik, garrantzi handiko gaia aipatu nahiko nuke, zaintza. Emakumeen genero arrakalaren gainean hitz asko egiten da. Pentsioetan, datuek hala erakusten dute, egoera txarrenetan, emakumeen portzentaia beti da gizonena baino handiagoa. Arrazoietariko bat da zaintza lanetara dedikatuta bizi izan direla eta, ondorioz, pentsio txikiagoak kobratzen dituztela. Zor patriarkal historikoa dago emakume hauenganako. Desberdintasun guztiak ezabatu arte jarraituko dugu lanean eta aradura dutenak  interpelatzen.

Adineko askok uste dugu borrokan jarraitu behar dugula harik eta gure eskubideak batailaz bataila lortu arte. Argi utzi nahi dugu eskubideak ez direla iraungitzen adinarekin. Gure elkarretaratze guztiak amaitzen ditugun moduan amaitu gurako nuke. Jo Ta Ke Irabazi Arte!

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka  Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka  Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka