Euskara, bertsoak eta ni

Nire lotura bertsoarekin ezin da azaldu euskararekin eta herrigintzarekin izan dudan lotura aipatu barik. Biografia modura eta kronologikoki kontatzea erabaki dut.

Justo Alberdi-(r)en argazkia Justo Alberdi 2024-11-13
Argazkiak: Justo Alberdiren artxiboa

Euskara, bertsoak eta ni –

Euskara, bertsoak eta ni

Justo Alberdi Artetxe nauzue. Iurretarra, 1946ko azaroaren 8koa, Fauste kofradiako Guardiabekoa baserrian jaioa.

1952/1956 artean egin nituen lehen ikasketak Arriaundi-Amezketako eskolan, erdaraz, Andoaingo Antonia Egibar maistrarekin. Hala ere, euskaraz egitea ez zigun galarazten eta azalpen batzuk hala ematen zizkigun, baina gipuzkeraz. Garai hartan ni Iurretako bizkaieraz ondo moldatzen nintzen, berdin zuka zein hika, mutilekin zein neskekin.

1956ko irailean-edo, 10 urte bete aurretxoan, gure eskolara ere, bokazio bila etorri ziren aita Martzel Andrinua eta aita Eleuterio Larruskain pasiotarrek eraman ninduten Gabiriara. Han ere gauza bera: klaseak erdaraz eta inguruan gipuzkeraz. Lehenengo hiruhilabetekoan, lengua castellana “suspenso”. Beraz, hizkuntza bi ikasi beharra neukan: gipuzkera eta kastillanoa. Beharbada hortik sortu zitzaidan hizkuntzarekiko afizio edo beharrizana.

Urtea pasata, Amorebieta-Etxanoko Euba aldera, Oruera, eta han hurrengo lau kurtsoak, 1957/1961 tartean. Han ere erdaraz! Behin, 1959an izango zen, Urkiolara egin genuen eguneko irteera bat. Literaturako irakasle zen Luis Mari Larrartek eskatu zigun idazlantxo bat egiteko, bertan ikusitakoari buruz. Nik lana, erdaraz jakina, bertso neurrian egin nuen. Ordurako irakurrita genituen Esproncedaren lan batzuk. Esaterako: Con diez cañones por banda…

1959an, uste dut ospatu zela Urkiolan, Durangaldeko Bertsolari Txapelketa. Kontua da, Luis Mari Larrartek, euskarazko klaseak, gipuzkerako aditza, deklinabidea eta abar, “kontrabandoan” ematen zizkigunak, saio hartan kantatutako bertsoak banatu zizkigula, berak multikopiaz aterata. Zer eta Jose Alberdi Txo eta Felix Bikandi iurretarrak, Julian Martitegi Mañariko gipuzkoarra eta beste biren bertsoak. Esango nuke, hori izan zela nire bertso munduko lehenengo “txutea”.

1961/2 kurtsoa hastear zela, batxilergoko 6.a niretzat, fraidetza utzi, herrira bueltatu eta euskara berreskuratu nuen. Jarraiko urteetan, suertea izan nuen herriko bi apaizekin:

1961/4 artean, Don Juanito Gallastegirekin. Gure aitaren lehengusua, euskaltzalea: kantu-antzerki-bertsozalea. Aukera eman zidan bere bulegoa erabiltzeko: idazmakina, liburuak eta abar… Hor hasi nintzen elizako koruan kantatzen, baita Abendu eta Santa Ageda taldean parte hartzen ere. Beraz, bertsoak edo koplak manejatzen.

1964/8 artean, Julen Kaltzada, Busturiakoarekin. Gazteen laguna, euskaltzalea, pentsalaria eta eragilea. Herri Gaztedi mugimendua gauzatzen lagundu zuena bai herrian zein lurraldean. Batzarrak, gizarte eskolak, jaiak, hitzaldiak, ikastolen sorrera eta abar luzea, eliz mugimendu herritarretik abiatuta. Hor ikasi nuen euskara zela gure izatearen ardatza, baita arlo guztiak euskaraz behar genituela kudeatu.

Euskara, bertsoak eta ni

1964ko sanmigelak. Jai batzordean sartuta erabaki genuen egitaraua euskaraz ere egitea, bertsolariak ekartzea, eta hor hasi nintzen bertso munduan murgiltzen. Mikrofonoarekin lehen kontaktuak, aurkezpenak, gai jartze lanak, bertsolariei deiak eta gure helburuen berri ematea. Bertsolarien lana miresgarria iruditu zitzaidan. ARTEA letra larriz. Gainera, euskara zuen elikagai eta herria gai.

1965ean, Gerediaga Elkartea sortuta, inguruko gazte mugimenduan genbiltzanok ez genuen dudarik izan bazkidetzeko, eta, lehenengo liburu azokan, azaroaren 1ean, han ginen Durangoko Andramariko elizpean, 19 standetako batean.

1967ko irailaren 27an, Iurretan, Durangaldeko 1. Ezpata dantzari Eguna, Gerediagak eta herriko Jai Batzordeak antolatuta. Batzordeko eta dantzari nintzen.

1968ko bukaera aldera, Goiuria ikastola sortu zuen guraso talde batek, Julen Kaltzada apaizak eta herriko gazte taldetxo batek lagunduta. Talde horretakoa nintzen.

Bateratsu hasita, Gau Eskoletako mugimenduan lanean jardun genuen bai Durangoko Jesuitetan zein Iurretan, hitzaldiak, alfabetatzeko irakasleen formakuntzak eta 1970etik aurrera hasita gau eskolekin herrian; lehenengo, abadetxean, eta, gero, auzoetan eta ikastolan.

1971n ezkondu ginen Kristina Mardaras eta biok, uztailaren 30ean. Bi seme-alaba ditugu: Asier (1972) eta Amaia (1974).

Alfabetatzeak bakarrik ez zuen betetzen gure nahia eta Euskalduntzea martxan ipintzea erabakita, lanean jarraitu genuen, hamarkada batean.

 

Durangaldeko Bertso Eskola.

1977 aldera, egon zen saiakera bat, pare bat urtean edo, bertan behera geratu zena. Marisa Barrena, Joan Antonio Aroma, Juan Mari Areitio, Juan Usaola Kapela, Jon Aurre, Elgetzu eta abar hasi ziren elkartzen Durangoko Jesuitetan.

1979/80an, Kurutziaga Ikastolako irakasle talde baten ideia izan zen eta gonbitari baietza eman genion, nahiz eta ni AEKn nenbilen buru-belarri. Baina pentsatu nuen erlaxatzeko modu bat izan zitekeela, eta aurrera.

Hamar bat inguruko taldea osatu genuen. Zail egiten zait gogoratzea nortzuk ginen, baina izen batzuk botako ditut: Anjel Mari Usaola Kapela gidari, Mari Tere Zugaza Artaza, Joseba Zabala, Roman Gallastegi, Miren Onandia, Goio Eguren, Kristina Mardaras, Justo Alberdi eta Txo Alberdi bertsolaria eta ikastolako kontserjea. Hori lehen ikastaroan.

Bigarrenean, 3 talde osatu genituen: 1- Aurreko urtekoak. 2- Ideia pixka bat zeukatenak. 3- Hutsetik hasitakoak. 1.ean, Kapela gidari zela jarraitu genuen Kristinak eta nik. Eta beste talde bien ardura geuk biok hartu genuen. Hirugarren urterako, Jon Lopategi ekarri genuen eta orduan bai komeriak. Justuan baina, bertsoa hasi eta bukatzea lortzen genuen arren, berak: “Bertsoa kantatzen hasi aurretik pentsatu amaiera” eta gero ekin. Eta abar, eta abar… Hark eman zigun errepasoa! Baina oso probetxugarria izan zen.

Euskara, bertsoak eta ni

Gure helburuak: Euskara lantzea eta hobetzea, inguruko bertso saioak indartzea, galdutako plaza txikiak berreskuratzea eta berriak sortzea, gazteei bideak zabaltzea eta euskal giroa sendotzea.

Batez ere Durangaldean saiatu ginen: Iurreta, Durango, Izurtza, Mañaria, Otxandio, Garai, Berriz, Abadiño, Elorrio, Zornotza, Lemoa eta abar.

Ahaztu orduko aipatu nahi ditut Durangaldeko bertso eskolan ibili ziren bost kideren izen-abizenak, zoritxarrez gure artetik gazterik joanak:

  • Jose Inazio Mazaga Txasio, iurretarra, Mont Blancen, 1984-07-31n.
  • Ibon Ertzilla Fiño, durangarra, Elgetan, 1986-01-26an.
  • Joseba Zabala, garaitarra, Enol-Asturiasen, 1987-06-12an.
  • Santi Belar Begi, iurretarra, 1991-09-06an.
  • Anjel Mari Usaola Kapela, berriztarra, 1994-04-18an.

 

Plazaratzea: 1982an, pentsatu genuen komenigarria zela gela barruko lana bistaratzea, plazaratzea, nahiz eta era apal batean izan. Herriari agertu behar genion zertan genbiltzan. Eta Oromiñon, Iurretako auzo batean, izan zen: sanmarkoak ziren, apirilaren 25ean. Hor egin genuen bertso eskola modura lehenengo saioa: Anjel Mari Usaola Kapelak, Joseba Zabalak, Kristina Mardarasek eta nik. Gai jartzaile Pedro Jose Zubizarreta izan zen.

Euskara, bertsoak eta ni

Geroko plazak ez dira asko izan, baina dozena bat urtean edo ibili izan naiz, gehienetan bertso eskolakoekin eta jai xumeetan. Aipagarrienak:

1984an, Taket sarian, Mungian, parte hartu nuen Kristinarekin batera.

1985ean, Fernando Amezketarra herriartekoan, Euskadi Irratiak antolatuta. Juan Mari Areitio, Kristina Mardaras eta hirurok ekin genion saio bitan.

Hernanin, irabazi: Anatx, Eizmendi eta Aterperen kontra, eta Iurretan, galdu: Segurako Goiburu, Intxausti eta Zubizarreta aurkari. Horiek izan ziren gero txapeldunak, eta San Migel jaietako saiora ekarri genituen.

1985ean Txapelketa Nagusian izena eman genuen herriko hirurok eta, Areta-Laudioko saioan kantatu ondoren, Juan Mari Areitiok bakarrik egin zuen aurrera. Kristina eta ni, antolaketako lanetara.

1986an, Durangoko Lore Jokoen urte barruan hilero antolatu genuen bertso saio bat eta bertso eskola gonbidatuekin batera kantatzen genuen. Etorri ziren, esaterako, Santutxu, Mungia, Algorta, Gasteiz, Gernika, Bortzirietako bertso eskolak. Gai jartzailea geure artekoa izaten zen. Ni neuri gauza biak egitea tokatu zitzaidan.

2017an Bizkaiko taldekakoan izena eman genuen: Juan Mari Areitiok, Eneko Abasolo Abarkasek, Kristina Mardarasek eta nik. Finalera heldu ginen, baina ezbeharrak ezbehar (Areitio gaixorik eta Abarkas bidaian), Kristinak eta biok, Abaiñoko Iker Apraizekin kantatu genuen.

 

PASADIZOAK

Gure kotxeak bertso asko entzun du: osoan, kopletan, puntuka. Behin, “marka” jarri genuen: Donostiatik etxeraino, isildu barik. Gainera, Zarautzen autopista utzi eta kostako bidea hartu, lasaiago joateko asmotan edo. Hobe luzeago esatea, zeren Itziarren behera, Debara heltzear, gelditzeko gunea probestu eta, itsasoari begira, gure ekina. Hura zen Ilunkera dotorea: “Arrats gorri…”.

Beste behin, aspalditxo, puntako bertsolari batek esan zidan: “Bertso txarrak? Ez beldurtu, motel! Saio guztietan kantatzen ditiat eta desiatzen egoten nauk noiz botako pare bat eskas, hurrengo onen esperantzan”.

Euskal Selekzioaren aldeko Bizikleta martxa batean (Luz Ardidenen gora 2011n?) oroitzen naiz ezagunen batek eskatuta hasi nintzela zortziko txikian, tarte batean eta hauspoa berotu arte, jakina. Gero, gainera, Samuel Sanchezek irabazi zuen etapa.

Laneko kontuetan, despedidetan-eta, sarri izan dut bertso eskea eta ezetz esan ezina. Gehienetan jarriak izan dira, inoiz bat-batekoak. Berdin zilar-urre ezteietarako zein omenaldi, ongietorri edo hiletaren batean (Santi Brouarden Bilboko atarian, Kristina eta biok kantari).

Bertso jarrien lehiaketetarako parte hartu izan dut. Behin herrian eta Bertsopentsiotan ere saria eta aipamena jasoz.

Lagunartean behin, gutxi dela, hara non dinostan batek bertsolari, eta nik eskerrik asko, eta denok barre, zer besterik.

Oromiñon, bizi naizen auzoko San Marko jaietarako diru eskea egiten dut, urtero, lan egin nuen enpresan baina zuzendariak jarritako baldintza beteta: “bertsotan”.

Amaitzeko: Ohore bat izan da niretzat, behinen batean, hurrengo hauekin kantatzea:

Xabier Arriaga Txiplas, Arriola anaiak, Juanjo Respalditza, Serapio Lopez, Rikardo Glez. Durana, Xanti Jaka, Bittor Uraga, Jose Ramon Etxebarria, Jose Ramon Bilbao, Xabier Amuriza, Jon Lopategi, Mañukorta, Mugartegi, Arregi, Jose Agirre, Jose Lizaso, Goiburu, Intxausti, Zubizarreta, Anatx, Eizmendi, Aterpe, Juan Mari Areitio, Kristina Mardaras, Arrizabalaga, Aranburu Bostx, Igor Elorza, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal esaterako…

 

Oromiñon, 2024-05-01ean

Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni  Euskara bertsoak eta ni