Dantzatzen duen herritik
Iritsi orduko nabaritzen zen egun berezia zela Iruñean. Larunbata izaki, poteoa pixka bat luzatzeko asmoa ikusten zitzaien batzuei, eta mota guztietako musika entzun zitekeen Alde Zaharreko kaleetan. Bertakoa ez zen jende mordo bat ere bazebilen inguruan, telefonoa eskuan, hiriko gune zehatz batera iritsi nahian. Aurpegiera alaia zuten gehienek, gustuko jarduera bat egitear baleude bezala. Hipotesietako bat da Gorka Urbizuren kontzertura bidean zeudela, baina baten bat, bakarra bada ere, Burgoen plazara iritsi nahian ibiliko zen.
Dantzatzen duen herritik –
Dantzatzen duen herria ez dela inoiz hilko diote. Bada, 75 urte daramatza Iruñeko Duguna Taldeak herriak biziraun dezan lanean. Urteurren bereziek ekitaldi bereziak sortzeko gaitasuna dute, eta eskari hori era originalean bete zuten apirilaren 13an. Iruñeko Burgoen plaza izan zen egun horretako eszenatokia, eta jende ugari elkartu zen bertako harmailetan, prestatutako esperimentua ikusteko. Gainera, Dugunako dantzariak ez ziren bakarrik aritu, Iurretako dantzariak eta Eibarko Kezka Taldeko kideak ere animatu baitziren festara.
Horra arte irakurrita, batek baino gehiagok galdetuko du ea non dagoen esperimentua. Osagai berezi batek bihurtu zuen dantza saioa are bereziagoa: hitzak. Oinek sekula baino protagonismo handiagoa izan zuten, kantuak doinu bihurtu ziren eta binakakoa buruz buruko.
Oihana Iguaran eta Sustrai Colina arduratu ziren dantza emanaldiari ukitu berezi hori emateaz. Dantzarien mugimenduei hitzak jarri zizkieten, bi jardunak, dantza eta bertsolaritza, bateratuta. Horretarako, uztarri edo zubi lanak egitea tokatu zitzaion doinuari.
Doinua: Dozena bat bertso berri A
Sustrai
Hitza ta dantza dirudi berez direla mundu bi baina doinua izan liteke bitarteko zubi Beraz doinu batzuk zuri nahi dizkizugu isuri ta konpetentzi pixka bat egin Gorka Urbizuri |
Oihana
Guk jada prest eztarriak zuek begi-belarriak Gaur berotzeko nola eztauzkagun oso lan larriak hortxe daude prest jarriak oin puntetan aldarriak Zatoz Duguna eta astindu zure zintzarriak!
|
Dugunak hautatu zuen txapelduna
Aipatu orduko atera ziren, kriskitin eta guzti, Dugunako dantzariak plazara. Jolasetik asko izan zuen saioak; bertsolariek erabilitako doinuan egiten zituzten sarrerak eta irteerak, eta dantzaldian erabilitako kantua hartzen zuten doinutzat ondoren Sustraik eta Oihanak. Abesten ari ez ziren tarteetan adi egon behar zuten bertsolariek, emanaldi bakoitzari punta atera ahal izateko. Iruñeko taldeak erraz utzi zien lana, material asko baliatu baitzituzten saioan zehar; kriskitinekin hasi, ezpatekin jarraitu eta arkuetara iritsi ziren azkenean. Ikusitakoarekin txundituta, iruindarren dohaiak nabarmendu zituen Oihanak, ondoren bertsolarien gabeziei erreparatzeko:
Doinua: Eguna pasa nekean eta
Oihana
Hauen gaitasun ta hoien flowa nolatan ez disfrutatu Hartu moño bat eta tartean zortzi erritmo trukatu Sustrai gu biok bagina dantzan ezetz emaitza ukatu Ezpata ustez hasiko ginen ta arku eginda bukatu |
Sustrai
Baina holakorik ez da ikusi Dugunaren ekinean gerria nola mugitzen duten flow konparaezinean mugimenduak koordinatuz horren pauso arinean Nik ere hola egon nahi nuke Dugunaren adinean |
Hirurogeita hamabost bete
ta gorputza oraindik zut Zuri kantuan jarraitzea nik gutxienez opa dizut Baina ikusi degun ahalmena ikusi al zenuen zuk? Zehaztasun hau nahiko lukete desfile militar batzuk |
Baina kultura ez dut ulertzen
nik militarrek bezela bertso kantua soldaduska bat litzake eta bestela Ikusiz zuek itzaletan ta gu eguzkitan gaudela nik ere pozik hartuko nuke dantzari baten txapela |
Kontuz ibili behar da eskatzen denarekin, bete egin daiteke eta. Dantzariek ere oso adi entzuten zituzten bertsolarien hitzak, eta horietako batek ez zuen zalantzarik izan Sustrairengana gerturatu eta lorez betetako txapela buru gainean jartzeko. Aldagai berria baliatuta, ale ederra abestu zuen jarraian:
Sustrai
Txapelarekin oso dotore
nagoen baina ez dakit
Txapel honetxek ametsa zeukan
Sustrai txiki-txikitatik
Nere patu edo nere destinu
hauxe genuen haatik
Sustrai izena jarri zidaten
ta loreak irten zaizkit
Iraganeko minak
Kezkako dantzarien txanda iristerako giroa bero zegoen plazan. Txalo zaparrada handi batekin jaso zituen publikoak, eta ikuskizun txukuna eskaini zuten ordainean. San Joan zortzikoa izan zen eibartarren proposamena, eta beste zenbait kantu laburragoekin osatu zuten saioa. Tartean, sokadantza bat ere egin zuten, eta metafora dotorearekin aipatu zuen Oihanak bertsotan, soka horrek elkar eusteko balio duela iradokita. Oroitzapen ederren bat ere ekarri zion gogora, eta saio polita osatu zuten bertsolariek sokaren gainean, Sustrairi dantzariekin parte hartzea proposatzeraino. Tamalez, hurrengo bertsoaldiaren hasierako puntuetan ikus daitekeen modura, aipatutakoa ez zen egikaritu.
Sokari buruz tarte luze batean aritu ziren kantuan, baina horrekin ez zuten nahikoa izan. Ikuskizunaren bigarren zatian faltan sumatu zituzten, nonbait, material zorrotzagoak. Ez zuten zuzenean esan, baina horixe antzeman zitekeen elkarri emandako ezpatakadetan. Martxa hori hartuta, hain ohikoa den Agurra izan zen arratsaldeko kantaldi jolastiena pizteko txinparta.
Doinua: Mendiko umea naiz
Sustrai
Hortik al datorkizu hainbat iragan min? Bide hortan ez zazu kontatu nerekin Neri hurrengo dantzak nauka nahi ta ezin Zeren agurrik inoiz ez didate egin |
Oihana
Hilda edo ezkontzan bitan zuk hautatu Igual bat egin zaizu jadanik kontratu Nik nahiko nukeen bertan agurra dantzatu Baina zuk eninduzun inoiz gonbidatu |
Beraz dantzatzen diren agurren harira bakarrik omen daude bi alternatiba Bat hiltzerakon dago goizegi da tira ta ezkontzeko berriz beranduegi da |
Baina mesedeentzako falta du denbora ta ehun aldiz ezkontzea berez orain moda Dantzak biziraun dezan oparo gerora dibortziotan egiten hasi beharko da
|
Negoziorako ideia ederra eman zieten dantzariei, eta irribarretsu utzi zituzten entzuleak.
Iurretarrak izan ziren dantzatzen azkenak. Bandera eta guzti iritsi ziren Burgoen plazara, eta ezpatadantza batekin amaitu zuten emanaldia. Irteera, berriz, neurri-neurriko doinuarekin egin zuten: Aita San Migel Idurretako kantuarekin, hain zuzen.
Amaiera bateratua
Hasierako jolasarekin jarraituta, kopla doinuan egin zituzten bukaerako agurrak. Kanturako oso doinu bizia da Aita San Migel Idurretako, eta laster batean egin zuten bertsolariek arratsaldeak emandakoaren errepasoa. Esaterako, Gorka Urbizu aipatu zuten berriro, baita, ezpatakadekin lotuta, UPNren kongresua ere.
Azkenerako, Dugunaren urteurrenak hiru talde elkartu zituela ikusita, elkarrekin dantzatzeko gonbidapena egin zieten dantzari guztiei.
Doinua: Aita San Migel Idurretako
Oihana
Hartu dantzatik ta aplikatu harremanetan barrena Frogatu orain soltea dela lotzeko modu onena |
Sustrai
Ta bereizita egiten denak ez ote du frakasatzen beraz gaurkoa buka dezagun denak batera dantzatzen! |
Esan eta egin. Fandango eta Arin arin bana dantzatu zituzten elkarrekin, eta festa giroan amaitu zuten esperimentua.
Hasierako aipura itzulita, dantzatzen duen herria ez dela hilko diote. Horretarako, ezinbestekoa da hirietako, herrietako edota auzoetako taldeen lana. Bertsoak eta dantza bikain uztartzeko aukera dagoela frogatzeaz gain, ekitaldiak erakutsi zuen, esaerak dioena egia bada behintzat, bizirauteko lanean jarraitzen duela gure herriak. Horixe uzten du agerian dantzatzen duen herritik idatzitako kronika honek.