Cantas bem, mas não me alegras

Garbiñe Larrea - Belagilea-(r)en argazkia Garbiñe Larrea - Belagilea 2024-11-05

Cantas bem mas não me alegras –

Cantas bem mas não me alegras
Arg: Dani Blanco, ARGIA

Kanpotik atalerako artikulu hau Loriak udan ihintza bezela maite det dama gazte bat esaldiarekin neukan hasia eta nola Indalezio Bizkarrondok XXI. mendeko botanikariei aurrea hartu zien azaltzen nuen bertan, egun loreak dama gazte bat maitatzea ere posible dela iradokitzen baitute ikerketek. Stefano Mancuso botanikariak egindako lanek loreen gaitasun anitz eta harrigarriak ezagutaraztea ekarri digute, nahiz hori sentitzeko gai izan baginen Bilintxi esker. Buruan dena ondo egituratua neukan, baina laguna dudan bertsolari gazte batekin izandako solasak dena hankaz gora jarri dit eta bestelako artikulu bat daukat idatzi beharra.

Izan ere, erraza zait loreek, bertsoek eta Bilintxen poesiak sorrarazi izan didaten lilurari buruz gozo eta gustura idaztea, baina hori iragana da. Badaezpada ere, bertsoarekiko nire bizipen batzuk ekarri behar ditut aurrena, ahanzturan gelditutako bertsozale bat bai baitaukat barruan. Balearen bertsoak askotan kantatua naiz amonarekin arta zuriketan, lizeoan tutore genuen Joxe Mari Aranalderekin bertsoa eta poesiaren arteko muga finaz eztabaidan aritua naiz. Bereziki gogoan dut Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuaz izandako eztabaida. Berez poesia liburu izan gabe han adina poesia non aurkitu genuen, horixe izan zen eztabaidaren abiapuntua. Hori guztia ez daukat ahazteko, naizenaren parte baita. Nerabe nintzela bertsoak amona alfabetatu gabearen memoria izugarriaz jabetzeko balio izan zidan edo Aranalderekin oratoria zer zen ikasteko. Xalbador hildako urtean jaio nintzela ere ume-umetatik esan izan didate etxekoek. Hori zen haurtzaro eta nerabezaroko bertso mundua. Hori zen joan zen mendea, jendea.

Baina gaur ez dago lehengo konturik. Nire belaunaldiak izan duen txapeldunik handiena den Maialen Lujanbio aurreneko txapela irabazten ikustera joan nintzen 2009an BECera, eta geroztik ez naiz izan bertso saio batean. Zaila egiten zait bertsoetarako gogoa aspaldi galdu nuela aitortzea, neu ere ez bainaiz jabetzen noiz eta nola gertatu zen hori. Norberak bere buruaz egindako analisiekin ez naiz gehiegi fidatzen eta nahiago izan dut misterio mailan utzi. Baditut lagun bertsolariak, baina gure jardunean bertsoa ez da hizpide, ez da hizketa gai. Badakizue onena opa izan dizuedala, kandela ere pizten dizuet txapela jokoan duzuenean.

Gai honekiko ditudan sentipentsamenduak adierazten Erasmus garaian ikasitako esaera batek laguntzen dit: cantas bem, mas não me alegras. Fadista gazteengatik esaten zen hori duela 25 urte, ez dakit gauzak orain nola dauden. Eztabaida sutsuak izan ziren Coimbran a rainha do fado (Amália Rodrigues) hil zen urtean. Bera maitea zen oso eta belaunaldi berriak zekarren haize berria inor gutxik estimatzen zuen.

Bertsozaletasuna hoztu zaigun asko ere halatsu gaudela iruditzen zait batzuetan. Zenbait girotan ezkutatu beharreko zerbait ere bada, ez baita aditzen dagoenak espero duen erantzuna. Ia-ia lepo atzean arnas bat senti dezaket publikoki halakorik ezin dela esan iradokitzen didana. Zenbaiti min emango diot, badakit, zapuztu ere egingo zait bakarren bat, litekeena, baina loreak udan ihintza nolatan maite duen idatzita hipokrisia ariketa handiegia egingo nukeen.

Portugalgo kultur giroan fadoari buruz ikusi nituen eztabaidak nahi nituzke ikusi gurean bertsoari buruz, baina gaur-gaurkoz ezinezkoa dirudi. Sare sozialetan egurra jasotzeko prestatu liteke bat, baina azken polemiketan ikusi ditugun irainak eta mespretxuak eztabaidaren pobretasunaren seinale dira, atzerako galanta eragiten didatelarik. Bertsolaritzarekiko desatsegina adieraztea kontu larria denik ez dut uste, are egungo bertsolaritza ikur ukiezina denaren uste horrek ez dio inori onik egiten, bai baitira barrunbeak usteltzen dituzten adostasun eta komunio klaseak.

Eztabaidaren oinarri posible batzuk jartzeko edo, abiapuntu gisa, pentsa dezagun arrazoia ez dagoela edukitzerik. Denok ditugula gure arrazoiak, filiak eta fobiak, eta sanoa dela afiziorik ez dugula edo galdua dugula aitortzea ere. Kultur jarduera bat komunio edo batasun ariketa bada, zilegi dela hortik kanpo egotea, nahiz horrek sasiardi egiten gaituen.

Bukatzeko, sasiardi baten hitzak ekarriko ditut gogora, eztabaida honen bidea urratzen aurrenetakoa izan baitzen. 2020an Sed quia sua aurkeztutakoan honako hitzak esan zizkion Iñaki Segurolak Arantxa Iturberi[1]: “Gaur egunean asko ibili behar da bila, bertsolari ez BECtsolari bat aurkitzeko baina aurkituko nuen, badira (…). BECtsolariak ez dira oraingoxeak, BECtsolariak aspaldikoak dira, gertatzen dena da orain ia denak direla BECtsolariak. Lehen batzuk ziren, ez? Txapelketak irabazten zituztenak esan behar zena esaten zutelako. BECtsolaria da dakiena esaten garai bakoitzean esan behar duena, hau da, Txirritaren garaian relijiyua eta fueruak eta gero Euskal Herriaren zera, gudariak eta Euskal Herriaren askatasuna eta ez dakit zer, eta orain transfeminismo arrazializatua. Hori ondo kantatzen baldin baduzu zurea da garaipena. Hori da BECtsolaritza”.

[1] https://www.eitb.eus/eitbpodkast/jakintza/aukeratuak/perlak/audioak/osoa/8797063/podcast-audioa-inaki-segurola-amutxastegi-nire-alde-hitz-egiteko-zailtasunak-ditut-eitb-podkast/

Cantas bem mas não me alegras  Cantas bem mas não me alegras  Cantas bem mas não me alegras