2024-10-30
Bada mamuak baino beldurgarriagorik
Bada mamuak baino beldurgarriagorik –
Doinua: Nork bere mundu intimo
Ba al da Halloween baino
denbora ilunagorik?
Nun itzalak bertan diren
kale guztiak harturik
Gau beltz konstantean bizi
garela pentsatzen dut nik
Dena suntsitzen baigoaz
(e)ta honek ez du etenik
Mozorroz izkutatuaz
gure buruak alferrik
Gure munstro aurpegiak
guztiz kamufla ezinik
Ispiluan begiratu
beharko genuke lehenik
Baitago mamuak baino
beldurgarriago denik
Igaro ditzakelako
katuek bezala hormak
Osatu ditzakelako
harreman estuen zonak
Iduri dezakelako
dituela asmo onak
Baina gero eragiten
ditu hain zauri sakonak
Bere mesedez moldatu
baititu munduko normak
(E)ta burua biratzen du
gezurra dela dionak
Gauez ikara dezake
otsogizonaren formak
Baina gehiago izutzen
nau ni laburki “gizonak”
Biktimak izandakoak
orain zapaltzaile latzak
Aitzaki txarrez estaliz
sarraski baten oinatzak
Kapital eta botere,
gizarte honen ardatzak
Jada ebatsi dituzte
gure gizatasun trazak
Sustraietik erauziaz
herri baten esperantzak
Eta gu geldirik, beha
ezin mugiz gure hatzak
Zeinen erraz galtzen diren
orain arteko urratsak
Zeinen erraz ahazten diren
iraganeko akatsak
Hemeretziko protesta
ez da izango azkena
Serioski hartu arte
horrenbesteren problema
Batzuk besteen gaitzekin
aberasteko ahalmena
Besteek sendagai bila
xahutuaz diru dena
Negozio ala pertsona
zein da lehenetsiena?
Diruak ateratzen du
gizarte honen txarrena
Gaitza erromantizatuz
minimizatuaz pena
Arrosez tindatzen dute
benetan marroia dena