2024-10-25
Eusten gaituztenak
Bilera batean entzun nuen sekula baino gazte gehiago daudela bertso-eskoletan, baina azken urteetan lehen baino gazte gutxiago ari direla plazaratzen. Bertsotan jakin arren, jende aurreko esposizioak beldurra ematen du, huts egiteko arriskua baitago beti.
Eusten gaituztenak –
Publikoki huts egitea, norbere zein gainontzekoen espektatibak ez betetzea, egiten dakizuna ez erakustea, egin duzun lana ez nabaritzea, kritikak jasotzea, beldurrak, beldurrak, beldurrak…
Gure jardunaren zailtasun teknikoak nabarmentzen dira sarri, baina azaleratzen ez dena gogorragoa da. Bertsolaritzaren alderik zailena hortxe dagoela uste dut: emozioen kudeaketan. Beldur, garaipen, haserre eta hutsegite guzti horiek lepoan hartzen jakin eta aurrera jarraitu beharra pisutsua da, eta bakarrik ezin da.
Zeresanik ez, aipatutako guztia lehia esparruan egiten denean, eta lehia hori hain mediatikoa denean, prentsan zure beldurrak azal daitezkenean, gaizki eginez gero ezezagunak zutaz errukituko direnean.
Gure lagunek badakite zer den hau. Nire lagunek ez dakite 10eko txikia zer den, baina badakite saioko astean arraro jokatuko dudala, goizean pintxo bat jateko lagun bat beharko dudala, kotxean saiora eraman nazaten eskatuko diedala. Final baten osteko mezuak baino beharrezkoagoak dira lehenengo saioa baino bi aste lehenagoko antsietate krisiko lagunarteko infusioak, mimoak eta hain txarra ez zarela sentitzeko antolatzen dizuten entrenamendua.
Askotan kantatzen diogu azken agurra gure babes-sareari, baina oholtzan nire gorputza egoteko azpian beste hamabost daude ni eusten, eta publikoak hori ezinbestean jakin behar duela uste dut. Ez da beraientzako aitortza bat soilik, publikoak jakin behar du ez nagoela bakarrik oholtzan, eta aho askotatik kantatzen dudala, sekula ez nintzatekeela nire kabuz horra iritsiko, ezinezkoa dela.
Gipuzkoako txapelketa nolabaiteko lasaitasunez bizi dut, baina ni eutsi nauten bezala eutsi nahi ditut lagunak, hanketako bat, torlojuetako bat, edo mimoetako bat izan nahi nuke, eskaini didaten guztitik apur bat eman, eta besteen minak eta pozak neure egiten ere sufritu eta gozatzen dut. Orain are gogo gehiagorekin egin nahi diet nire lagun guztiei estatua bana.