Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2024-10-23

Entxufea

Adimen artifizialaz, Altxa Buruaz edo Tiktokez aritu gintezke, baina inor ez da egoten pantaila itzaliari begira. Boladaka ahaztu egiten zaigu elektroien mugimendua dela gailu guztiek funtzionatu dezaten oinarria.

Entxufea –

Entxufea

Telefonoak normalizatu zirenetik, etxe ekoizle bakoitzak bere entxufe propioa diseinatu izan du, eta horrela modelo berria erositako bakoitzean bateria kargagailua ere erostera behartzen zen bezeroa.  Nokiarenak ez zuen Blacberryarentzako balio. Ordea, Europar Batasuneko kontseiluak onartutako zuzentarau bat dela bide, 2024ko urte bukaeratik aurrera, smartphone, tablet eta antzeko gailu guztiek sareko lotura sistema bateratua izan beharko dute, USB-C motakoa hain zuzen ere.

Potentzial elektriko altuagoko kableetan ere batasuna ez da erabatekoa. Akaso bidaiaren batean ohartuko zineten nola amerikarrek, ingelesek edo japoniarrek, diseinu ezberdineko entxufeak darabiltzaten europarrekiko, nork bere ziri eta zulo konfigurazioarekin. Mundu mailako batasunik egon ez arren, neuri miresgarria iruditzen zait nola den posible herrialde bateko tresna elektriko guztien oinarriak adostea. Inori ez zaio burutik pasatzen ogi xigorgailua erositakoan sukaldeko paretan konektatu ezingo duenik, edo egongelako lanpara, bulegoko mahaian ez denik piztuko; baina hori posible izan dadin, erronka teknologikoa izugarria da.

Elektrizitatea (normalean behintzat) kontaktu bidez transmititzen da. Material eroaleak elkar ukituz jarrita.  Hala moduz funtzionatzen du gainontzeko munduak ere: Elite ekonomikoaren negozioak, harreman boteretsuak dituztenen artean, ezagunen mesedetan emango dira. Zegama Aizkorrin, konpromisoetarako gordetako dortsalen bat eskuratzeko, ezinbestekoa da lagun goierritarren trikimailuren bat. Eta lanpostu publikoak lortzeko, auzoko norbaiten faborea da oposaketarik onena.

Ondorioz, edozein kultur jardueratan bezala bertsotan ere, bidea urratu eta plazan lekua izango bada, ezinbestekoak dira kontaktuak. Ez dut esan nahi gaitasun artistikorik ez, eta afinitate hutsagatik oholtzen jabetze erabatekoa ematen denik. Baina artisten atzean beti daude pertsonak. Eta pertsonok harreman sareen gainean eraikitzen dugu guztia. Halaber, harremanena  bada halako sorgin gurpil bat, non loturek lotura gehiago dakartzaten, eta sareak bere burua elikatzen eta indartzen duen. 

Gerta liteke lau urtean behin norbaitek salbuespenezko zerbait sortzea eta horren uberak luze irautea. Baita leku eta une egokian tokatzearen bidez loratzea ere. Edo izandako aukera gutxiak ondo probestu, entzulearen onarpena pixkanaka irabazi eta ibilbidea lanean oinarritzea. Agidanez, zaila da norbaiti bertsotarako deitzeko irizpideak guztiz teknikoak izatea. Horrenbeste eragin lezakete aurretiazko ezagutza pertsonalak, afinitate ideologikoak, ospe orokorrak…ez du zertan injustizia bat izan, baina onartu genezake gure sistemaren ezaugarria dela. Batzuetan beharrezkoa da fusiblea erretzea kuadro elektriko guztia salbatzeko.

Batetik, badirudi konexio sistema unibertsalak sarearen sarbidea demokratizatzen duela. Bestetik, geure hurbileko kontaktu sare propioa mantentzea ere interesatzen zaigu.

Entxufea