Bardoak - Finalaurrekoetako lehen hiru saioek emandakoa
Finalaurrekoetako lehen hiru saioek emandakoa –
Iragan ostiralean jokatu ziren hiru saioak. Irurtzunen, Barañain-Atarrabiako Argako Bixiguak eta Bortziriak-Baztango Mutilatuak taldeak jardun ziren kantuan Pikuxar Elkartean, 60 lagunen aitzinean. Mutilatuak gailendu ziren. Hori bai, ez ahaztu finalaurrekoetako kanporaketak joan-etorrikoak direla, eta beraz, itzuliko saioan, urriaren 12an Etxaurin, izanen dira berriz kantuan bi talde horiek, eta orduan erabakiko da nork eskuratuko duen finalerako txartela.
Tafallako Aguazon Peñan 20 bertsozale inguru bildu ziren, Leitza-Altsasu-Barañaingo Manteleko Sobrak eta Baztango Baztanzopak taldeen arteko saioa entzuteko. Baztandarrak nagusitu ziren. Itzulerako saioa hilaren 12an izango dute, Irunberrin.
Hirugarren saioa Iruñeko aldapan izan zen. 70 ikus-entzule bildu ziren Bortzirietako Hor gu! eta Iruñerriko EzKrashak taldeen arteko saioa aditzeko. Bortziriarrek irabazi zuten saioa, eta itzulerako topaketa urriaren 12an, Tuteran.
Urriaren 26an jokatuko da Bardoak txapelketako finala, Zamariain Pilotalekuan, 17:30ean. Honezkero salgai daude sarrerak.