Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2024-10-08

Bada garai bat...

Bada garai bat… –

Bada garai bat...
Arg: Ramesh Photography

 

Bertsoa barruraino sartu zitzaigun; ez dakit nondik, ez dakit nola eta ez dakit zergatik, baina… harrapatu egin gintuen. Bakoitzak bere adinean edo bere momentuan biziko du baina, bada garai bat bertsoarekin itsutzen zarena, buruan besterik ez duzuna. Batzuei gehiago irauten die besteei baino. Niri, aitortzen dut, luze iraun zidan, oso luze. Galdetu etxean bestela! Hau da lata eman nuena!

Gaur egun txapelketetan, plazetan edota oro har bertso munduan murgildu asmoz gabiltzanok (ez soilik bertsolariok) horretan bat egiten dugula uste dut. Gainera, esango nuke, beharrezkoa dela itsutze puntu hori.

Garai hori pasa dugunok (eta nire adin bueltakook) ezagutzen ditugu Amets Arzallusek Ariel Sharonen zirujauaren paperetik Oiartzungo jaialdian abestutako bertsoak. Lujanbioren “baina kaskodun batek esan dit hemen ez da ezer pasa” bukaera iltzaturik eduki genuen.  Ezagutzen ditugu Iñaki Zelaiaren Trebiñuri buruzko puntu erantzunak. Buruz ikasi genituen Sustraik “Neork ez zuen espero, baina lortu egin duzu” gaiari botatakoak. Maddalen Arzallus eta Miren Amurizak euren amei egindakoak lo geundela ere abestuko genituen. Eta nola ez, beste milaka bertso eta bertsoaldi.

Noski, bakoitzak bere garaiari lotutakoak edukiko ditu buruan. Gaur egungo haur-gaztetxoek erreferente eta erreferentzia gehiago eta berriagoak edukiko dituzte buruan. Halere, zalantza dut horrek noiz arte iraungo duen. Beti egonen da gu bezelako frikiren bat bertsoak inbutu bidez tragatuko dituena eta bertsolari bakoitzak zein zapatila erabiltzen dituen ere badakiena. Halere, pantaila bidez mundu oso bat aurrean dugun garai hontan, geroz eta zailagoa iruditzen zait horrelakorik gertatzea. Eta, txorakeria bat dirudien arren, etorkizuneko bertsolariak sortzerako garaian, (hori ere) beharrezkoa iruditzen zait.

Bada garai bat…