Galderak

Eneko Abasolo Eneko Abasolo "Abarkas" 2024-09-30

Galderak –

 

 

Powered by RedCircle

 

Galderak? Bai, galderak. Erantzun bat jasotzeko egiten dira normalean. Normalean? Beno, batzuetan erantzuna jakinda ere egiten ditugu, gizakion gauzak….

Galderak. Kontatu al dituzu inoiz, egunean zehar, zure buruari egiten dizkiozun galderak? Zenbat izan daitezke? 10? 100? 1000? Batzuek geihago eta besteek gutxiago.

Dakardan galderen kontua bertsotara. Bertsotan hasi orduko hasten gara gure buruari galderak egiten: gustoko dut? Ondo egin dezaket? Besteak baino hobea izango naiz? Bai, galdera hori sarritan egingo genion geure buruari,

Hasi berrien estuasunak, dudak, jakinnahiak eta ezinegonak, denborarekin erantzunak ematen ahalegintzen gara, zein jakintsuren tankeran, galdera horiei.

Behin bertso eskolan lekua egin, eta eskolarteko txapelketak jartzen dizkigute musturren aurrean. Badakit orain gauzak aldatuta daudela, baina gure denboretan, han uzten gintuzten, ez dakit zenbat ume, zezenaren aurrean lez, bakarrik, ia nola atera ataka hartatik….

Batzuk airoso, asko erdipurdi, eta beste asko egoerari buelta eman ezinda, berrriro bertsotan egitera ausartu ez direnak.

Galderak…..

Merezi al du? Zure barruko gogoetak baietz esaten dizu, zure burua engainatuz agian, zer esanik ez bertso eskolako kideeri….

18 urteak bete eta eskolartekoak albo utzi orduko, eskualde/herrialdeetako txapelketak agertzen dira horizontean.7. kaballeriakoak lez zaldi gainean trostan, eta zu, indio txiki bat basamortuan.

Zure arku, gezi eta abarrekin egiten diozu aurre kontuari, ondokoak, zu baino eskarmentu handiagokoak izaki, beste arma batzuekin datoz “borrokara”.

Lehenengoetan oharkabean joaten da kontua. Denborarekin agertzen dira minak, ubelduak, beldurrak…. galderak.

Merezi al du?

Nik, denborarekin ikasi nuen txapelketaz gozatzen. Beno, txapelketez baino, bideaz, lagunarteaz, bertsotan egiteaz (zaila da zure burua estutzen zabiltzan momentuaz gozatzea). Bai,zaila da baina lortu daiteke… edo ez?

Galderak….

Badaramatzazu urte batzuk errota horretan murgildurik eta halako batean, klik! Buruak… klik!

Ez duzu lehengo indarrik, ez duzu lehengo dena irensteko abildaderik, ez daukazu lehen adina denbora preparatzeko, bertsotarako bilduta ere sarritan burua beste nonbait…

Iritsi ote da ordua? Noiz utziko ditut txapelketak? Nola?

Galderak.

Azken bi txapelketatan buruan ibili da galdera, enarak tartean lez, hegan. Noiz? Nola?

Galderak.

Halako batean, azken txapelketa azken txapelketa dela ohartzen zara eta agur esaten duzu, bai, iritsi da garaia…

Agur.

Eta orain? Eta orain zer?

Galderak

Fokupetik atarata… plazak? Zer dator?

Galderak.

Hasi berrien dudekin, ezinegonekin, jakinmiñekin, horizontera begira geratzen zara, erantzunen bila…

Gaur ez dator 7. Kaballeriarik trostan…

Indio txikia handi egin da.

 

Galderak

 

 

*Musika: Spell me your love, Monplaisir. Free Music Archive CCO 1.0 Uiversal License