Sekulako zaparrada

Sekulako zaparrada –

Oihana Arana, BERRIAn.


Udazkenari etxeko leihoak ixtea ahaztu zitzaion pasa den astean. Asteazkenean nabaritu nuen bereziki. Ez nengoen oso triste, baina apur bat bai. Trenetik irten eta euria. Ez euri apur bat. Sekulako zaparrada. Aterkinik gabe ni. Kanta tristeen zerrenda bat aukeratu nuen Spotifyn. Korrika egin gabe, baina presaka egin nituen etxera arte neuzkan hogei minutuak hamazazpi minutuan edo. Arropak erantzi, musika itzali eta negar apur bat egin nuen ohe gainean. Ileko hezetasunak busti zidan burkoa, ez dut uste horrenbeste malko isuri nuenik. Euririk ez balitz beste gorputzaldi batekin egin izango nukeen bidea, apur bat pozik egoten saiatzen. Euririk ez balitz Hiru Trukuren diskoren batekin egin izango nukeen bidea, kopla doinuak kantatzen. Baina euria zen, ez euri apur bat. Sekulako zaparrada.

Treneko bidaia gehiegi erromantizatu izateagatik zeruko izakiren bat ni zigortzen ari zela pentsatu nuen momentu batez. Aurpegia goratu nuen zeruari keinu maltzur batekin erantzuteko. Aurpegia bustita egin behar izan nuen gainontzeko bidea. Ez da nire kulpa treneko bidaiak horrenbeste erromantitzatzea; Anarirena edo Gorka Urbizurena izango da, gutxienez. Gainera, puntual iristen da beti, euskotrenaz ari naiz, noski. Eta batere zorabiatu gabe irakur dezaket bertan, baita bizkarrez joanda ere. Ez dira argudio gehiegi behar autobusaren aldean trena aukera hobea dela esateko, baina tira egia da posible dela trenak perfektuak ez izatea ere. Oraindik ez dut hori guztiz asumitu, baina ez da nire kulpa, AHT-a amaitzen duten arte, trenek gurutzatzen ez duten eskualde batean jaio nintzen. Badago trenbidea deitzen zaion bidegorri bat, baina hori bakarrik. Nerabezaroa autobusaren zain pasatzen da Debagoienean. Eta sekula izan ez dugun horren bila pasatzen omen dugu bizitza gizakiok, edo hori sinetsarazi digute gauzak saldu nahi dituztenek behintzat.

Autobusaren zain pasatu genuen guk ere nerabezaroa. 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioak ikusteko, autobusean zeharkatu genuen Gipuzkoa udazkeneko asteburu guztietan. Beasainera joateko hiru autobus, Oreretara joateko beste hiru, Azpeitira joateko beste hiru… Gurasoek ere eramaten gintuzten askotan, eta egin zituzten auto bidaia horiek guztiak klabeak izan ziren gure bertsozaletasuna eraikitzeko, baina erritualaren parte izaten ziren autobus bidaia horiek ere. Bederatzi urte pasatu dira eta heldu da guk horrenbeste animatzen genituen horiekin oholtza konpartituko dugun txapelketa. Ekarriko dizkigu pozak eta penak. Beti bezala. Denak bezala.

Sekulako zaparrada

Baina hasi aurretik eman zigun poz bat guri (pluralean ari naiz testu honekin identifikatuta sentituko den pertsonaren bat edo beste badagoela uste dudalako): txapelketaren aurkezpena gure jaioterrian, Eskoriatzan, egin zen, Apotzaga auzoan. Poza eman zidan berri horrek: umetan askotan joaten ginen bertara, aitak eramaten gintuen. Eta ez dakit, neure baitarako erritual txiki bat egiteko aitzakia eman zidan egoerak. Poza ez zidan horrek bakarrik eman, noski. Inportantea iruditzen zait espazio hori aldarrikatzea, Almeneko bertso-eskolaren sorreratik mende erdia igaro den honetan zentzuzko erabakia iruditu zitzaidan; beharrezkoa ere bai. Gurean ere bada itzalpean lan handia egindako jendea. Behin eta berriz omentzeko modukoa.

Ez dut ukatuko gure herrian horrenbeste bertsolarirekin egotea arraroa egin ez zitzaidanik, baina ilusioa ere egin zidan. Beti izan dugu leku guztietatik urruti gaudelako sentsazioa, besteen herriak gure herritik gurea haienetik bezain urruti egongo ez balira bezala. Besteek gure herrira etortzeko hiru autobus edo gutxienez tren bat eta bi autobus hartu beharko ez balituzte bezala.

Aurtengo txapelketako saioetara trenean joaten ahaleginduko naiz, bidea erromantizatzeak eta, batez ere, ez zorabiatzeak bidea erraztuko didatelakoan. Ea ez gaituen aldiro euri zaparradak harrapatzen.

Sekulako zaparrada  Sekulako zaparrada