Haritz Mujika
Haritz Mujika

2024-09-13

Hasiera bat edo

Hasiera bat edo –

Andoainen hasi zen 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Euria goian-behean. G Puntua jo-mugan, “Mantxi”, Ane Labaka eta Amaia Agirre aritu ziren kantuan, besteak-beste, txapelketa haren prologoan. Izan ere, txapelketako lehen saioak dezente izaten du erlojupekotik. Norbera bere buruaren kontra, gorputza uzkurtuta, kontra datorren haizeari iskin egin eta alde datorrena aprobetxatu nahian.

2015ean, Beasainen izan zen txapelketako lehen saioa. Irailaren 20an, Usurbe antzokian. Eguraldi ederra zegoen kanpoan baina areto bete jende geneukan sei bertsolariok aurrean. Ez dakit barru-beteta aterako ziren denak ala ez, baina gogotik ahalegindu ginen oholtza gainean geundenok. Jon Maiak irabazi zuen saioa eta Ane Labakak egin zuen bigarren. Labakari bezalaxe, lehen saioan aritzea tokatu zitzaion “Mantxi”ri  ere 2015ean, eta nik huraxe izan nuen nire Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa.

Hasiera bat edo

Oteizak hamahiru apostolu bertsotan jarri zituen Arantzazuren magalean eman zitzaion hasiera 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, Oñatin. Eguraldi ederrarekin, orduan ere. Amaia Iturriotz, Andoni Mujika, Aratz Igartzabal, Felix Zubia, Maider Arregi eta seiok aritu ginen jardunean. Zortziko handia, txikia, puntu-erantzunak, hamarreko txikia eta bakarka hiruna bertso. Gauza batzuk apenas aldatzen diren eta hobe horrela, akaso. Niri, ordea, majo aldatu zitzaidan aldartea 2015eko lehen saio hartatik 2019ko lehen saio hartara. Eta hobe horrela, hori seguru.

2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, berriz, gaur hasiko da, Urretxun; irailak 14 dituenean, 2019ko txapelketa hasi zen bezala. Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga, Mikel Iturriotz eta Unai Mendizabal ariko dira kantuan. Hauxe izango da hasiera batzuentzat. Jarraipena, berriz, udaberritik datozenentzat. Ia inorentzat ez lehen aldia, baina, aldi berean, denentzat eta denontzat. Ea nork jotzen duen G puntua parean.

Bukatzeko aipatu, azken lau txapelketatako webguneetan kuxkuxean ibili ostean jabetu naizela 2011ko txapelketako gai-jartzaile taldean zeuden Iban Narbaiza, Iker Iriarte, Ion Zaldua, eta Saroi Jauregi hor daudela oraindik 2024koan ere. Ez berdin-berdin, baina tira, oraindik hor. Gauza batzuk apenas aldatzen diren eta hobe horrela, akaso.

Hasiera bat edo