Tresna da Xilaba
Askori plazarako bidea argitu digun lanpara izan da Taldekako Xilaba. Irailaren 22an Ozazen hasi eta azaroaren 18an Aiherran bukatu den txapelketa honek koadro batean enmarkatzeko moduko oholtzak eskaini dizkigu. Terapia.
Tresna da Xilaba –
Bi hilabete horietako bertso saioek kolore ugariz tindatu dute koadro zabal hau. Izan ere, Taldekako Xilaban partaide izatea da antolatzaile, epaile, gai jartzaile edo bertsolari izatea. Zeregin desberdin horiek deskubritzea, zalantzarik gabe, aberasgarria izan da, baina ez da beti erraza izan. Lan horietatik beharbada konplexuena epaile lana izan da, epaitzeko baliatzen diren irizpide guztiak ondo ezagutzen ez dituzun neurrian, baina besteen lana ebaluatu behar baita. Eginkizun goxoenetan, aldiz, talde bakoitzak bere hautuko herrian saio baten ardura hartzearena dugu. Esperientzia polita izan da antolaketan aritzea, promozioa egitea, bertso eskolako haurrak kantatzera ekartzea, eta gure inguruko jendea hurbiltzen zela ikustea.
Aniztasun hori taldeen nortasunean ere ikusi da: Eskukula, Ipiñitzeko bertsuak, Hiru kasko, Hazparke, Lizaieta, Kakoiak, Ez dok bost, Zizpa txispa eta Muttikoak ez zuten deus ikustekorik bata bestearekin, baina denek haien lekua bazuten. Puntu bateraino, non partaideen artean txapelketan ez diren soilik Iparraldeko probintziak jokoan sartu, hau da, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, baizik eta Nafarroa Garaia eta Bizkaia ere beso zabalik hartu direla.
Taldeak bai pertsonal mailan zein bertsolari bezala hazteko aukera paregabea ematen du, taldekideen artean sorturiko loturek babes sare estua ehunduz. Haiekin oholtzak eta bertso eskolak partekatzeak “bertsolari” bezala haztea ahalbidetzen du. Izan ere, bikaina da hain ideia eta teknika onak dituen jendearengandik aholkuak jasotzea eta akatsetatik ikastea. Taldekideen artean sortzen den harreman hurbilak taldea bera sendotzen laguntzen du, norberaren sentsazioak adierazteko konfiantza eta askatasuna ematen, eta hori asko eskertzen da horrelako txapelketa batean. Lehiaketa batean sortzen diren gorabeheretan elkar babesten laguntzen du. Izan ere, taldeka izateak, espazio seguruago bat sortzen du, bai talde bakoitzaren barruan eta bai oholtza gainean, orokorrean. Normalean, bakarka aritzean amilduz gero, ez duzu nork altxatu; baina taldekakoa izanki, eroriz gero, altxatzen lagunduko zaituzten kideak dituzu alboan. Eta babes hori beharrezkoa da plazan lehen pausoak ematen ari garenontzat, geure buruarengan konfiantza irabazteko. Horrek guztiak ibilbide honetan aurrera jarraitzeko gogoa besterik ez du ematen.
Hala ere, Xilabaren formatu honen helburuetako bat elkartasunak taldearen mugak gainditzean datza, lehiakideari ere entzutea. Horren adierazgarri asko eta asko ditugu, baina azpimarratzeko bat finalean bizitzeko aukera izan genuena da. Saio hartan, Irantzu Idoatek bere bakarkakoan hasitako istorio hunkigarriari Irati Alcantarillak jarraibidea eman zion, elkarren artean istorio bakar bat josiz, eta erakutsiz, txapelketa baten koadroan ere, elkar entzuteko eta osatzeko gai garela, tentsio eta zailtasun guztien gainetik.
Irantzuren bakarkako azken bertsoa, “Muga zeharkatu duzu eta ez duzu gibelera behatu” gaiari kantatuz:
Pasatutako dena ta gero
ibaia ote da traba?
Nahiz zeharkatu eta barnetik
sentitzen dudan dardara
Oino bidea luzea dugu
ez dut galduko parada
Ta puntaraino luza dezadan
oino dudan begirada
Nahiz ta atzetik sumatzen dudan
hortxe polizi ilara
Eta korrika hasi beharko
itzalik agertzen bada
Iratiren erantzunaren azken bertsoa, “Gaur ere ezin izan diozu atea ireki” gaiari kantatuz:
Eskuak dardarka zeuzkan
ta zebilen bixi-bixi
Bere lagunak atzetik
botaz hamaika irrintzi
Zabaldu nezakeen baina
badaezpada nuen itxi
Krisi asko daude baina
mundu honetan ze krisi
Eta ez diot kasurik
egin haren hainbat hitzi
Eta itsasotik joan da
berak nahi baitzuen bizi
Iritsi zitekeen baina
ez zen sekula iritsi
Azken bertso horrek adierazten duen bezala Taldekako Xilabako gaiak ez dira soilik jostariak izan, seriotasunetik ere hartu dute, eta bertsoaldi askok ezarri dizkigute malkoak begietan amiltzear. Bakarkako hunkigarrien artean Haira Aizpurua Ibargaraik Azkaineko finalerdian kantatutakoa dugu “lehen etsaia zenuen, baina orain, dena aldatu da” gaiari erantzunez:
Guztiek deitzen zaituzte hara
amargatua ta zaharra
Baina jendeak badu histori
handi hori entzun beharra
Orain ulertzen ditut zimurrak
ta karaktere zakarra
Zure ondoan kafe bat hartu
hori da nahi den bakarra
Goizero duzu orain nirekin
abegia irriparra
Zure ondoan idatzi nahi dut
etorkizuna biharra
Espero ukanen dudala noizbait
zuk ukan duzun indarra
Bestalde, gure sustraiek eta oinarriek ere haien lekua izan dute bertsolarien ahotan, Aitor Servierren Muskildiko finalerdiko “hor duzu zure aitzinean, baina ez zara gehiago segur soinean jantzi nahi duzun” gaiari kantatutako bakarkakoa, esaterako. Bertan, gure ospakizunak eta horietan parte hartzeak ekartzen dituzten ardurak jasotzen ditu, Pastoral batean parte hartzeak dakartzan ardurei eta poztasunei helduz:
Autoestima faltan dut eta
autokritika zorrotza
Arranguraz barne botza
Urtarrileko igande goiza
kanpo zein barnean hotza
Bizkaialdeko turista batzuk
eta publiko arrotza
Dena aterako da ontsa
ta nitaz harro izaten ahalko
denez herritar bakoitza
Nik biak dantzan izanen ditut
zaldia eta bihotza
Lehen aipatu bezala, kanporaketako saio bakoitza talde desberdin batek antolatu du. Aldi oro, saioa talde baten “etxean” izanki, talde horren hurbileko jendea gerturatu da, eta horrek bertsozaleak eta berez zale ez direnak elkartzeko aukera eman du. Eta, agian, horrek lagundu du bertsolaritzaren aldeko grina zabaltzen. Horren adierazgarri, lehiaketan zehar jasotako zenbait iritzi. Horien artean kanporaketak jolasgarriagoak izanki, entzuten errazagoak izan ziren, saioak ez ziren luze egiten eta horrek baikorki eragin omen du zaleak ez diren entzuleengan.
Gainera, kanporaketetan, inguruko bertso eskoletako haurrak kantatzera animatu dira. Bertso eskoletako haurrentzat garrantzitsua da haien lehen mikro hartzea giro goxo batean izatea, eta nolabait lortu dela dirudi. Horrez gain, alde batetik, Iparraldeko bertsolari erreferenteak haiengandik horren hurbil ikustea garrantzitsua izan da, irisgarriak direla ikusteko. Bai eta bertsoak ez duela zertan izan ematen duena bezain seriosa, eta bertsolarien artean maila ezberdinak daudela. Bestetik, Iparraldean bertsolaritzak bizirik dirauela erakusteko parada ere izan da, usu hedabideek Hegoaldeko bertso mundurantz zuzentzen baitituzte euren fokoak, Iparraldean itzal handi bat sortuz. Beraz, Taldekako Xilaba periferiari hitza emateko aukera izan da.
Plazan hasi berri den bertsolari gazte baten ikuspegitik, taldekakoa aukera ezin hobea izan da norbere burua hobeto ezagutzeko eta jada plazan trebatuak diren bertsolariez ikasteko. Saioen prestaketan, taldekideen laguntzarekin, geure gaitasunak garatzeko aukera izan dugu, eta oholtzaren gainean, gure beldurrak gainditu eta eman genezakeena erakusten saiatu gara. Eta Bakarkako Xilaban beren burua ikusten ez dutenentzat giro lasaiago eta beharbada erosoago batean kantatzeko aukera ere izan da. Erosotasun horrek alde batetik kanporaketen formatu jolasgarriagoarekin zerikusia izan du. Bide batez formatu honek seguruenik gozagarriago egin ditu saioak entzule, bertsolari eta gehienbat berez bertsozale ez direnentzat ere.
Baina erosotasuna bilatu eta sustatu arren, txapelketa txapelketa da. Finalerdietan, bai Muskildin eta bai Azkainen, jada ariketen aldetik maila igo zela ikusi zen eta presioa harekin batera areagotu zen. Eta presioa finala iritsi ahala handitu zen, halako saio batek suposatzen duen mediatizazio guztia tarteko. Koadro horrek bertsolariok gure onena ematera bultzatu gaitu, gure gaitasun eta mugez jabetuz, eta gai ginen hori erakutsiz. Beraz, ez du soilik txapelketak, saioz saio bilakaera bat jasan, guk denok ere bizi izan dugu eboluzio bat gure baitan.
Txapelketa bukatu eta, uste dut denen izenean esan dezakedala, ohartu garela txapelaz gain elkarrekin egin dugun bidea izan dela gure sari nagusia: taldekideen arteko bertso eskolak, agurren prestaketa, agurra bera kantatzea, beste taldeetako kideekin oholtzan gozatzea, saioaren ondorengo poteak, brunch edo askariak, elkarri gaiak jartzea, urduritasun eta ziurgabetasunak leuntzeko besarkadak… Bide malkartsua izan da, bai, baina ez dago zuzena den biderik, eta, azken finean, eraiki ditugun zubiak dira bide honetako etapa garrantzitsuenak.
Taldekakoan lehia izan ez zenik esatea inozenteegia litzateke, ez baitago lehia gabeko txapelketarik, baina nahiz eta beti erraza izan ez den, lehia sanoa sustatzen saiatu garela esan daiteke. Hori izan dela gure zerumuga. Azken finean, hiru hilabeteko konbibentzia bat ere izan baita eta bidean ohartu gara hori zela txapelketa hau ongi burutzeko modu bakarra. Lehia sano bat, oholtza leku seguru eta eroso bihurtzea aldarrikatzen zuena.
Muttikoen finalerdietako hasierako agurraren amaierak aipatutakoa ondo jasotzen duela iruditzen zait:
Koadroa eta lanpara
Biluzik gatoz oholtzara
jolasaren ta terapiaren
arteko mugara
Zuek zarete gu gara
Eta bestela zer da ba?
Ongi erabiltzen jakin behar den
tresna da Xilaba