Maddi Sarasua - Gedarraren norantza

Gedarraren norantza –

Maddi Sarasua, BERRIAn.

Gedarraren norantza
Arg: Erran

Maddi Sarasua Laskarai. Itsasun (Lapurdi) jaioa, 1995. urtean. 11 urterekin hasi zen bertso eskolan, Uztaritzeko ikastolan. Birritan irabazi zuen Iparraldeko Eskolarteko txapelketa, eta beste behin Euskal Herrikoa. 2012ko Xilaba Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen, eta 2013an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan Nagusian izan zen lehenengoz, bertsolari gazteena izanik. Biharraren hegietan (Maiatz) olerki liburua argitaratu du aurten.

 

Doinua: Kantatzera niazu

 

 

 

 

Kontrol neurriak, NATO,

gerra isileko…

ez ote duzue nahi

erronka bideko

gazteria heztea

borrokan kideko

injustua denari

aurka egiteko?

 

 

Bartzelonan, Frantzian,

Europan denera,

gaitasunean hazi

boterean heda,

noizbait irits gaitezen

egituratzera

haien boterearen

eskala berera.

 

 

Lanetik bota nahi nau,

nagusi ustela!

Eskerrak erantzuten

lagundu nautela.

Protestan zenbat jende,

nik masail umela:

senditzen dut borrokak

merezi duela.

 

 

Eraldatuz kultura

eta balorea

bilkuretan, kalean

grinez adorea

elkartasuna dugu

jardute kodea

lortu baitezakegu

denentzat hobea.

 

 

Zenbat jendek jabea

daukan erasoka.

Bakarrik ez, batera

tenkatzean soka,

zer zorion sendituz

indarra txaloka

guri esker etxetik

ez dutela bota.

 

 

Behar dugu teilatu

behar dugu horma

norberak ahal duena

ematea norma

hau da gure iraultza

eta erreforma

eraiki nahi genuken

sistemaren forma.

 

 

Norbait menpe hartzea

posible ez dena

norbere zoriona

bezainbat bestena

eratze bide bat da

sozialistena

kapitalak gidatzen 

ez duen sistema.

 

 

Nahiz eta den bide bat

belaunaldiena

ez al da norabide hau

egokiena

sor dadin bizi forma

on bat guztiena

elkar zapaldu ordez

zaintzen dakiena?

Gedarraren norantza