Onintza Enbeita
Onintza Enbeita

2024-08-16

Uda eta prekarietatea

Uda eta prekarietatea –

Uda eta prekarietatea

Saio asko izango dituzu orain udan. Ba al zabiltza batere bertsotan? Herri guztietan ikusten dut badela bertso saioren bat. Zuk jarraitzen duzu bertsotan ala utzi zenuen? Gure herrira beti halako eta halako etortzen dira. Behin San Juanak ezkero, herri guztietan dira jaiak. Negurako ondo etorriko zaizue udan saio asko egitea. Horrela hasten dira udako elkarrizketa asko; batez ere, bertsotara goazen lekuetan. Eta egia da: udan bertso saio asko izaten dira. Mota askotakoak eta asko. Jaialdiak, jatorduak, musikatuak, bereziak eta marroiak. Denetik izaten du udarak. Neguak ere bai seguruenetik, baina udan oso denbora gutxian gertatzen da dena. Eta zu kantuan ari zinela eraikin ofizial batetik suziriak botatzen hasi zirela liseritu ez duzunean, barraken soinua entzuten duzu beste herri batean, tonbola agertokian balego bezala. Eta hara goiko ermitara joan zara eguerdirako, eta 14:00etan oraindik kantuan hasi gabe zaudete, eta beheko plazan inorentzat ari zarete jo eta su errimatzen. Hori da gure uda: saio asko, baina prekarietate asko. Jaialdiaei panikoa izatetik, udari beldurra hartzera pasa liteke bat zenbait egoeraren aurrean. Inoiz ez dakizu ziur goizean iristen zarenerako plaza garbia egongo den, ala oraindik bezperako botila eta txis usainaren gainean ekin beharko diozun lanari.  

Eta hala ere, gozatzen saiatzen gara eta gozatu egiten dugu. Hari batetik zintzilik, sortu beharko dugun hori zer izango den arrastorik gabe, aurkituko duguna zer izango den kalkulatu ezinik… beti ateratzen dira saioak. Eta askotan lekurik zailenetan saiorik ederrenak egiten ditugu. Ez dakit zer den engantxatzen gaituena: bat batekoaren adrenalina, kontrolatu ezin dugun inguru guzti hori, bertsokideak, publikoa, txaloak, antolatzaileekin harremanetan izatea… edo hori dena batera. Baina hemen gaude beste uda batez: barraka soinu, txozna, txaranga eta bolandera artean kantatzeko prest. Hemen haserretu eta han gozatu. Urritik aurrera etorriko denean pentsatu gabe, egia esan. Jendeak uste duenaren kontra, dagoenean bonbon egitea baino ez baitzaigu geratzen bizitza ere bat batekotasunaren hari meheari lotuta dugunoi.

Uda eta prekarietatea