Lehen Hezkuntzako ikasleengan bertsolaritzak duen eragina aztergai
Nafarroako bertsolaritza ikertzeko deialdia plazaratu zuen Bertsozale Elkarteak iragan apirilean, eta Asier Barandiaranek, Jon Martinek eta Xabat Illarregik aurkeztutako proiektua izan da hautatua.
Lehen Hezkuntzako ikasleengan bertsolaritzak duen eragina –
Bertsolaritza eskolan delako proiektua Nafarroan: Ikasleen konpetentzietan duen eragina proiektuak irabazi du ikerketa deialdia. Egileek 4.000 euroko laguntza jasoko dute, eta ikerketa lana 2025ko uztailaren 18rako bukatu beharko dute, beranduenez.
Saritu den ikerketa proiektuaren arabera, “bertsolaritzak Nafarroa Garaiko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleen garapen integralean duen eragina aztertu eta ebaluatu” nahi dute. Irakaskuntza-metodoak eta material didaktikoak gaur egungo hezkuntza-beharretara egokitzeko nola moldatu diren aztertuko dute. Bertsolaritzaren ikaskuntza-esperientzia osatzeko eta aberasteko tresna teknologikoak nola erabiltzen diren ere ikertuko dute.
Bertsolaritza irakasten duten irakasleen balorazio eta esperientziak bilduko dituztela adierazi dute egileek, baita bertsolaritza praktikatzen duten ikasleen eta gurasoen iritziak ere. Ikuspegi guzti horiek baliatuta, Lehen Hezkuntzan bertsolaritza irakastearekin lotutako onurak zein erronkak identifikatu nahi dituzte ikertzaileek.
Ikasleengan bertsolaritzaren aurrerapena eta onurak neurtzeko erabiltzen diren ebaluazio-metodoak ere aztertuko dituzte Barandiaranek, Martinek eta Illarregik, Nafarroa Garaiko Lehen Hezkuntzako eskoletako bertsolaritzaren ebaluazio integrala eskainiz.
Iaz saritutako ikerketa proiektua, plazaratzear dago. Hiztun berriak eta ez hain berriak Nafarroako bertso eskoletan izan zen saritutako egitasmoa; Miren Artetxe, Ekhiñe Zapiain eta Naroa Burreso aritu dira lanean.