"Nondik eta zeri ari gatzaizkio" jardunaldiek emandakoa
Uztailaren 4etan eta 5ean izan zen ikastaroa. 50 lagun elkartu ziren jardunaldietan bertsoaren inguruko gaietaz hausnartzeko.
Jexux Mari Irazu Muñoa izan zen bigarren eguneko lehen hizlaria, eta libreko bertsogintza izan zuen hizpide. Bere mugez eta aukerez hausnartu eta azaldu zuen, libreko bertsogintzan ere, ikastaroaren izenari keinu eginez, nork eta zeri kantatzen dion eragina duela.
Gai-jartzaile autoreari buruz aritu ziren Alaia Martin Etxebeste bertsolaria eta Imanol Artola Arretxe gai-jartzailea. Biak ados egon ziren gai-jartzailea bera ere autorea dela eta bere ikusgaitasun eza plazaratu zuten.
Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaio? Galdera horri erantzun zioten Aitor Bizkarra Ruiz eta Oihana Iguaran Barandiaranek.
Oihane Perea Perez de Mendiolak lanean jarri zituen bertaratutakoak: bertso eskoletan forma lantzeko egiten direnen zerrenda eginarazi zien, batetik, eta formatik haratagokoa, bestetik.
Beñat Gaztelumendi Arandia izan zen azken hizlaria, eta bertso eskolei buruz zen. Bertsolariek kantatu aurretik edo kantatzen ari diren bitartean hartzen dituzten erabakiek diskurtsoarengan eragiten diotela adierazi zuen, eta bertsoan eragiten duten elementuez egin zuen gogoeta.