2024-07-03
Bertsoa? Zertarako?
Zertarako –
Zerbaiterako balio ez duen ezerk ez du irauten. Gizakiak denari etekina atera behar dio, bestela, ez du behar. Etekina ekonomikoa izan daiteke, baita materiala, gutxi batzuetan kulturala. Askotan galdetu diot nire buruari: Hori hala izanik, bertsoak zertarako balio dio egungo gizakiari? Zer eskaintzen dio herriko festetan, eskoletan, urteurrenetan, hiletetan, ospakizunetan, (pixka bat)
telebistan presente egon dadin? Bertsolaritza ez da bizi gutxi batzuk aberasten direlako saioak edo txapelketak antolatuta.
Bertsolaritza ezinbestean hizkuntzarekin hertsiki loturik dago, eta neurri batean paraleloki irakur daiteke biek izan duten garapena. Lehen, hizkuntza eta ahozkotasuna kalean zeuden garaian, bertsolariak nonahi zeuden; tabernetan aurki zitezkeen, baserrietan, etxeetan… Zenbat aldiz entzun dugun: “Gure amonak bertsoak kantatzen zizkigun”. Ondoren, euskara bezala, eremu
informaletatik formalagoetara igaro da eta eremu gehiagotara ere iritsi da bide ezberdinetatik (bertso eskoletatik, hezkuntzatik…). Biek dute zerbait berezia, eta bien artean sortzen den jolas horrek badauka zerbait, hitzez azal ez litekeena baina gertutik bizi dugun denok zer den badakiguna. Magia? Izan liteke.
Bertsoaren bidez hitzekin iritsiko ez zaren lekuetara iristen zara. Xebastiani entzun nion behin, elkarrizketaren batean edo izango zen eta gutxi gorabehera honela zioen: “Hileta batean, apaizak hitz egiten duenean hildakoaren gertukoek negar egiten dute. Negar egiten dute hildakoarengatik, ez apaizak dioenagatik. Ondoren, bertsoa botatzen duzu eta jende asko negarrez hasten da.” Ezin hobea iruditu zitzaidan.
Bertsolaritza klaseak ematen egon naizen eskoletan ere argi geratu zait bertsoak funtzio bat betetzen duela. Kurtso bukaeran, batez ere, bertso asko eskatu dizkidate: Irakasleren bat jubilatzen delako, ikasleekin kurtso bukaerako jaialdian abesteko, norbait omentzeko, eskolatik doazen 6. mailako ikasleei eskaintzeko… Hortxe ulertu dut kurtso osoan egindako lanak daukan zentzua. Bertsoa badela zerbaitetarako, baduela eragin bat. Hitzez esan zezaketena bertso bidez esatea aukeratu dute. Zergatik?
Etekin ekonomiko eta material handirik ez, baina bai beste hainbat motatakoa. Bakarra da bertsoak sentiarazten dizun sentipena: Irria, tristura, emozioa… Txapelketak, jaialdi handiak eta abar oso garrantzitsuak dira, noski. Baina bertsoak bere xumean badu funtzio sozial, kultural eta komunikatzailea. Hori galduko balu, nekez eutsiko lioke gaur egun duen indarrari. Bertsoa adierazpide
bat den heinean, erabili dezagun horretarako ere. Bertsoa? Zertarako? Galdera hori egiten diguten aldiro badugu zer erantzun.